GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Lehia

Euskal ordezkariak bikain Espainiako Txapelketan

Hilaren 18an eta 19an jokatu zen lehiaketa Gijonen (Asturias), eta 122 eskalatzailek hartu zuten parte. Itziar Zabalak eta Jon Ander Bravok txapel bana jantzi zuten, 18 eta 20 urtez azpikoen lehiak irabazita.

p042_f01_250x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

FEDME Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak antolatzen dituen eskaladako probak amaitu dira dagoeneko. Aurreko asteetan aipatu dizuegu maiatzean zehar Espainiako Kopa jokatu zela. Hilaren 18an eta 19an, berriz, Espainiako Txapelketa izan zen. Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, antolatzaileak pozik dira. Izan ere, 122 lehiakide aritu ziren Gijoneko probetan.

Ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioko zein Nafarroako ordezkariak lehiatu ziren. Eta, bederen, EMFko ordezkariak pozik izango dira, Euskal Selekzioko bi ordezkarik txapel bana jantzi baitzuten: Itziar Zabalak 18 urtez azpikoen mailan eta Jon Ander Bravok 20 urtez azpikoen artean. Horrez gain, ordezkari gehienak final ezberdinetan izan ziren.

Larunbateko saioan nagusiek neurtu zituzten indarrak. Nesketan, hainbat lesio gainditu ostean, Irati Anda lehian ikusteko aukera izan zen, eta, finalera pasa ondoren, seigarren postuan sailkatu zen. Proba, Espainiako Kopako sailkapen nagusia bezala, Berta Martinek irabazi zuen. Itziar Zabala ere nagusien mailan lehiatu zen, zazpigarren izan zelarik.

Mutiletan, berriz, Kopan ez bezala, Gorka Karapeto eta Mikel Ziarrusta Gijonen izan ziren. Karapeto finaletik kanpo geratu zen; ez, ordea, Ziarrusta. Azkenean, seigarren postuan amaitu zuen. Antton Zabala eta Jonbe Agirre finalean sartzeko zorian izan ziren; hamargarren postuan berdinduta amaitu zuten. Espero bezala, irabazlea Ramon Julian izan zen.

Gazteak, bikain

Gazteen mailan, berriz, emaitzak Kopan izandakoen oso antzekoak izan ziren. 16 urtez azpikoetan, nesketan, Andrea de Goñik (Nafarroako federaziokoa) bosgarren postua lortu zuen eta Jone Ugartemendiak zazpigarrena; biak ala biak finalean izan ziren. Mutiletan ez zen euskal ordezkaririk izan.

Lehen euskal garaipena 18 urtez azpikoen mailan iritsi zen. Kopan egin bezala, Itziar Zabalak txapela eskuratu zuen. Ilargi Perez eta Mirian Mulas ere izan ziren finalisten artean. Nafarra bosgarrena izan zen, eta, gipuzkoarra, zortzigarrena. Mutiletan, bestalde, Beñat Murua seigarren postuan sailkatu zen.

Bigarren garaipena 20 urtez azpikoen mailan iritsi zen; zehazki esanda, Jon Ander Bravok erdietsi zuen. Zabalak bezala, Bravok ere Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa, biak, irabazi ditu. Kepa Bruña ere maila horretan lehiatu zen, eta, finalera igaro ondoren, seigarren postuan sailkatu zen.

Eta euskal eskalatzaileak aipatu ditugunez, ekipatzaile lanetan Patxi Usobiaga eta Patxi Arozena izan zirela ere esan beharra dugu. Beraiekin batera Toti Vales katalana ere aritu zen. Lehiakideek diotenez, lan txukuna egin zuten 16 metroko garaiera zuen egituran.

nagusiak

Irati Andak bosgarren postua lortu zuen nesken artean, eta, Itziar Zabalak, seigarrena. Mikel Ziarrustak, berriz, seigarren lekuan amaitu zuen mutilen lehia.

JUbenilak

Itziar Zabalak eta Jon Ander Bravok garaipen bana lortu zuten; lehenak 18 urtez azpikoen mailan eta bigarrenak 20 urtez azpikoen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo