GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Beroaldia Euskal Herrian

Ondo ez, bete-betean asmatu dute eguraldi iragapenek oraingoan

Asmatuko ote dute, ez... Ondo ez, bete-betean. Tenperatura altua iragarri zuten atzoko egunerako eta termometroak makina bat lekutan pasa ziren 40 graduko mugatik; beste leku askotan oso gertu izan ziren. Etxean geratzeko gomendioa egin zuten agintariek, baina hondartzak topetaraino bete ziren. Gaurko ere tenperatura altuak iragarri dituzte; bihartik aurrera behera egingo dute.

p002_f01.jpg

Eguraldia izendatzeko hitzik ez da falta euskal hiztegian. Ez da harritzekoa, eguraldiaz asko, gehiegi akaso, hitz egiten baita. Atzokoan, zalantzarik gabe, eguneko protagonista eta hizketa gai nagusia bilakatu zen; baina justifikatua zegoen. Egunak generamatzan beroa egingo zuen edo ez zuen gaiari helduta, beroagatik alerta egoera iragarrita baitzegoen. Eta beroa egin, egin zuen. Eta gogotik, gainera!

Goizean goizetik

Eguneko lehen orduetako freskurari ere ezin izan zieten heldu herritarrek; eguzkia atera zenerako -eta zenbait tokitan hura atera aurretik ere bai-, bero zapa nagusitu baitzen.

Kostaldeko brisan ezin bilatu aringarririk, barnealdean zein itsasertzean igo baitzen tenperatuta. Jaietan murgildurik dagoen Zarauzko herrian izan ziren tenperatura altuenetakoak lehen orduetan. Goizeko zortziak jotzerako, 30 gradutik gora markatzen zituen termometroak.

Askori oraindik ere etxeratzeko zeudela harrapatu zien eguzkiak eta beroak, eta goiza luzatzeko balio izan bazien, biharamunari aurre egiteko beroa ez dela lagunik onena frogatzeko aukera izan zuten, seguruenik, beranduago.

Afrikatik etorritako haizea da, adituen esanetan, egunotako beroaren arrazoia. Hark igoarazi ditu termometroak gurean sasoi honetan oso ohikoak ez diren mailetaraino, eta, antza, gaur ere, hala mantenduko ditu. Haize beroak bat egin du udako solstizioarekin, eguzki ordu gehien dituzten egunekin; eta bata eta bestea...

Agintariek horitik laranjara pasa zuten horregatik alertaren kolorea atzo eta gomendio sorta ederra eman zieten herritarrei beren buruak babesteko.

Besteak beste, tamainako beroari aurre egiteko etxean eta leihoak itxita geratzea gomendatzen dute osasun adituek. Gomendioak gomendio, jendeak ezin izan zion hondartzara joateko tentazioari eutsi, eta, hala, han elkartu zen beroaldiari itsasoko urarekin aurre egin nahi izan zion herritar andana.

Hondartzak lepo

Donostiako Ondarreta leporaino beteta zegoen eguerdirako. Lehen begiradan baina, agerikoa zen jendearen «larria eta nahia»; bata bestearen albo-alboan jarrita, uraren ertzean bertan pilatuta.

Edozein trikimailuk balio zuen beroari aurre egiteko; hankak uretan sartu eta aterkia «guardasol» egin zuen emakumearen atrebentzia beharra zen atzo eguerdian. Hondartzan egoteko egun ona ez bazen, are gutxiago bertan lan egiteko. Lepotik egin behar izan zuten, ordea, edari eta izozkiak saltzen zituzten postuetan gerturatutakoen egarriak aseko bazituzten.

Alfer-alferrik baina eguneko ordu beroenetan. Zenbaitek beroak eragindako arazoak ere izan zituen. Eguzkitan, antza, denbora gehiegi eman eta Gurutze Gorria adineko emakume bat artatzen ari zen Ondarretako hondartzan arratsaldeko lehen orduan.

Izan ere, goizean sargori bazen, zeresanik ez egunak aurrera egin zuenean. Meteorologia zentroetako termometro asko 40 graduko mugatik pasa ziren. Bizkaian, Iurretan esate baterako, 14.30ean 40,9 gradu seinalatzen zituen termometroak; ordu erdi lehenago, Muxikan, 40,8. Zaldibarren, berriz, 41,1 gradu izan zituzten 15.20ean.

Araban Laudio izan zen tenperatura altuenak izan zituen herria Euskalmeten datuen arabera. 13.50ean jo zuen goia termometroak eta ondo jo ere, 41,6 gradura iritsi baitzen. 40 gradutik oso gertu ere Subillan, eguerdi partean 39,1 gradu izan baitzituzten.

Gipuzkoan, bost meteorologia zentrotan gainditu zuten 40 graduko muga: Alegian, 40,5 gradurekin; Aizarnazabalen, 40,3rekin; Belauntzan 40,3rekin; Lasarten, 40,1ekin eta Altzolako neurgailuan 41,2rekin, besteak beste.

Errekorretik gertu

Lapurdiko kostan, deigarria Biarritzen izan zuten tenperatura muga. 38,9 gradutan kokatu zen, ia-ia ekaineko maximo historikora iritsita. Hain zuzen ere, 2003. urteko ekainaren 21ean dago errekorra; egun horretan 39,1 graduraino igo zen termometroa Lapurdiko kostaldeko herrian.

Nafarroan, eguerdia bitartean kostan baino tenperatura baxuagoak izan zituzten. Arratsaldean, beste herrialdeetako zenbait gunetan bezala, gora egiten jarraitu zuten termometroak. AEMETen arabera, Tuteran 30,7 gradu zituzten 13.00etan, eta, 18.00etan, 36,4. Gauza bera Arangurenen; eguerdian 31,3 gradu zituzten eta 35,4, berriz, 18.00etan.

Atzokoarekin «nahiko» izan ez zutenek, gaur, berriz ere okasioa. Joxe Landa eguraldi adituak iragarri duenez, bero zakarra izango da Euskal Herri osoan eta termometroek gora egingo dute, berriz ere 40 graduren inguruan kokatuz leku askotan. Bihar hasiko da giroa nahasten eta iluntzean euria egitea espero da. Asteburuko beroaren ostean, seguru batek baino gehiagok gustura hartuko duela.

Maider EIZMENDI

sute arriskua

Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak herritarrei eta bereziki uzta jasotzen ari diren nekazariei suteak saiheste aldera arreta handitu dezaten eskatu die. Izan ere, egunotako beroak direla-eta suteak izateko arriskua handia da Nafarroan.

Gazte bat hil da Zurriolan igeri egiten ari zela

Gazte bat hil zen atzo eguerdian Donostiako Zurriolako hondartzan. Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez, gertaera 13.10ean gertatu zen. Kongon jaiotako gaztea sorosleek atera zuten uretatik. Hondartzan bertan saiatu ziren sorosleak gaztea suspertzen, baina ordurako hilik zegoen. GARA

aholkuak

Beroari aurre egiteko, etxean geratzeko gomendioa egiten dute, bai eta likido ugari edatekoa ere deshidratatzeko arriskua saihesteko. Otordu arinak (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta...) egitea ere mesedegarria dela diote adituek.

DAtuak

41,6

gradurekin Laudio izan zen Euskalmeten arabera erregistratutako tenperatua handiena izan zuen herria.

39,1

gradutan dago ekaineko tenperatura errekorra Biarritzen. 2003ko ekainaren 21ean izan zen hori; atzokoan gertu izan ziren, 38,9 gradu izan baitzituzten.

10

AEMET elkarteak ohartarazi duenez, erradiazio ultramorea bere mailarik altuenetan dago. 1etik 11rako neurrian, 10eko mailan dago Estatu espainol guztian

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo