Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Legea eta aurrekontuak!
Hizkuntz politikaz hitz egiten badaki Estatuak, frantsesaren babeserako, frantsesa nagusiarazteko. Hori lortu nahi duenean, hizkuntza normalizatzeko benetako aurrekontuak behar direla erakusten du; Mayotte uhartearen kasuan, hizkuntza inposatzeko
Irakurri berria dugu Maitia jaunak, EEPren ardura nagusia hartu ondoren, zer-nolako lan ildoa pentsatua duen. Bere ardurapean dagoen diruarekin zer proiektu duen. Irakurria dugu ez duela burua hautsiko euskararen babeserako lege baten alde jarriz. Euskararen bultzatzeko plangintzarik ez du aurkeztu! Erabilpena da, bere aburuz, bultzatu behar dena. Zentzu horretan agindu du euskal prentsan euskarazko iragarkiak bultzatuko dituela.
Funtsean ados izanen gara errateko erabilpena oso garrantzitsua dela euskararen geroaren segurtatzeko. Aldiz, zaila da ulertzea euskarazko publizitatea nola sar daitekeen euskal prentsan legerik ez bada. Noski, EEPren dirua balia daiteke horretarako. Kontseilu Orokorreko diru bat ere erabil daiteke horretarako, gauza ona! Argi da EEPko arduraduna eta Kontseilu Orokorreko nagusia biak sozialistak direlako lortzen dutela adostasun hori. Baina, hori noiz arte? Hautetsien aldaketa gertatu arte? Egon behar genuke hautetsien borondateen zain diru pizar batzuen lortzeko?
Legeak bakarrik bultzatuko lituzke eragile, instituzio, enpresari guztiak publizitatea euskaraz agertzera! Noiz arte behar ditugu euskararen aldeko diskurtso faltsu horiek entzun? Afera oso seriosa da, diruak garrantzia baitu urrats handiagoetara pasatzeko bidea errazten, oso lagungarri izaten baita!
Ikus dezagun, beste egoera batean, frantses hizkuntzaren babesteko gure agintariek hartzen dituzten erabakiak. Nola zailtasun politiko eta juridikoak gainditzen dituzten, hizkuntza eta irakaskuntza elkartuz eta nola diru zama handiak inbertitzen dituzten. Tokiko hizkuntzaren ahultzeko.
Hartuko dugun adibidea Mayotte uhartekoa da, departamentu bihurtu baita. Izan ere, frantses hizkuntzaren babeserako tresnak martxan emateko tenorean, frantses hizkuntza bigarren hizkuntzatik lehen hizkuntzara eramateko alegia, hizkuntz politika xutik ezartzen dakitela ikusten dugu, eta horretarako benetako aurrekontuak jartzen dakitela.
Sei urtez irakaskuntzarako estatuaren aurrekontua bikoiztu da Mayotte uharteko herritarrentzat. 200.00 herritar inguruko uhartearentzat, bertako akademiaren 2010eko urteko aurrekontua 262 milioi eurokoa izan da. Frantsesa bigarren hizkuntza da bertan. Helburua da tokikoa den lehen hizkuntza ordezkatzea. Bertako hizkuntza ahozkoa dela eta idazteko frantsesaren erabilpena baloratzea pentsatzen dute, hobestea eta horren abantailen erakustea. Aurrekontu hori bertako Kontseilu Orokorrekoa baino inportanteagoa da, hizkuntzaren ordezkapenari Estatuak ematen dion garrantziaren araberakoa. Aurrekontuaren %82 langileak ordaintzeko da, irakasle eta administrazioko langileak, 5.500 langile orotara, 27 milioi ibilmoldearentzat eta 19 milioi inbertsioetarako.
Frantses Estatuak euskara babestu nahi balu, araberako neurriak hartuko lituzke. Bai, zenbaki horiekin ulertzen ahal dugu Estatuak hizkuntzaren ordeketarako neurriak hartzen badakiela. Euskararen babesa ez du bideratuko. Hemengo Kontseilu Orokorrak askatu dirutza urrun gelditzen da frantsesaren inposatzeko hartutako neurrien ondoan.
Hizkuntz politikaz hitz egiten badaki Estatuak, frantsesaren babeserako, frantsesa nagusiarazteko. Hori lortu nahi duenean, hizkuntza normalizatzeko benetako aurrekontuak behar direla erakusten du; Mayotte uhartearen kasuan, hizkuntza inposatzeko.