Josebe Egia
Gure buruari harrika
Duela gutxi elkarrizketa bat irakurri nuen, izenburuak erakarrita: «Nire alderik onberena hil behar izan nuen karrera egiteko». Esan gabe doa elkarrizketatua emakumezkoa zela; ez dut uste titular hori emango lukeen gizonik egongo denik. Izan ere, karrera egitearen kontua, karrera lan mundu gogor eta harraparian, areago enpresa handi eta boteretsuetako goi-zuzendaritzaren eremu maskulinoan, gizonek berezkoa duten ibilbidea da, betidanik esleitu eta opa izan zaien xedea. Emakumea, izan denean, dagoenean, horra iristeko gaitasuna ez ezik adorea eta egoskorkeria ere sobera erakutsi behar izan dituenean, arrotza da mundu horretan, bitxikeria, salbuespena, «bitxo arraroa», alegia.
Horrela ikusten zutela bera lankideek zioen emakume elkarrizketatuak, 90eko hamarkadaren hasieran Ameriketako Estatu Batuetan auto-lantegi bat zuzendu zuen lehenengo emakumeak. Egun, enpresa sorta handia biltzen duen megaenpresa horietako bateko zuzendaritza taldean dagoen emakume bakarra da, eta horregatik elkarrizketa, hain zuzen, ohikoa ez denaren interes eta distiragatik, 90eko hamarkada hasieran zein 2011. urtean, hogei urte ez baitira ezer jendartearen zimenduak eta ikuspegiak errotik eraldatzeko.
Are gutxiago bideak irekitzen dituztenek halako jarrera eta ikuspegiarekin eginez gero: «Nire lehenengo zuzendaritza erantzukizunak zein gogorrak ziren gogoratzen dut, gizona banintz bezala jokatu behar bainuen, nire alderik onberena, emozionalena, hil behar izanda. 80ko hamarkadaren erdialdera ez banu hala jokatu, nire karrera han bertan bukatuko zen». Harrotasunez agertzen zuen elkarrizketan gizonen mundu zakarrean iraun izanaren garaipena, «balioa hiru aldiz gehiago erakutsi behar izanda, errendimendu bera izanda, beti baloratu izan baikaituzte gutxiago» onartuta. Eta argi eta garbi utzita inoiz ez dela feminista izan, uko egiten diola emakumeak zuzendari karguetan ehuneko bat betetzeagatik jartzeari, adibideak ere jarrita -«AEBetan ere gertatu zen hasieran gutxiengoen eta emakumeen kuotekin, edozein jartzen zutela eta horrek arrazoiak ematen zizkiela berdintasunaren kontra daudenei»-. Eta elkarrizketari amaiera emateko, bere ibilbide profesionalean eta pertsonalean ikasitakoaren gogoeta nagusi eta apartena: «Mugimendu feministak min handia egin dio emakumearen borrokari».
Zer dugu guk geuk, emakumeok, feminismoarekin, «feminista» hitzarekin. Elkarrizketatuaren belaunaldi bereko ama dut, berean ere karrera izugarria egin duena, bideko oztopo guztiak gaindituta, lana ez ezik familia eta bizitza sozial aberatsa ere badituena, hurbileko nahiz urruneko besteei laguntzeko eta mundua konpontzen saiatzeko astia ere atera duena, berdintasunaren borroka sekula alde batera utzi barik, eta ozenki dioena «feminista naiz eta harro nago!». Nire belaunaldian zatiketa bera sumatzen dut, feminismoaren irudiak desitxuratuta eta estigmatizatuta jarraitzen baitu, patriarkatuaren mesede garbirako. Etiketa sustatzaileek jakin dute ondo egiten euren lana, emakumeak garenean geure eskubideen aldeko mugimendua iraintzen dugunak.