Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Txorierrik beste garaipen bat lortu du, eta txapeletik geroz eta gertuago dago
J.L.
Txorierrik Euskal Herriko Liga irabazteko beste urrats bat eman zuen herenegun ilunabarrean Galdamesen, eta sailkapen nagusian geroz eta alde handiagoa ari da ateratzen.
Txorierrik, gainera, alde nabarmena kendu zien gainerako taldeei. Burdin Gazteak, Ortuellako taldea, izan zen bigarrena, eta zulo bat pasako aldea kendu zieten, eta bi zulo, berriz, Kabiezesi. Beraz, argi geratzen da une honetan Txorierri gainerakoen gainetik dagoela, eta zaila izango zaie beste talde guztiei hauek lehen postutik baztertzea.
Gainontzean ez zen ezusterik izan, eta aurreko jardunaldietako postuak errepikatu egin ziren. Beraz, taldeak nahiko finkatuta daudela ematen du.
Herenegungo berrikuntza KZ Kolpeka taldea izan zen. Emakumezkoekin osatutako talde bakarra da. Iaz Ligan aritu ziren, baina aurten talde nahiko justua dutenez, ekitaldi batzuetan bakarrik hartzen dute parte; ondorioz, ez dute punturik jasotzen. Lan nahiko txukuna egin zuten, 5 zulorekin.
Honela geratu zen sailkapena: lehenengo Txorierri (19 zulo eta 3,5 zm), bigarren Burdin Gazteak (18 zulo), hirugarren Kabiezes (17 zulo eta 3,6 zm), laugarren Aldai Alde (15 zulo eta 6,8 zm), bosgarren Errekatxo (14 zulo eta 9,8 zm), seigarren Las Karreras (13 zulo eta 5,6 zm) eta zazpigarren KZ Kolpeka (5 zulo eta 3,2 zm).
Sailkapen nagusian Txorierrik orain 28 puntu ditu, eta bigarren postuan Burdin Gazteak taldea dago 24 punturekin. Hirugarren Kabiezesek jarraitzen du, baina orain 22 puntu ditu, eta lehen postutik aldentzen ari da.