Aizkora Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga
Larretxeak ez du barkatzen
Nafarrak oso erraz hartu du mendean Jon Rekondo, eta oraindik bera mendean hartzeko lan asko egin behar dela erakutsi du.
Jon LEUNDA
Donato Larretxeak irabaziz ekin dio Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligari, atzo Ondategin oso erraz hartu baitzuen mendean Jon Rekondo, jokatutako sei probetatik bost irabaziz.
Jon Rekondok hasierako lanean bakarrik lortu zuen garaipena. Bertan 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta hiru kolpeko aldea kendu zion Larretxeari.
Hortik aurrera beteranoa erabat gailendu zen. Bigarren lanean aldeari buelta eman zion, eta iraupen probara ere alde nabarmenarekin heldu zen. 45 ontzakoarekin erlojuz kontra neurtu zirenean, 50 segundotan bota zuen Larretxeak, eta 15 segundo sartu zizkion. Ondoren 45 ontzakoa zutik izan zuten, eta Larretxeak 28 segundo gehiago sartu zizkion. 60 ontzakoa mozten, berriz, beste 20 segundo gehiagoko tartea egin zuen; zutik eta etzandakoan aldea gehitu egin zuen, iraupen proban errematatzeko. Lan guztiak 15 minutu eta 38 segundotan burutu zituen Larretxeak, eta 16 minutu eta 42 segundotan Rekondok.
Gaur, berriz, Hernanin, Ezkiaga pasealekuan, jokatuko da bigarren jardunaldia, eta bertan Lopez eta Azurmendi izango dira aurrez aurre.
Hirugarren Maila
Mikel Larrañaga eta Jon Irazu sailkatu dira Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketako finala jokatzeko. Ostiral arratsaldean jokatu zen Hernanin lehen kanporaketa, eta oraindik beste bi ere jokatu beharko dira; horietan lehen bi postuak lortzen dituztenak ere finalerako sailkatuko dira.
Larrañaga eta Irazu Gipuzkoako Bigarren Mailako finalera ere sartu ziren orain dela aste pare bat, eta orduan jendeak ezuste moduan hartu zuen, baina Hernanin garbi utzi zuten ez zela izan kasualitatea, beste guztien gainetik amaitu baitzuten azpeitiarrak eta zizurkildarrak.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko moztu behar izan zituen, eta Larrañaga izan zen onena, nahiz eta 3 segundo bakarrik kendu zizkion Irazuri. Hirugarren sailkatua Iban Resano izan zen, eta hura minututik gorako aldearekin geratu zen. Raul Kastro zen faboritoa, baina nafarra seigarrena izan zen azkenean.
Sailkapena honela geratu zen: lehenengo Larrañaga (7.47), bigarren Irazu (7.50), hirugarren Resano (8.56), laugarren Kañamares III.a (9.05), bosgarren Ruben Saralegi (9.10), seigarren Raul Kastro (10.19), zazpigarren Alkizalete I.a (10.30), zortzigarren Agirre (10.35), bederatzigarren Aldape (11.08), hamargarren Oregi (12.04) eta hamaikagarren Lekue (12.55).
Hurrengo kanporaketa uztailaren 3an, datorren asteburuan, alegia, jokatuko da Usurbilen, eta handik ere estreinako biek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Lehian aritu ziren bi aizkolariek sei lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta Rekondok bakarra irabazi ahal izan zuen, lehenengoa. Hortik aurrera erabat nagusitu zen Larretxea.
Leonen jokatu zen ostiral gauean Timber Sport probako finala, Egurraren Finala, honela deitzen zaio, izan ere, aizkoran, trontzan eta motozerran egin behar izaten dute parte-hartzaileek.
Bost euskaldun ziren finalerako sailkatuta, baina ezin izan zuten txapelik lortu. Orain arteko txapelduna Patxi Mindegia zen, baina Zubietakoak aurten bigarren amaitu zuen. Txapela, berriz, Soriako Ernesto Herrerok jantzi zuen.
Donato Larretxeak hirugarren postua lortu zuen, Vicentek laugarrena, Patxi Larretxeak seigarrena, eta Felix Etxeberriak zortzigarrena.
Finalean hamar kirolari izan ziren, eta horietako erdiak, euskaldunak. Faboritoak ere beraiek ziren hasiera batean, baina, aldiz, ezin izan zuten garaipena eskuratu. Herrero Soriako aizkolaririk onena da. J.L.