GARA > Idatzia > Mundua

Pilotuen akats bati egotzi diote Errusian 44 hildako eragin dituen hegazkin istripua

p022_f01_148X108.jpg

GARA |

Askok duda gisa planteatzen zuten hipotesia ziurtzat jo zuen atzo Errusiako lehen ministrorde Sergei Ivanovek, herrialdearen ipar-ekialdean izandako hegazkin istripuaren kausa pilotuen akats bat izan zela azpimarratu baitzuen. «Hasierako datuek argi esaten digute pilotuen akatsen bat egon zela. Baldintza meteorologiko kaskarretan, eskuinerantz egin zuten bira, eta, lurreratzeko pista aurkitzen saiatu ziren arren, argi dago ez zutela lortu», azaldu zuen -Petrozavodsk hiriko aireportuan lurreratzear zela izan zuen ezbeharra hegazkinak-.

Alabaina, klimatologia baldintzak batere onak ez zirela aintzat hartuta, asko dira agintariaren iritziarekin bat egin ez dutenak; Aleksei Kuzmitski Petrozavodskeko aireportuko zuzendaria bera da, hain zuzen ere, horietako bat, lurreratzeko garaian laino trinkoa zegoela azpimarratu baitu. Istripua izan duen hegazkinaren jabe den Rusair konpainiak ere, tesi hori indartu nahi izan du, aireportuaren lurreratze pistako argi sistema une batez eten egin zela azpimarratu baitu. «Hegazkina egoera onean zegoen eta erregai aski zuen», segurtatu du konpainiak ohar batean.

Aireportuko zuzendariak lurreratze pistako argia itzali egin zela baieztatu du, baina hegazkinari egotzi dio horren errua: «Elektrizitate hariak aurretik eraman zituen oharkabean, eta bai, argia joan egin zen segundo batzuetan. Larrialdietako sorgailuek, ordea, berehala berrezarri zuten argia, nahiz eta pilotuentzat baliagarria ez izan».

Sortu diren teoria eta hipotesi guztiak kontutan izanda, Errusiako Abiazioko Estatu Batzordeak behar besteko arduraz jokatzea galdegin die ezbeharrean inplikatuta dauden aldeei. Batzordeak, bere aldetik, abiarazi du dagoeneko istripua zergatik gertatu zen argitzeko ikerketa.

44 hildako eta zortzi zauritu

Moskuko iturri ofizialek emandako informazioen arabera, 44 hildako eragin ditu Karelia probintziako Petrozavodsk hirian jazotako istripuak; artean, hori bai, ez dute gorpu guztiak identifikatzerik izan. DNA probak egin beharko dituzte horretarako, eta, hortaz, dezente luza liteke hildakoen nortasuna egiaztatzeko prozedura. Beste zortzi lagunek, berriz, bizirik irtetea lortu dute, tartean bi haur eta hegazkineko laguntzaile bat, nahiz eta zauri larriak dituzten. Ahal izanez gero, datozen egunetan Moskuko ospitaletara lekualdatuko dituzte beharrezko zainketa medikuak jaso ditzaten. Senideak hasierako unetan artatzeko, aldiz, bi krisi kabinete antolatu ditu Gobernuak, bata Domodedovon eta bestea Petrozavodsken.

Gaueko hamarrak pasata irten zen Moskuko Domodedovo aireportutik Tupolev 134 hegazkina, eta gauerdia pasata zen helmugara iristekoa. Haatik, artean baieztatzeke dauden kausak medio, lurrartze pistatik 700 metro eskasera dagoen errepide baten kontra egin zuen talka, fuselajea hainbat metrotan barreiatuz.

Atzokoa, iazko apirilean Smolenks hirian izandako hegazkin istripuarekin parekatu dute; Poloniako presidente Lech Kaczynski hil zen ezbehar horretan, baita berarekin zihoazen beste 95 pertsonak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo