«Surfak berak bai, baina surfaren inguruko giroak ez nau inoiz ase»
Surf irakaslea
1969an Pasaian jaio eta 5 urterekin Zarautza joan zen bizitzera. Hor hasi zen surfean. Hegoaldeko lehen surf eskolako zuzendaria (1991tik), Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakaria (1992-1996), mendi gidaria, surfean ikasteko material didaktiko anitzen egilea, egun Euskal Herria Kirolako bozeramailea... curriculum luzea du Mikelek. Bere eskolaren XX. urteurrena aitzakia hartuta, berarekin solasean izan gara.
Haritz Larrañaga |
Zarauzko Surf Eskolak hogei urte egingo ditu aurtengo udan, eta Mikel Troitiño eskolako zuzendariarekin izan gara solasean.
Noiz eta nola hasi zinen surf egiten?
Zazpi urterekin txanperoarekin ibiltzen ginen eta auzokideak surfean ikusten genituen. Batzuetan taula uzteko eskatzen genien eta surf egiteko aukera geneukan.
Lehen taula 12 urterekin erosi nuen. Jabeak hautsi zuenean 12.000 pezetatan saldu zuen eta guk (anaien artean) nola edo hala konpondu genuen. Bigarren taula guk geuk egin genuen, 1984. urtean. Lehortzen bi hilabete igaro zituen. Egunero joaten ginen garajera, behatzarekin taula ukitu eta `hau oraindik bigun dago'. Azkenean ile lehorgailu batekin ere saiatu ginen. Jarraian, taula gehiago egin genituen, Myby izena jarri genien, `Mi' nire izena (Mikel) gehi `Bi', Xabi anaiarena.
Nire lehen taularekin belauniko ibiltzen nintzen. Negurako neoprenozko jantzi bat behar nuela eta Barland dendara joan ginen Baionara. Neopreno hark ez zeukan belaun aldea babesten zuen ezer eta segituan konturatu nintzen horrela jarraituz gero, jantzi hark ez zidala asko iraungo, horregatik hasi nintzen zutik surf egiten.
Ez zen zure adineko surflari asko izango garai hartan?
Ez, eta gainera 14 urte dituzunean, kirol guztiak maite dituzu. Nik futbola eta bizikleta maite nituen. Surfa erdi ezkutuan egiten nuen, beste kiroletako entrenatzaileek ez baitzuten gustuko ni surfean aritzea. Lehenik futbola utzi nuen, gero bizikleta, eta orduan hasi nintzen denbora osoa surfari eskaintzen.
Zer nolako giroa zegoen 80ko hamarkada erdialdean?
Leku berriak ezagutzera joateak motibatzen gintuen. Itziarko kostaldea, Sakonetako inguruak... trenean joan, oinez itzulia egin, arroketako lekuetan sartu... arrisku asko ikusten genituen, edozer gauza gertatuz gero, urrun geunden, orduan ez zegoen mugikorrik. Horrela ibiltzeko ongi prestatuak egon behar genuen, horregatik hasi ginen beste kirol batzuek egiten. Beti ere surferako genituen helburuei begira, lagungarri izan zitezkeelakoan.
Olatu berrietara, handiagoetara, sasoian iristea genuen helburu.Uretan ginela, inguruetan olatu berriak ikusten genituen eta behin eta berriz galdetzen genion elkarri: `Olatu hura harrapatzerik izango da?', `Nahikoa prestatuta gaude olatu hura probatzeko?'...
Horrela hasi zinen bidaiatzen?
Bai, 1989an Balira joan nintzen Alberto de la Mazarekin. Abentura bila gindoazen. Garai hartan ez zen turistentzako azpiegiturarik, baina moto bat alokatu eta batetik bestera mugi zintezkeen, eta oso merkea zen gainera. Taula han erosi nuen. Irlaren alde batean edo bestean beti hartzen genituen olatuak. Zarautza itzuli nintzenean konturatu nintzen han zenbat ikasi nuen.
1991n, berriz, Hawaiira joan nintzen. Surfaren hastapenak bertan zirela eta surflari batek noizbait joan beharreko lekua dela esaten zuten aldizkariek, beraz, hara jo nuen. Lehenik, Kalifornian izan nintzen; han lagun bat nuen, Swell izeneko musika taldeko gitarra-jotzailea, eta haien furgonetako gidari lanetan aritu nintzen. Handik Hawaiira joatea oso merkea zen.
Zer topatu zenuen Hawaiin?
Desastre bat. Flasha! Lokalismoa, giro txarra, prezio altuak... Bortizki kolonizatua izan den herri bat. Batetik, bertakoak, bestetik zuriak, bestetik brasildarrak... oso giro txarra. Ez bakarrik uretan, baita kanpoan ere.
Bakarrik egiten nuen lehen bidaia zen hura eta Kaliforniatik nentorren, aurrez ezer prestatu gabe. Lehen gaua aireportuan pasa nuen, bigarrena hondartzan eta hirugarren egunean Kaliforniako lagunak eman zidan telefono zenbakira deitu eta igeltsero lana aurkitu nuen Honolulun.
Diru pixka bat bildu nuenean taula bat erosi nuen. Waimean, behealdean eskuin txiki bat ateratzen da eta hara askotan joaten nintzen surf egitera. Han lagun bat egin nuen. Haren bitartez bilatzen nituen lanak, kokoak biltzen, lorezain eta abar. Ingelesa ez nuen menderatzen, baina moldatzen nintzen.
Hawaiin bilakaera izan nuen. Makahan ikusi nuen bertakoentzat taldean egiteko kirol bat dela. Horrekin batera, irakastea zein garrantzitsua den ulertu nuen. Hainbeste jende uretan egonda, arauek duten garrantzia eta abar.
Hawaiitik itzulitakoan ireki zenuen Zarauzko Surf Eskola?
Bai, zenbait ate jo nituen, baina denek gauza bera esaten zidaten, surfa ez dela irakasten. Ez nuen babesik lortu. Surflari uruguaiar bat oroitzen dut, animoak eman zizkidan bakarra. Eta familia, familiak hasieratik lagundu ninduen.
Nik nire ibilbidea kontatzen dut, baina etxean jaso dudan heziketagatik ez balitz, ez nukeen ezer ere egingo. Etxean sei anai-arreba izanda, baten galtzak denen gerrietatik pasatzen ziren eta horrela gauza guztiekin. Gurasoek irakatsi zidaten ez dela gauza material askorik behar inguruaz gozatzeko. Horrela egin ahal izan ditut egindako urratsak.
Hawaiin ere ez nuen surf eskolarik ikusi. Iparraldean, Biarritzen jada surf eskolak baziren, baina oraindik ez nuen horien berri. 1991ko udan ireki genuen eskola, Aitor Franzesena Gallo-rekin. Udaletxean sozietate mugatu bat ireki behar genuela esan zidaten. Enpresa sortu eta sekulako saltsan sartu nintzen. Hura oso gaizki atera zen, zulo itzela egin genuen. Udako ikastaroek ordea, arrakasta izan zuten eta aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuen.
Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakari ere izan zinen?
Bai, Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakari izendatu ninduten eta gogo handiz ekin nion erronka hari (1993-1996). Lauzpabost urte egin nituen txapelketak antolatzen, baina jendea kexatu egiten zen eta oso nekatuta amaitu nuen. Surfa egiten jarraitu nuen, baina surf munduan ez nengoen eroso. Mendian, aldiz, oso gustura ibiltzen nintzen eta surfaren lekua mendiak hartu zuen. Udan itsasoan eta neguan mendian lan egiten nuen.
Neguan ere lan egiten hasi ginenean, berriz ere surfari denbora gehiago eskaintzen hasi nintzen. Eskolak nolakoa izan behar zuen ere gero eta garbiago geneukan, bai nik bai nire lankideak. Surf munduan nagusi den eredu horretaz gain, beste ereduak ere badira, eta guk geurea gero eta argiago geneukan. Horrela, irizpideak zehaztuta, berriz ere gogoz lan egiteko moduan nintzen. Lehen surf entrenamenduak antolatu genituen, surfean ikasteko DVD didaktikoak egin genituen, eta horrela jarraitzen dugu egun.
Eta egun, Euskal Herria Kirola-ko bozeramailea zara.
Bai. Mendiko gidari titulua ateratzen Frantzian izan nintzenean asko ikasi nuen. Nire kirol heziketa frantsesa da eta horrek batzuetan gauzak beste modu batera ikusten lagundu izan dit.
Batetik, pedagogiari ze nolako garrantzia ematen dioten ikusi nuen han. Gauzak mailakatu beharra.
Lankideak eta biok hitz egiten genuen, `nola egin hori irakasteko', `zuk zer egiten duzu ikasle batek belauna jartzen duenean?' eta antzerako galderak egiten genizkion elkarri. Frantzian ikusten nuen duda horiek argitzeko material didaktiko asko zeukatela. Hemen ez genuen ezer. Frantziatik etorri eta Psikopedagogian eman nuen izena. Beraz, didaktika eta psikopedagogiaren garrantziaz jabetu nintzen.
Bestalde, han ikasi nuen beste gauza bat ere. Kirolaria, ariketa fisiko edo psikikoa egiten duen pertsona soila baino, subjektu gisa zerbait konplexu eta aldi berean osatuagoa dela. Inguruan eragiten du eta inguruak ere beregan eragiten du, ez da astronauta bat.
Zentzu horretan, izaerak garrantzi handia dauka. Euskal Herria Kirolaren hastapenetan bilera batera gonbidatu ninduten, eta hasieratik ikusi nuen lan eremu oso interesgarria dela, aipatu filosofiarekin bat egiten baitu. Lanetik aparte dudan denbora libre guztia horri eskaintzen ari naiz, ahal dudan bezain ondo egiten dut, baina oraindik asko daukat ikasteko.
Zarauzko Surf Eskolaren ibilbidea luzea da, hogei urtean gauza asko gertatzen baitira, baina labur bada ere, nondik norakoak kontatzeko eskatu diogu Mikel Troitiñori. Hona kontatutakoa.
Lehendabiziko urteetan txabola bat genuen eta hondartzako leku desberdinetan izan ginen, Udalak emandako baimenaren arabera. Zarauzko malekoiko lanak hasi zirenean, Borgetora eraman genuen txabola. Han elkartea sortu genuen eta elkartearentzat egoitza egin zen Arguiñano jatetxearen azpian, 1998an. Han urteak egin genituen. Tartean, egoitza egin gabe zela, Udalak txabolak jartzeko debeku zehatza ezarri zuen eta denbora batean hondartzako komun publikoetan gordetzen genuen materiala.
2007an, Zarauzko Surf Elkartearen egoitza uztea erabaki genuen, ez baikenuen hartutako bide berriarekin bat egiten. Gauzak horrela, berriz ere, apustu handi bat egin behar izan genuen. Batetik lekua aldatuta, jada jendeak ez zuen jakingo non ginen eta bestetik, nora joan? Hondartza ondoan lokal bat alokatzeko adina diru ez genuen. Hondartza ondoan ez, baina nahiko gertu dagoen bi pisuko lokal bat alokatu genuen. Urte eta erdi pasa genuen oraindik Arguiñanoren jatetxe azpian ikastaroak ematen eta, aldi berean, eskola berria eraikitzen; zeren lan guztia guk egin genuen, eskailera, ateak, leihoak, zorua, komuna... dena gure eskuekin eraikia da. Hor ere nire anaia Xabiren laguntza ezinbestekoa izan zen, baita Mery nire emaztearena ere. Orain oso gustura gaude, Baga izeneko elkartea osatu dugu, elkarte ekimenak egiten dituena, eta eskolak ere eskola itxura du. Badakigu oraindik jendeak Arguiñano azpiko lokaleko eskolarekin nahasten gaituela, nahaspila handia dago. Baina egun Internetek indar handia du eta Zarauzko Surf Eskolaren webgunea ere badugu, Surfeskola.com izenekoa, eta horrekin moldatzen gara.
Guk gure bidea egiten jarraitu nahi dugu. Aspaldi zehazten hasi ginen eredua bultzatu nahi dugu. Surfa beste kirolekin uztartzearen aldekoak gara (batez ere talde kirolak), euskaraz egiten dugu lan... azken finean, eguneroko jarduerak ematen dio izaera eskolari. Ez diot beste eskoletako ereduak txarrak direnik, bakoitzak bultzatzen duen ereduaren araberako izaera duela baizik. Eskola bakoitzak hautatu behar du zer nolako izaera nahi duen eta horren arabera lan egin.