GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Gobernatzeko erronka eta erantzukizuna

Gogaikarria gertatzen da oraindik zirkinik egin ez dutenen lelo amaigabea: indarkeria gaitzets dezatela, zioten lehen, absurduaren urrezko orrialdeek jasoko duten legera eramanda. Orain, ETAri esan diezaiotela... errepikatzen dute behin eta berriz. Eta, badaezpada ere, hurrengoa ere iragarria dute: gaitzets dezatela iragana, eska dezatela barkamena, Konstituzioa onar dezatela... Hori al da alderdi eta politikari horiek gizarteari eskaintzeko duten guztia? UPyD, Hego Euskal Herriko zortzigarren indar politikoa, berriz, herritarren sostengu masiboak eman dion zilegitasunaren argudio erantzunezinarekin, ez da txikikerietan galtzen: Bildu legez kanpo ezar dezatela eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak dimisioa eman dezala eskatu du.

Maiatzaren 22ko hauteskundeetako ezustekoa ikusita, askok esan zuten Bilduri oposizioan egotea komeni zitzaiola... ez baitzuen gobernatzeko gaitasunik. Jakina, gobernatzea dakitenei dagokien jarduna da, herritarrei zer komeni zaien herritarrek berek baino hobeto dakiten horiei, hain zuzen. Baina Bilduk gobernatu egingo du; hainbat udaletxe eta aldundi bat. Bai, «ausartu» egingo da, besteak beste, herrialde baten Ogasuna kudeatzen (zenbat diru...? Jo ezazu berriro, Sam). Egia esan, ez da erronka makala, baina, aldi berean, gobernatzeko beste modurik badagoela erakusteko aukera ederra da. Benetan denentzat goberna daitekeela eta hala izan behar duela erakusteko aukera. Ez da erraza izango beste indar politiko gehienak ez ezik, zenbait sektore ekonomikoren presioa ere gainean izanik; Bilduren kudeaketak porrot egin dezan nahi dutenen presioa, orain arteko gobernatzeko modua beren interesentzat egokia zenen presioa. Gertatzen da, ordea, bakan horien interesak ez direla gehienen interesekin bateragarriak. Hala ere, gutxienez, horiek, Bilduri eskatzen dioten erantzukizuna erakutsi beharko lukete.

Nolanahi ere, eta Bilduk herritarren parte-hartzea bultzatuko duela iragarrita, herritarrek beren interesen araberako kudeaketa eskatu beharko lukete. Alegia, presio talde indartsuena izan beharko lukete, hartarako zilegitasunik handiena dute-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo