Zonbiak, espioitza eta kartzelako ihesaldiak udazkeneko gauetan
Telebista kateek uda garaia erabiltzen dute beraien telesailen denboraldi berriak edota telesail berriak sortu eta grabatzeko. Horrenbestez, hilabeteotan asko entzungo ditugu «The walking dead», «The good wife», «2055» edota «Games of thrones» bezalako izenburuak.
M. LARRINGA | DONOSTIA
Telebista kateak lanean dabiltza jadanik telesail eta denboraldi berriak prestatzen. «The event», «The walking dead», «2055» edo «Game of thrones» dira horietako batzuk.
Antena 3k, adibidez, «The event» telesail berria estreinatuko du datorren ostegunean. Hasiera batean Neox katean bota behar zuten, baina, azkenik, Antena 3k ostegunetan eskaintzen zuen zinema gauaren ordezkoa izango da.
Konspirazioz, akzio, zientzia-fikzioaz eta misterioz betetako telesaila da «The event». Istorioa Sean Walker pertsonaiaren ingurukoa da; hau da, bere emaztegaiaren desagerpena argitu nahi duen gazte baten ingurukoa. Ikerkuntza horretan AEBetan inoiz izandako istorio ezkutuena azaleratuko da.
Telesailaren estreinaldia ikusgarria izan zen AEBetan: azken hiru urteetako onena. Aldiz, ikusleak galdu zituen gutxika sailak, eta, azkenean, bertan behera geratu zen 22 atal eta gero.
«2055», itsasoko kartzela
Telecincok, bestetik, etorkizun hurbil batean kokatuko du bere proiektu berria: «2055». «Prison break» telesaila eredu, kartzela batean girotuta dago. Itsasoaren erdian kartzela bihurtutako petrolio plataforma zahar batean izanagatik, presoak bertatik ihes egiteko bidea aurkitzen saiatuko dira. Tartean amodioak ere garrantzi handia izango du.
Aitor Luna («Los hombres de Paco») izango da protagonista. Berarekin batera, Maria Valverde («Tres metro sobre el cielo»), Jennifer Rope («Musica si»), Maria Vazquez («Hospital central»), Emilio Buale («Amar en tiempos revueltos»), Asier Etxeandia («Herederos»), Marian Alvarez («Hospial central») edota Fernando Guillen Cuervo («Los misterios de Laura») ere izango dira.
«The walking dead»
LaSextako zonbiak ere prestatzen ari dira bigarren denboraldian beldurra eta odola berriz ere ikus-entzuleen etxeetara eramateko. Denboraldi berriak hamahiru kapitulu berri izango ditu, lehenak baino zazpi gehiago, eta datorren udazkenean estreinatuko da.
Lehenengo denboraldiaren ostean, bigarrenean «izerdi gehiago, negar gehiago, odol eta beldur gehiago» izango dira, azaldu du Andrew Lincolnek, protagonistak. Gakoa, hori bai, Jenner doktoreak Ricki esandako hitzetan egongo da.
Canal + kateak lehengo hilaren 19an amaitu zuen «Game of thrones» telesailaren lehen denboraldiaren emisioa; hau da, George R. R. Martinen «A song of ice and fire» izeneko eleberrietan oinarritutako telesaila. HBO kateak uda honetan hasiko ditu bigarren denboraldiko grabaketa lanak, baina jada ezagutu dira aktore berriak eta istorioaren nondik norako batzuk. Bigarren denboraldiak «A Clash of Kings» bigarren liburuan izango du oinarria; bertan, Natalie Dormer («Los Tudor») aktorea Margaery Targariel pertsonaia izango da, hau da, Robert Baratheon erregearen Renly anaiaren ezkongaia.