GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erregai isurketa baten simulakroa egin zuten Getxoko Ereaga hondartzan

Udaberriko azken egunean, Getxoko Ereaga hondartza jendez gainezka zegoela, Bizkaiko Aldundiak erregai orban bati aurre egiteko simulazioa egin zuen, egunaz gozatzen zirenen begiradapean. Erabiltzaileei kalitatea eta segurtasuna bermatzeko egiten dira ekimenok.

p014_f02.jpg

GARA

Eguzkiak gogoz jo zuen atzo eta hondartzak jendez leporaino zeuden, baita Getxoko Ereagakoa ere. Hala, jendea uretan edo hondarretan zen bitartean, 70 lagun inguru bildu ziren, jatorri ezezaguneko erregai orban bati aurre egiteko protokoloaren simulakroa egiteko. Jarduera horren bitartez, Larrialdiei Aurre Egiteko Sistema jarri zuten abian, baita hori hobetzeko neurriak ere, hala egitea beharrezkoa izango balitz. Hainbat erakundek parte hartu zuen ekimenean: Ertzaintzak, Helikopteroen Unitateak, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak, Getxoko Udalak eta Lakuaren Osasun Publikoak.

Bizkaiko Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak ohartarazi eta gorabeherari buruzko oinarrizko datuak bilduta, SOS-Deiak zerbitzuak larrialdi mota horri aurre egiteko behar den antolamendu zehatza abiarazi zuen.

Aipatutako bitartekoak baliatuta, gezurrezko ezbeharra mendean hartzeko lanei ekin zieten. Lehenik eta behin, Ertzaintzaren Helikopteroen Unitatea laster batean bertaratu zen, orbanaren eragina begiztatzeko eta hondartzan eta itsasoan noraino hedatzen zen bertatik bertara ikusteko. Halaber, jatorria zein izan zitekeen argitzen saiatu ziren.

Isurketa kutsatzailea kokatu ondoren, sorosleek balizak jarri zituzten itsasoan. Bitartean, Osasun Publikoko teknikariek isurketak hondartzan zen jendeari kalterik eragin zien ala ez ebaluatu zuten, inor ondoezik zegoen egiaztatzeko.

Jakin-mina piztu zuen saioak eta bertan zen jendearen begiradapean, azkenik, garbiketa zerbitzuek isurketa kutsatzailea mendean hartzea lortu zuten, baita kaltea jasan zuen gunea garbitzea eta tratatzea ere.

Kalitate ziurtagiria

Simulakroak egin beharra du Aldundiak, 14001:2004 arauak hala aginduta.

Aldundiko Ingurumen Sailak, Lakuako Osasun Sailak eta udalek hondartzak kudeatzeko sistema integratua dute, hiritarrei ingurumena errespetatzen duen kalitateko zerbitzua ematen zaiela bermatzen duena.

Orain arte, honako hondartza hauek eskuratu dituzte kalitatearen ISO-9001 eta ingurumenaren ISO-14001 egiaztagiriak: Isuntza, Ogella, Arrietara-Atxabiribil, La Arena, Bakio, Laida, Laga, Karraspio, Plentzia, Arrigorri, Ereaga, Arrigunaga eta Aritzatxu. Gainera, Bakioko hondartzak EMAS Europako ingurumen egiaztagiria ere lortu du.

zabor poltsak

Erregai arrastoak irudikatzen zituzten zabor poltsa beltzak atera zituzten itsasotik hondarretara. Arriskuaz ohartarazteko eremua zigilatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo