ICANN ERAKUNDEAK DOMEINU BERRIAK ONARTUKO DITU
2013tik aurrera «.eus» domeinua erabili ahal izateko eskaera abian da
ICANNek, Internet helbideak eta domeinuak kudeatzen dituen erakundeak, zazpi urteko eztabaidaren ondoren, hizkuntza eta idazkera ezberdinetako domeinuak eskatzeko aukera onartu duela jakinarazi zuen atzo, Singapurren egindako bileraren ondotik. Sarean euskara eta euskal kulturaren presentzia indartzea helburu duen PuntuEus elkarteak hiru urte zeramatzan albiste honen zain eta dagoeneko hasi dira 2012ko urtarrilerako eskaera osatzeko lanean.
Ane ARRUTI | BILBO
«Gaurko erabakiak Interneteko aro berri baten hasiera iragartzen du», esan zuen Peter Dengate Thrushek, ICANNen zuzendaritza mahaiko lehendakariak. Izan ere, zazpi urte iraun duen eztabaidaren ondoren, domeinuen historian lehen aldiz, hizkuntza eta idazkera ezberdinak onartuko dira sarean. Beste modu batean esanda, «.cocacola» edo «.google» bukaerak posible izango dira hemendik aurrera, baita, esaterako, txineraz edo arabieraz idatzitako bukaerek ere, eta, euskara eta euskal kultura Interneten zabaltzeko asmoz jaio zen «.eus» domeinuak ere izango du sarean izateko aukera .
«PuntuEus elkartea albiste honen zain egon da jaio zen egunetik», azaldu zuen atzo hiru urtetik gora lanean daramatzan elkarteak. Orain arte egindako lanak badu data jakin bat, helburu konkretu bat, eta eskaeraren baldintzak zehazteari ekingo diote urtarrila bitartean.
Elkarteek, erakundeek, gobernuek, fundazioek, enpresek... eskatu ahal izango dute euren domeinua. ICANNek uztailaren erdialdean ezagutaraziko du Applicant Guidebook edo eskaera baldintzen gidaliburua eta, horren ondoren, prozesu honen irekieraren berri emateko, mundu mailako komunikazio kanpaina jarriko dute martxan. Eskaerak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 12an hasi eta apirilaren 12ra arte egongo da zabalik eta, 2013rako, onartutako domeinuak sarean egotea espero dute.
Hizkuntza komunitateak
2004an zabaldu zuen ICANNek azken aldiz domeinuak aurkezteko aukera. Orduan, komunitateentzat bakarrik izan zen, ez baitzuten gainerakoan ados jartzerik lortu, eta kataluniarren «.cat» onartu zuten, esaterako. «Ez genekien domeinu bat hizkuntza eta kultura batena izan zitekeenik eta, katalanek zentzu hori eman ziotenean, orduan esnatu ginen gainerakook», azaldu zuen PuntuEus-eko Iratxe Esnaolak. Euskararen sustapena helburu duen domeinua da «.eus» eta, eskaera onartuz gero, «eduki minimo bat euskaraz duen enpresa edo pertsona indibidualek» erabili ahalko dute.
Aukera hau zabaltzeko eztabaidan, hainbat arazo izan dituzte ICANNen: hainbeste domeinu gehitzeak segurtasun aldetik zer ekarriko lukeen, markak eta euren babesa, jabetza intelektuala, herrialde bakoitzak daukan patenteen legedia ezberdina... «Horregatik da hain garrantzitsua erabaki hau, hori guztia gainditu delako».
Eskaerak aurkezteko, batetik 185.000 dolar (130.000 euro inguru) ordaindu beharko dira eta, bestalde, eskaerak bideragarritasun ekonomiko nahiz teknikoa duela egiaztatu beharko da. Elkarteak, gainera, domeinuaren atzean dagoen euskal komunitateak benetan desio duela erakusteko, atxikimenduak aurkeztuko ditu.