GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Kontzeptua eta forma

Ez da ohikoa izaten hiru talde aurkezten dituen emanaldi batera joan eta hirurekin gozatzea. Larunbatean zorte hori izan nuen Kukai, Mursego eta Kalakan Bilboko Gau Zurian ikusiz (barkamena Goseri, laugarren partehartzailea, alde egin behar izan nuelako).

Ez naiz musikan ez dantzan aditua, entzule eta ikusle nauzue soilik. Hori, ordea, nire gaurko gogoetarako lagungarri da. Izan ere, Kukaik eta Mursegok nahiko proposamen kontzeptualak ekarri zizkiguten. Biek euren praktikaren inguruko hausnarketa egiten dute, ohi bezala instrumentu bakoitzak armoniaren sorkuntzan duen rola erakutsiz Mursegok, batetik, eta, bestetik, dantza proposamen eta filosofia desberdinei buruzkoa, Kukairen pieza berriak. Ikusi izan ditut aurretik asko preziatu ditudan Kukairen emanaldiak, euskal dantza momentu garaikide batera ekartzen dutenak, larunbatean Kalakan taldeak musikarekin egin zuen moduan; «Karrikan» proiektu honekin, aldiz, harago jo eta dantzaren esanahia, espresioa eta zentzua aztertzen dituzte.

Gehien piztu ninduena gogoeta horrek berarekin zekarren gozamen estetikoa izan zen, erdiesten zuten ikusleenganako hurbiltasuna. Filosofo edo aditu izan gabe, ulertu, pentsatu eta gozatu egin genuen bertan bildu ginenok. Iruditzen zait kontzeptuen gaineko ikerketa hunkitu dezaketen proposamen formalen bidez bideratzea gutxitan lortzen dela arte bisualetan, hori dela gaur egungo erronka nagusienetakoa. Askotan, izan ere, mespretxatzen ditugu edertasuna, gozamena eta antzeko espresioak. Larunbatean, aldiz, emanalditik aterata, konturatu nintzen sentsazio horien indarraz. Eta beste jardueretan faltan bota nituen.