GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria

Teknologiak eta iraultzak

«Urteak dira galdera horiekin hasi ginela, eta hala jarraituko dugu», dio egileak teknologien eragina gero eta eremu gehiagotara zabalduko dela iragartzean. Galdera sorta pausatzen du hausnarketarako, eta, bereziki, «udaberri arabiarretan» eta M15 mugimenduan izan dituen inplikazioak aztertzen ditu. «Tresna hutsak dira edo benetako giltzarriak?», «zergatik dira hain eraginkorrak?» galdetzen du, eta beren eraginkortasuna «zentsura gainditu» eta «herritarra informazio-emaile» egitean datzala dio. Gainera, informazio hori «komunitateetan» egitura daiteke, eta, «klik bateko denboran», ondo etiketatutako informazio hori etxe guztietara heltzen da, eta kontzientziak esponentzialki hazten dira. Teknologiek ez dituzte Afrika iparraldeko iraultzak eta M15 mugimendua sortu, «babestu, anplifikatu eta erantzuna elikatu» egin dute; aldiz, teknologia horiek gabe, «existitu existituko ziren, baina ezberdinak izango ziren halabeharrez».

Teknologiei «teknologia berriak» deitzen zaien bitartean, eremu eta fenomeno ezberdinetan jokatzen duten paperaz eta duten eraginaz hitz egingo da etengabe. Urteak dira galdera horiekin hasi ginela, eta hala jarraituko dugu: teknologien eragina gero eta eremu gehiagotara zabalduko baita etorkizunean ere.

Eta... teknologiek hezkuntzan zein paper jokatzen dute? Tresnak dira edo metodo bat, bere osotasunean? Zein da sare sozialen eragina gaztetxoengan? On edo kalte egiten diete? Norantz jo behar du kazetaritzak teknologien ondorioz? Zer gertatu behar du industria kulturalarekin, saretik edukiak deskargatzen jarraitzen badugu? Zein eragin dute teknologiek gure harremanetan? Eta gure komunikatzeko moduan? Aurrez aurrekoari denbora kentzen ote diete? Zer egin dezakete teknologiek euskararen alde? Edo kaltegarriak dira? Eta zein da euren eragina eguneroko euskararen erabileran? Teknologiak dena iraultzen ari direnaren seinale dira galdera horiek guztiak. Baina behetik gorako iraultzak sor eta egin daitezke teknologiekin? Zer gertatu da M15eko «haserrealdietan»? Eta Afrika iparraldeko iraultzetan? Zein paper jokatu dute teknologiek «udaberri arabiarrean»? Esentzialak izan dira? Edo informazio-kanal bat gehiago?

Asko hitz egin da Facebook eta Twitter sare sozialek, batez ere, Tunisia, Egipto eta Siriako iraultzetan edota M15eko «haserrealdietan» izan duten garrantziaz. Denetariko iritziak kaleratu dira, baina gehiengo batek, guztiek ez esatearren, bat egiten dute premisa batean: funtsezko beste elementu bat izan dira, beste giltzarri bat. Horrela soilik uler daiteke herrialde ezberdinetako agintariek milaka eta milaka ziber-polizia lanean jartzeko erabakia (hitz konkretu batzuen erabilera debekatzeraino). Txina tematua dabil 2008ko Olinpiar Jokoetatik. Baina, Internet eta bere zenbait zerbitzuren kontrol nahi horretan, Iran eta Egiptoko agintariak ere ez dira atzean geratzen. Eta, hortaz, gisako neurrien aurrean, teknologia horiek, maila batean edo bestean, iraultza edo mugimendua lagundu egiten dutela nabaria da.

M15 mugimenduaren kasuan, Zaragozako Unibertsitateak enpresa batekin elkarlanean azterketa bat egin zuen, zeinaren helburu nagusia sare sozialetan informazioa banatu eta jasotzen dutenen arteko konexio eredu edo patroiak aztertzea zen.

Zenbakitan: apirilaren 25etik maiatzaren 26rako epean egin zuten azterketa; M15 mugimenduarekin lotutako 70 gako-hitz jarraitu zituzten; ia 600.000 mezu detektatzera iritsi ziren, ia 90.000 erabiltzailerenak; mundu mailan sortu ziren datu eta mezu guztietatik herena zirela kalkulatu dute. Nabaria da egun eta ordu konkretuetan, ekintza edo manifestaldien debekuen berri izatean, esaterako, sare sozialetan eman zen informazio eta hartu-emanen dantza (emaitza bideo baten bidez ikus daiteke: http://15m.bifi.es/).

Zer den, Internet. Ez dago dimentsio espazial eta denborazkorik. Dena hemen dago eta orain da. Gertutasuna eta berehalakotasuna da. Espainiar Estatuko hiri ezberdinetan jazo diren gertakariak ia gertatu orduko ezagutu dira. Hiri ezberdinetako eztabaida eta asanbladak ez dira hirikoak bakarrik izan. «Sekreta» infiltratuek poliziaren babespean nola alde egiten duten erakusten duen bideoak Estatu osoari bira eman dio.

Eta Euskal Herriko hiri nagusienetan ere, M15 mugimenduak antolatzen dituen ekintzek gero eta erantzun handiagoa dute. Berdina gertatuko zen teknologiarik erabili gabe? Zenbaterainokoa da teknologien garrantzia gertakariak eman diren bezala emateko? Tresna hutsak izan dira edo benetako giltzarriak? Zergatik dira hain eraginkorrak, izan badira?

Batetik, Internetek informazio-kanal gisa duen eraginkortasuna azpimarratu behar da. Zentsura eta adierazpen askatasunaren urraketa gainditu eta herritar bakoitza informazio-emaile bilakatzea ahalbidetzen baitu, beste bertsio bat emateko aukera eskainiz, hau da, bertsio ofiziala auzitan jarriz. Informazio hori mundu mailan zabaltzen da, eta, hortaz, baita herri eta herrialde barruan ere.

Informazio hori, gainera, komunitateetan egitura daiteke. Hori da Facebook, Twitter eta gisako sare sozialen ezaugarri bereizgarriena: autoritateen kontroletik kanpoko sareak edo komunitateak sortzeko aukera sinplea, azkarra eta eraginkorra eskaintzen dute. Sare sozialei esker, beraz, Informazioa modu ordenatuan banatu eta jaso daiteke, eta, bidenabar, erabiltzaileak ere antolatu eta saretu egiten dira.

Are gehiago, klik bateko denboran, ondo etiketatutako informazio hori etxe guztietara iristen da. Etxeko heldu eta zaharrenetara ere bai, ez soilik teknologia erabiltzaile zuzenak diren gazteengana. Modu horretan, jendeak kontzientzia hartzeko aukera esponentzialki hazten da; hurrengo jauzia kontzientzia-hartze indibiduala antolaketa kolektibora pasatzea izan beharko litzateke.

Baina jakina da gazteak direla Facebook eta Twitter gehien erabiltzen dituztenak, eta, hortaz, baita iraultza eta mugimenduetan ere. Eta gazteak izan direnez iraultza eta mugimendu horien bultzatzaile nagusiak, euren bizitzetan hain txertatuak dauden sare sozialak euren «haserrealdien» isla ere izan dira. Eta, hori horrela, etorkizuneko mugimendu sozialetan teknologiak presente egongo direla eta berebiziko garrantzia izango dutela iragar daiteke.

Baina teknologiek ez dituzte Afrika iparraldeko iraultzak edo M15 mugimendua sortu: babestu egiten dituzte, anplifikatu eta erantzuna elikatu. Eta haserrealdi indibidualetik erantzun kolektibora pasatzeko adorea eta kemena sortzeko adinako eragina ere izan dute. Teknologia hauen aurretik ere existitu baitira iraultzak, baina beharbada etorkizunekoetan elementu erabakigarriak bilaka daitezke.

Nork daki. Jakina dena da informazioa zabaltzeko bideek eta kanal horietatik banatutako informazioak, kuantitatiboki eta kualitatiboki, mugimenduen izaera, norabidea edota iraupena ere baldintza dezaketela. Baina beste asko bezala, nago, niri ere, «udaberri arabiarrean» eta M15 mugimenduan teknologiek jokatu duten papera berez dena baino garrantzitsuagotzat jo dela. Baina egia da: teknologia horiek gabe iraultza eta mugimendu horiek guztiak existitu existituko ziren, baina ezberdinak izango ziren, halabeharrez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo