Xabier ALZELAI | Probetako ingeniaria
Entzierro garbia Valentzian
Gorabehera askorik gabeko lasterketa izan da Valentziakoa, neurri batean espero zitekeen moduan, azken urteetako ildo bertsuan. Gaurkoan Mayländerrek safety car-a itzalpean utzi du lasai bazkaltzeko. Alonso eta Webberren arteko borrokaz aparte ez da aurreko postuetan mugimendu nabarmenik izan. Aurreneko zazpi autoek hiru geldialdiko estrategia jarraitu dute eta gehienek pneumatiko ertainak bukaerarako utzi dituzte. Vettelek hasierako erasoarekin lortu duen 3 segundoko abantaila erraz kudeatu du. Lasterketaren azken laurdenean pneumatiko ertainekin ere azkarrena izan da. Garaipen honekin Vettelek 2011n bere bigarren txapela eskuratzeko hautagaitza sinatu du. Batzuen iragarpenen aurka, Red Bull etxea azkarrena izan da oraingoan ere. Zergatik espero zen Red Bull etxearentzat lasterketa zailagoa?
Valentziakoa stop&start motako zirkuitu azkarra da. Hiri zirkuitua izan arren, ez da hiri zirkuitu klasikoa. Monakoren eta Valentziaren artean ez dugu parekotasun askorik aurkituko. Bi hiriak Mediterraneo itsasoan daude eta bi zirkuituak portuaren inguruan daude. Praktikan hori da komunean duten bakarra. Valentzian abiadura handiko zuzenguneak ditugu, 10. eta 12. kurben tartekoa bezala, non 320 km/h abiadurara iristen diren autoak. Ondoren balaztatze gune gogorreko 80 km/h-ko hiru kurba daude. Asfaltoa nahiko laua eta zabala da, eta batez besteko abiadura 225km/h ingurukoa, Monakon ez bezala. Montrealen antzera, zirkuitu gogorra da motor eta balaztentzat. Valentziako beroak baldintzak gogortu baino ez ditu egiten. Zirkuitu teknikoa da, pneumatikoentzat benetan latza. Red Bull autoek kurbetan irabazten dute abantaila. Horrez gain, Pirellik pneumatiko ertainak aukeratu zituen Valentziarako, eta, teorian, horiek, tenperatura altuetan, Ferrari autoentzat hobeak dira; asteburu honetan, aldiz, kontrakoa ikusi dugu. Asfaltoa laua denez, autoa nahiko baxu konfigura daiteke. Atzealde bigunago batekin, itsaspena irabazten da kurben irteeretan. Edozein kasutan, trakzioa eta balaztatzearen egonkortasuna garrantzitsuak dira Valentzian eta Red Bull autoak oso lehiakorrak dira bi arlo horietan.
Zergatik ez dira espero beste aurreratze izan? Ikusten ari garenez, DRS sistemak ez du zirkuitu guztietan berdintsu funtzionatzen. Itsaspen mailaren eboluzioa kontuan hartu beharreko puntua izan da Valentzian asteburu osoan zehar. Zirkuitua trafikoari irekita egoten da normalean. Igandera bitartean itsaspena irabazten doan linea bakar bat sortzen da asfaltoan. Linea hori utziz gero, grip maila nabarmen jaisten da. Hori da aurreko edizioetan hain aurreratze gutxi ikusi izanaren arrazoia. DRS sistema indarrean sartu zenetik, irabazteko, garrantzitsua da oso autoa lasterketa osoan zehar sendoa izatea; bestela oso erraza da postuak galtzea. Iraganean, DRS sistema iritsi aurretik, zure autoa atzekoa baino motelagoa izan arren, posizioa mantentzea errazagoa zen; izan ere, atzekoak desabantaila aerodinamiko nabarmena zuen.
Ferrari aurrerapausoak ematen ari da. Batzuek diotenez, aurrerapauso horien emaitzak nabarmenagoak izango dira denboraldiaren bigarren zatian, orduan sartuko baita indarrean ihes-gas bidez elikatutako difusoreen debekua. Ni neu ez nago hain ziur. Aerodinamikoki bi eragin garbi izango ditu debekuak: autoak downforce totala galduko du balaztatzean eta autoaren oreka kaltetuko da. Dena den ia talde guztiek daramaten sistema da. Batzuek beste batzuek baino gehiago galduko dute, baina guztientzat da desabantaila. Red Bull autoek sistema hoberenetarikoa daramate; beraz, teorian, galtzeko gehien dutenak dira. Galdera, aldiz, honakoa da: zenbat? Red Bullen DRS sistemak nahiko indartsua dirudi, izan ere, zona askotan aktibatzen dute -beste auto batzuek ezin dute sistema zona horietan aktibatu, eginez gero egonkortasuna galduko bailukete-. Egonkortasun horren zati bat galduko dute orain Red Bull autoek, baina ni neu ez nintzateke harrituko aurrerantzean ere auto azkarrenak izaten jarraituko balute. Agian, Red Bull autoen jokaera ezegonkorragoa izango da balaztatzean, eta kurben irteeran azpibiratze gehiago sufrituko dituzte. Silverstoneko zirkuituan ikusiko dugu!