ICANN ERAKUNDEAK DOMEINU BERRIAK ONARTUKO DITU
«Ezinbestekoa dugu euskal kultur komunitatearen babesa»
2009ko urtarrilean sortu zen PuntuEus elkartea eta, geroztik, domeinua lortzeko lanean aritu dira. Epeak ezagututa, azken txanpan sartu dira orain.
Zer esan nahi du erabaki honek PuntuEus elkartearentzat?
Hasieratik zain geunden albistea zen, ez genekien noiz eskatu ahal izango genuen domeinua. Guretzat esan nahi du proiektua martxan jartzeko epea badatorrela, hau da, domeinua benetan eskatu ahal izatekoa eta domeinua gure esku artean izatekoa. Gure jaiotzaren funtsa betetzen ari da, bitartean zain geunden.
Hiru urte pasa dira elkartearen sorreratik. Etxeko lanak eginda dituzue?
Data ezagutu gabe, aurretik egin zitezkeen lanak eginda ditugu. Baina lan asko zeuden data horren menpe eta, beraz, orain azkenengo hilabete hauetan, baldintzatuta zeuden lanak egitea tokatzen zaigu.
Denbora tarte honetan 60 erakundek baino gehiagok egin du bat PuntuEus elkartearekin eta 26.500dik gora norbanakoren atxikimenduak jaso dituzue webgunean. Zertarako balioko du honek?
Garrantzitsua da orain arteko lanarekin jarraitzea, berriro aktibatu behar dugu eta ezinbestekoa dugu euskara eta euskal kulturaren komunitatearen babesa, erakutsi egin behar dugu. Zenbat eta babes handiagoa, orduan eta hobeto. PuntuEus elkarteak ere, hasieran hamaika elkarte zituen, baina zabalduz joan gara eta dagoeneko 60 gara. Bada modu bat esateko, «26.500 pertsonak, webgunearen bitartez -eta horren bitartez Interneten erabilera frogatzen dugu-, beren babesa eman digute; jende horrek nahi du `.eus' domeinua». A.A.