alpinismoa Jarduerak
Alaskako berriak mugimendu handikoak
Jonatan Larrañagak eta Mikel Saez de Urabainek Mount Hunter-eko zirkuan dauden bi bide klasiko igo dituzte. Bitartean, Allen- Zimmerman-en sokadak hiru bide berri sinatu ditu Voyager Peak-en. Mt. Geist-en, berriz, Warren-Wilson taldeak marra berria lortu du.
Andoni ARABAOLAZA
Alaskako denboraldiari dagokionez, aurreko kronika batean aipatu genizuen Jon Bracey eta Matt Helliker britainiarrek goi mailako bide berria zabaldu zutela Mt. Hunter-en: «The Cartwright connection». Bide gogor eta zaila, baina ez bakarra. Eta hori diogu, urtero legez, Alaskan mugimendua izan delako.
Eta mugimendu horretan, besteak beste, Euskal Herriko pare bat alpinista ikusi ditugu. Jonatan Larrañaga eta Mikel Saez de Urabaini buruz ari gatzaizkizue. Kronika honetako beste hainbat protagonistak ez bezala, sokada horrek ez du esku artean zuen helburua betetzeko aukerarik izan.
Mount Hunter bezalako ikonoa igotzeko asmoz abiatu ziren; hain zuzen ere, «Deprivation» bide gogorretik. Baina, beste mendilerroetan gertatzen den bezala, eguraldiak zein baldintzek agintzen dute. Eta horrekin, bederen, ez dute batere zorterik izan. Emaitzak, berriz, zapore gazi-gozoa utzi die. Izan ere, ez dute Mount Hunter ukitzeko aukerarik izan, eta, azkenean, haren zirkuan dagoen Mini Moonflower-en bi bide igo dituzte: «North Couloir» (700 m, 14 luze, V/AI4+R) eta «Bacon and eggs» (600 m, 11 luze, V/4 M).
Eta zapore gazi-gozoa diogu, protagonistek beraiek hala aitortu dutelako: «Guztira soilik 1.300 metroko eskalada alpinoa egin dugu. Eta hainbeste prestaketa, logistika, denbora... zaindu ostean, bada, gutxi iruditzen zaigu. Hala ere, pozik ere bagaude, eskalatu dugun hori ondo eskalatu dugulako. Sentsazio hori badugu. Izan ditugun baldintzak bereziak izan dira. Aitortu dezakegu Alaskan eskalatzea berezia dela oso».
Bai, baldintzei zein eguraldiari dagokienez, ez dute zorte onik izan. Mt.Hunter, adibidez, oso-oso garbia ikusi zuten: «Iritsi ginenean eguraldi ona izan genuen, baina mendia ez zegoen batere ondo. Maiatzaren hasieran sokada batzuek zorte handiagoa izan zuten, britainiarrek zabaldutako bide berriaz gain, eskoziar batzuek gure helburua, «Deprivation», errepikatu zutelako. Maiatza bukaeran, berriz, bero egin zigun, eta horrek gure asmoak zapuztu zituen. Bero handia zela-eta, gauez eskalatu behar izan genuen; gaueko hotzaren segurtasunaren bila».
Denalira jotzea, «Cassin» bidea probatzera, Foraker-en «Infinit» bezalako bide gogor batean egun batzuk pasatzera... aztertu zuten. Baina, azkenean, Larrañagak eta Saez de Urabainek aukeratutako alderdian, Hunter-en, geratzea erabaki zuten. «Hormak izotz eskasa zuen, eta ez zen batere egokia eskaladarako. Hunter alde batera utzi, eta bere ondoan (zirkuan bertan) duen anaia txiki batean, Mini Moonflower-en, jardun genuen», azaldu dute protagonistok.
Ez zuten denborarik galdu nahi, eta martxan jarri ziren. Lehen aukera eta ondo atera zena «North Couloir» izan zen. Euskal sokadak gustura eskalatu zuen: «Oso bide atsegina da, eta izotz fina zeukan luze ona eskalatu genuen. Guztira, 12 orduko joan-etorriko eskalada izan zen».
Gero, astebeteko eguraldi txarrak harrapatu zituen kokatutako kanpalekuan. Ekainaren 7an eguzki-izpiak ikusteko aukera izan zuten, eta berriro martxan jarri ziren. Ikusitako elur-jausi guztiek alertan jarri zituen, baina «Bacon and eggs» bidea eskalatzeko lehen urratsa egin zuten. Egin eta bukatu, 10 orduko saioan.
«Voyager Peak»
Egindako jarduerei dagokienez, «zorte» handiagoa izan dutenak Alaskako bi espezialista izan dira: Mark Allen eta Graham Zimmerman. Estatubatuarrek Foraker-eko ekialdeko eta hegoaldeko sektoreetan sei eguneko esplorazioa egin zuten. Ingurumari hartan, 3.722 metroko garaiera duen mendi batekin egin zuten topo; izenik ez zuena, eta sokada horrek «Voyager Peak» izena jarri dio.
Gustura jardun zuten; izan ere, mendi ezezagun horri hiru bide marraztu zizkioten. Berez, ez zuten gailurra zapaltzeko aukerarik izan, eta hiru marra horiek gailurrerian amaitzen dira: «Lunar spur» (850 m, 4, M5, AI2), «Nebula Arête» (1.200 m, 5, M6, AI2, A1) eta «To the center» (1.500 m, 4, AI2).
Mt. Geist
Mt. Hayes eta Skarland mendietan jardun ondoren, Neil Warren eta Guy Wilson britainiarrek aukera izan dute Geist mendian (3.145 m) marra zuzena sinatzeko; hain zuzen ere, mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian.
Ipar ertzetik 1.000 metroko eskalada burutu zuten. Igo eta jaisteko 22 ordu behar izan zuten: «55º-60ºko aldatsak eta mistoko tarteak gainditu behar izan genituen; hori bai, arroka oso ustelarekin. Luzeak segurtatzea ez zen batere erraza izan, eta gailurreria arriskutsu zegoen».
Denali
Alaskako mendi garaienean ere, Denalin, mugimendua izan da. Jonathan Griffith eta Will Sim, adibidez, «Cassin» bidean «korrika» ibili ziren. Ertz ezagun hori 14 ordu eta 40 minututan igo zuten. Hots, errekorra ezarri zuten; Mugs Stump alpinista zenduak 1991. urtean eginikoa baino 20 minutu gutxiago.
Sokadak horrek aitortu duenez, Andreas Fransson-ek eta Magnus Kastengren-ek zabaldutako urratsetatik igo ziren. Eta azken bi alpinista horiek aipatu ditugunez, nabarmendu behar dugu Denali bi aldiz igo ondoren, Franssonek mendiaren hego aurpegia eskiekin jaitsi zuela. Zehazki esanda, mendiaren %75, tartean hainbat zeharkaldi eta rapel egin behar izan zituelako.
Bide berriak, errekorrak, eskiekin egindako jaitsierak... denetarik izan da. Jarduera ezberdinetan izan direnen artean bi euskal alpinista izan dira: Jonatan Larrañaga eta Mikel Saez de Urabain.