GARA > Idatzia > Kultura

Filgi Claverie: «Dantza gizarteratzeko ekintzak behar dira»

Egoitza Donostian duen Dantzaz konpainiak ikuskizun berria estreinatuko du ostiralean Victoria Eugenia antzokian. «Arte-an» ikuskizunak hiru koreografia izango ditu eta gaur nahi duen orok ikusi ahal izango duen entsegua egingo dute 20.00etatik aurrera.
p043_f01_250x132.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Dantza arloan Euskal Herrian agertu den azken taldea da Dantzaz konpainia. Orain bost urte sortutako talde honek bere estiloa finkatu du, Itzik Galili, Eric Gauthier, Hilde Köch eta Jone San Martin artista europar ospetsuen parte-hartzeari esker. Oholtza gaineko eskarmentua sendotzeko plataforma eskaintzen die konpainia profesionalen batean sartu nahi duten dantzari gazteei, eta datorren ostiralean ikuskizun berria eskainiko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, «Arte-an» izenekoa. Gainera, dantza gizarteratze aldera, entsegu irekia egingo dute gaur antzokian 20.00etatik aurrera.

«Arte-an» ikuskizun berezia da, hiru koreografiak osatutakoa: Itzik Galili koreografo israeldar ospetsuaren «Earth apples» eta «Flash deluxe», Donostiako konpainiarentzat sortutakoa; eta Lukas Timulak eslovakiarraren «A place between».

«Goi mailako dantzaria izan da Lukas eta orain koreografo lanean ari da. Gaztea da, baina ibilbide interesgarria du dagoeneko. Eslovakiako ballet nazionalarentzat lan egin du, Suezian.... Gorantz doan koreografo gazte bat da», azaldu zuen konpainiako Filgi Claverie zuzendari nagusiak. «Galili duela hiru-lau urte ezagutu genuen, berarekin lan egin genuen `Earth Apple' izena duen koreografian. Lurretik datorren koreografia bat da. Aldi honetan sorkuntza berri bat egin du guretzat eta ohore handia da. Hark gurekin sorkuntza bat egiteak beste maila batera pasarazten gaitu gu. Ez da berdina sortuta dagoen koreografia bat egitea edo espresuki sortu den lan bat egitea».

Timulaken «A place between» dantza intimista gisa deskribatu zuen zuzendariak. Galilirenak ordea, sorkuntza arruntagoak dira, «dantzariek beren barnetik gauza asko atera behar dituzte». Zinez, ikaragarrizko energia eta indarra ateratzen da eszenatokitik. Kontraste horrekin jostatu nahi genuen».

Ikuskizunak «Arte-an» du izena, hitz joko bat: Arte-an tartean bezala ulertuta eta arte-an artearen barruan. «Artean baldin bagara, tartean gara. Euskal Herrian artean eta tartean garela beti uste dut. Eta gainera, guk hala nahi dugu. Gure dantzariak ere tartean dira, gainera. Izan ere, ikasketak bukatu dituzte, baina ez dira oraindik profesionalak, profesionalizatzen ari dira, tarte horretan dira. Holandako koreografo batekin egiten dugu lan, eta hemengo musikari batekin, hor ere artean gara. Arte eta tarte asko dago hemen eta guk horietaz baliatu nahi genuen. Ni gainera Iparraldekoa naiz eta Hegoaldean egiten dut lan, beraz, arte horretan ere bizi naiz», azaldu zuen Claberiek.

Estreinaldia ostiralean egingo duten arren, gaurko emanaldi berezi bat prestatu dute. Dantza gizarteratzeko beharra dagoela uste dute konpainiako kideek eta, horretarako, hainbat ekimen egiten dituzte urtean zehar; ikastetxeetan tailerrak, eskolentzako emanaldi bereziak... Eta gaur ostiralean egingo dituzten hiru koreografia lanen zati batzuk erakutsiko dituzte. «Oso interesgarria iruditzen zaigu sukaldea ikustea, ez bakarrik errezeta jatea. Hori da gure helburua. Dantza gizarteratzeko ekintza bereziak egin behar ditugu. Halako entsegu batean zati batzuk ikusten ahal dituzte eta dantzariekin hitz egin. Sukaldean sartzen dira eta gurekin hitz egin ahal dute. Eta agian gustua emanen diegu, gainera». Hala, 45 minutuko ikuskizuna egingo dute, arratsaldeko zortzietatik aurrera.

TXALAPARTA DOINUA

Paskal Indo, Seaskako lehendakari izateagatik ezagunagoa den arren, musikaria ere bada, eta berak moldatu du Itzik Galiliren «Flash deluxe» sorkuntzarako musika. Txalaparta eta perkusio doinuak entzun ahal izango dira.

Fitxa

Ikuskizuna: Dantzaz konpainiaren «Arte-an».

Tokia: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.

Data: Estreinaldia ostiralean izango da 20.00etan. Entsegu irekia, gaur, ordu berean.

Koreografoak: Itzik Galili eta Lukas Timulak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo