GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lau lagunetik hiruk egin ahal izango dituzte euskaraz erregistro zibileko izapideak

Ez da oraingo kontua jaiotza, heriotza edota ezkontzak euskaraz erregistratu nahi izatea eta Administrazioaren ezezko borobila jasotzea. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian behinik behin, aurrerapausoak ematen ari dira.

GARA | BILBO

Lakuako Gobernuak iragarri berri duenez, lau herritarretik hiruk erregistro zibilean euskaraz erregistratzeko aukera izango dute uda amaitu aurretik. Aukera hori 70 bat bake epaitegitan Inforeg informatika sistema ezarri ostean izango da eskuragarri.

Justizia eta Administrazio Publikoko Sailak Justizia Sailburuordetzaren bitartez iragarri duenez, berehalako helburutzat du «EAEko erregistro zibiletan inskripzioa euskaraz egiteko aukera ahalbidetzea». Beraz, prentsa ohar baten bidez nabarmendu duenez, «erregistroen zenbatekoak gorantz egingo» du.

Izapideak euskaraz egiteko aukera izango dutenen ehunekoak gorantz egingo du aurrerantzean, «biztanleriaren osotasunera iritsi arte hurrengo hilabeteetan», azaldu dute. Aurten arte, haurrak euskaraz erregistratu ahal izateko aukera hamalau erregistro zibiletan bakarrik zegoen. Lakuak argitu duenez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hamalau erregistro zibil nagusietan, hain zuzen ere.

Orain arteko egoerak, oraindik ere leku askotan indarrean denak, «euskal gizartearen erdiari 2005/12 Legediak onartzen zuen eskubide bat gauzatu ahal izatea eragotzi» diola onartu du Lakuak.

Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hamalau erregistro zibil nagusiez gain, beste 200 erregistro zibil ere badaude hiru lurraldeetako 236 bake epaitegietan banatuta. Horietako gehientsuenak udal instalazioetan daude.

Lakuak eta Madrilek 2010ean sinatutako hitzarmen baten ondorioz, Lazkao, Errenteria, Legazpi, Aretxabaleta, Ibarra eta Zumarragan proiektu pilotu bat izan da indarrean aurten, horretarako «formazio saioak» ere egin zituztelarik. Ostean, maiatzaren 23an, Pasaian eta Ondarroan ere jarri zuten martxan egitasmoa. Aste honetan bertan, Usurbil eta Markina-Xemeinen txanda iritsi da.

Borroka luzea

Legeak lege, borroka luzea izan dute azken urteotan Euskal Herriko familia ugarik erregistro zibileko izapideak euskaraz egiteko. Administrazio Publikoaren «mantsotasuna» ikusita, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz taldeak edota Uemak berak sarri salatu dute egoera.

Madrilen izandako lege aldaketa EAEn euskararen ofizialtasuna lortu eta 23 urtera iritsi dela ere salatu du Behatokiak. Hala, euskarak ofiziala den lurraldean beste hizkuntz ofizialek baino eskubide gutxiago dituela salatu du. «Euskaraz bizi nahi dutenen eta eskubide hori ukatzen dutenen argazkia» argi eta garbi erakusten du Behatokiaren ustez egoera horrek . Izan ere, oraindik ere udalerri euskaldun askotan ezkontza, heriotza eta jaiotzak euskaraz erregistratzea ezinezkoa da.

Ipar Euskal Herrian, berriz, egoera are eta larriagoa da. Behatokiak salatu duenez, euskal herritarrei ez zaie inongo eskubiderik onartzen, frantsesa baita hizkuntz ofizial bakarra bertan.

BIDE LUZEA

Bide luzea egin behar izan dute Hego Euskal Herriko familia askok haurrak euskaraz erregistratzeko eskubidea izateko. Ipar Euskal Herrian onartuta ere ez dago oraindik eskubide hori, hizkuntz ofizial bakarra frantsesa baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo