GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andres Osa «Sakona» Pedagogian eta Filosofian lizentziatua

Bilduren garaipenak Sortu behar du

Etorkizunean iraultza lorpenak ikusi nahi baditugu, herri masa altxatuko duen legamia izango den alderdia sortu behar da, eta azkar gainera

Egun dotoreak igaro dira Euskal Herri osoan hauteskunde emaitzak tarteko. Aspaldiko partez zoriontsu dira milaka herritar, beste asko erdipurdi eta mordo bat triste. Horrela da bizitza. Askatasun egarria, independentziaren gosea, abertzaleen gailendu nahia eta errepresio fisiko eta legalaren amorrazioa izan dira garaipenaren sorburu. Abertzaleen arteko nolabaiteko elkarlana bideratzea izan da eta da honetan guztian azaleratzen den sentipena. Sentipen horri uko egin edo oztopoak ipintzea ulergaitza litzateke eta ondorio zipriztintsuak ekar litzakeela uste dut. Politikan tranposoa eta faltsua sinonimoak dira. Bazen «Tranposo» goitizenez ezagutzen zen gizon bat. Hil zenean eskelan bere bataioko izenaren azpian «Tranposo» jarri zuten. Tristea litzateke edonorentzat zahartzarora heldu eta izen horren jabe izatea.

Bestalde hauteskunde hauek gabezia larria izan dutela ere aitortu beharra dago. Bildu legeztatua izan da, bai, baina Sortu bide bazterrean laga dute demokrazia ezaren lekuko bihurtu delarik. Mingarria izan da Bildu baimendua izan denean entzutea «orain ez duzue biktimismoan ibiltzeko aitzakiarik». Biktimismoa omen da ezker abertzaleko liderrak espetxean, ehunka kartzeletan, ehunka hautagai eta milaka hautesle beraien eskubideak zapuztuta, ilegalak... eta halere aipatu hitza hitzetik hortzera eskrupulorik gabe erabili dutenak badira. Makurrak gaituk. Horrelako edo antzerako irainen aurrean lasaitasuna, edukazioa eta antzerako irainekin ez erantzutea izanen da egokiena. Debateetan, adierazpenetan inon ez hitz antzurik erabili. Batez ere arlo hau arreta handiz ardura hartzen dutenek zaindu behar dute.

Herritarren inplikazioa. Emaitzak hor daude. Baina puxika ez puztu gehiegi, ez gaitezen harrotu ba, puxika husteko intentzioa soberan izango baita. Apal eta tinko jokatu beharra izango da. Ardurak hartzeko ordua heldu da. Politikagintza erabat eraldatu behar da. Garai berri baten hastapenetan gaudela esaten ausartuko ginateke. Politika egiteko modu berriak ardatz sendo baten biran mugitu behar du, kanpainan zehar Bilduk erabili duen lelo nagusian: «Herriaren parte hartzea eta inplikazioa bizkortu behar dira», esaten zen. Epe laburrean zein ertainean, berdin luzean, herritarren esku hartzea ezinbestekoa da egoera makurretatik irten eta askatasun eta justizia egoerara jauzia emateko. Aurrerantzean indar armatuaren babesaren eta ekintzen zain egoterik ez dago. Hori duintasunez ordezkatuko duen herritarren antolakuntza, mobilizazio eta indar metaketa izan behar da jomuga. Sektoreka, auzoetan, lantegietan, non beharra han mihia izan behar da abertzale sentitzen den ororen jokabidea.

Sortu, sortu. Langintza hau gauzatu dadin gidaritza tinkoa, ongi eratua eta dinamikoa behar da. Arlo honetan inoiz baino premiazkoagoa Sortu legeztatzea da. Sortuk izan behar du, ezker abertzalearentzat termino klasiko bat erabiliz, benetako abangoardia. Bildu koalizioa ongi dago, lana egoki egin da eta emaitzak hor daude. Baina etorkizunean iraultza lorpenak ikusi nahi baditugu, herri masa altxatuko duen legamia izango den alderdia sortu behar da, eta azkar gainera. Soilik borondate onak ibilbide laburra izaten du, udazkeneko orbela bezalatsu bihurtzen da. Ideologi tinkoa, herrian ongi oinarritua, sendoa, argia eta eraginkorra ezinbesteko bitartekoa da.

Aginte ardura izan nahiz oposizioan aurkitu. Mundua ez da amaituko bihar edo etzi. Bakoitza, dagoen tokitik, langile saiatua, borondatetsua izan behar da, burua argi bezain iniziatibaduna izanik; egoerak aztertu, ikasi eta azaldu garbi; herritarrei entzun arretaz, soldata alorrean eredu izan; kudeaketa gardena eta ematen diren pauso guztiak herritarren parte hartzearekin bat eginda eman. Ezker abertzaleak baditu eredu imitagarriak: Hernani, Arrasate, Bergara, besteak beste. Eta amaitzeko, prozesu guzti honen arkitektoak espetxean daudela gogoratuta, eginahalak egin behar dira Otegi eta lagunak etxeratzeko, beraien beharra baitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo