GARA > Idatzia > Kultura

Amy Winehouse abeslariak Europako bira bertan behera utziko du Bilbora etorri bitartean

Amy Winehouse abeslariak Europan zeharreko bira bertan behera uztea erabaki du Belgraden izandako emanaldiaren ondoren. Hala ere, Bilboko BBK Live jaialdirako itzuliko dela azaldu du bozeramaile batek.

p041_f01_096x108.jpg

M. LARRINAGA | LEKUA

Amy Winehouse soul abeslari britainiarrak Europan zehar egiten ari zen bira bertan behera uztea erabaki du Belgraden izandako kontzertuaren ondoren, baina, antza, Bilbon hitzartuta zuen emanaldirako berrekingo dio, datorren uztailaren 8an alegia.

Edari alkoholdunak kontsumitzea galarazita zuen arren, itxura denez, Belgraden mozkorrik atera zen oholtzara eta ez zuen kontzertua behar bezala eman. Orain bi aste amaitu zuen Londresen alkoholarekiko mendekotasuna gainditzeko programa, baina, dirudienez, Belgradeko emanaldian, 90 minutuko saioan, ez zen abesti bakar bat ere kantatzeko gauza izan. Bertako ikusleek azaldu zutenez, zezelka egiten zuen.

Abeslariaren bozeramaile batek azaldu zuenez, Winehouse-ek barkamena eskatu nahi izan die bere jarraitzaileei eta «egin behar dena dela sentitzen» duela esan zuen. Hala, etxera itzuliko dela jakinarazi zuen, «egun, dena emateko gaitasunik ez» duela aitortuta.

BBC telebista kateak atzo jakitera eman zuenez, Belgradeko kontzertura joan ziren ikusleek 45 euro ordaindu zuten kontzertua ikusteko, sarrera garesti samarra, Serbian batez beste Europako soldata txikienetakoak dituztela kontuan izanda.

Ez da Winehouse-i buruz horrelako berri bat agertzen den lehen aldia. Egunkari britainiarrek sarritan atera baitute emanaldietan mozkor itxura zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo