GARA > Idatzia > Euskal Herria

5.500 lagunek eman dute izena atzo abiatutako EHUko 30. Udako Ikastaroetan

Udara hastearekin batera zabaldu zen atzo Donostian EHUko Udako Ikastaroen aurtengo edizioa. Hezkuntza, kirola, gizartea edota teknologia bezalako gaiak landuko dituzte ikasleek irailera bitartean.

GARA | DONOSTIA

Jende askorentzat udara opor garaiaren sinonimoa den bitartean, beste askorentzat ikastaro, mintegi edota tailerretan izena emateko sasoia da. Jendearen aurrean hitz egiten ikasteko, komunikabideen garapenaren inguruan hausnartzeko edota kontsumitzeko ditugun joera berriak zeintzuk diren ezagutzeko, besteak beste. Horren erakusle, atzo aurkeztu eta abiarazi zen EHUren Udako Ikastaroen 30. edizioa Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldi batekin.

Lehen hizlarietako bat, iaz Espainiako Saiakera Saria eskuratu zuen Anjel Lertxundi idazle eta literatur kritikaria izan zen; «Begirada eta denbora» hitzaldiaren irakurketa egin zuen. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea; Patxi Lopez lehendakaria; Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua; Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea eta Jose Luis de la Cuesta EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria.

Aurtengo edizioa prestakuntza zabalerako aukera gisa planteatu nahi izan dute sustatzaileek; «etengabe aldatzen ari den mundu honetan desio genukeen etorkizun horretarako ekarpenen bat egin asmoz», De la Cuestaren hitzetan.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere norabide berean zuzendu zituen bere hitzak: «Programak erronkak egiten dizkigu, eta beste ikuspegi batzuk eta oinarrizko ideia trukaketak proposatzen dizkigu, gizartearentzat hobea izango den etorkizun bat ahal dugun modurik onenean eraikitzen lagundu dezagun. Letrek eta zientziek hitzordua izango dute berriro, hurrengo hamar asteotan (...). Maratoi akademiko bat korrituko da bertan», esan zuen.

Aurten orotara 5.500 lagunek eman dute izena eskainiko diren ikastaro, mintegi, elkargune, eskola, jardunaldi profesional, tailer eta kongresuetan parte hartzeko. Horiek guztiak lau atal nagusitan banatuko dira. Lehena, «Bizitzeko ikasten» da -besteak beste, historia eta kulturarekin, eta kirola eta psikologiarekin loturiko gaiak landuko dituzte-. Bigarrena, «Elkarrekin bizitzeko ikasten» -informazio zientziak eta komunikazioa, energia, ingurumena eta garapen iraunkorra aztertuko dituzte-. Hirugarren atalak «Aurrera egiteko ikasten» du izena, eta, bertan, ekonomia eta enpresa, arkitektura eta hirigintza, zientzia eta teknologia landuko dituzte. Azkenik, «Irakasteko ikasten» atalean unibertsitatea eta hezkuntzarekin loturiko gaiak landuko dira.

Familiarteko enpresak

Gaurko jardunaldiari dagokionez, Eusko Ganberak-ek «Empresa familiar» deitutako ikastaroa eskainiko du bigarren urtez. Saioa 09.00etan hasiko da Miramar jauregian eta familiarteko enpresetako adituek hartuko dute parte. Lehenengo hitzaldia Gabriela Revelena izango da, «Conocimiento compartido: ¿La última ventaja competitiva?» izenburupean.

Euskal Herrian enpresen ia %70 familiartekoak dira. Horietatik bi herenak, gainera, familia bakarraren kontrolpean daude bere osotasunean, kanpoko agenteen inolako parte hartzerik gabe.

HITZARMENA

Udako Ikastaroek hitzarmen bat sinatu dute Donostiako Udaleko Kultura Sailarekin. Izagirre alkateak azaldu duenez, euskararen presentzia sendotzea eta gutxiengoentzako ikastaroak programan kontuan hartzea izan dute helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo