GARA > Idatzia > Mundua

Flotilla galarazteko presioak salatu dituzte Gazara doazen ekintzaileek

Arazo teknikoak aitzaki, zenbait ontziri itsasoratzea galarazi die Greziak eta errezeloak nagusi dira ontzidiko partaideen artean. Israelek esan du ez diola Askatasunaren Flotillari Gazara iristen utziko; Kairorekin kontaktuan dela ere filtratu da, giza laguntza itsasotik beharrean lurretik eramateko.

GARA

Egun gutxiren buruan Gazarako bidean izatea espero dutela adierazi zuten atzo itsas blokeoa eten asmoz Askatasunaren II. Flotillan parte hartuko duten ekintzaileek, Atenasen (Grezia) egindako agerraldian. Ostegun edo ostiralean, Kreta inguruko portu batean elkartu eta handik partitzea espero dute; edonola ere, itsasoratzea nahi baino gehiago luzatzen ari dela ere onartu dute, hasierako plangintzaren arabera dagoeneko bidean izan beharko bailukete. «Gure irteera berandutu izana arazo teknikoei egotzi die Greziak; espero dugu halaxe izatea, eta, beraz, ez egotea horretarako ezkutuko arrazoirik», azaldu zuen Vangelis Pisias ordezkariak.

Hamabi bat ontzik osatzen dute Askatasunaren II. Flotilla, eta horietako batzuei abiatzen utzi dieten arren, beste batzuk Atenasen onespenaren zain dira oraindik ere. Zentzu horretan, irteera galarazten saiatzeko nazioarteko presioak egon badirela salatu dute partaideek, «Israelen partetik, bereziki»; atzerapenaren arrazoia horixe izan daitekeenaren errezeloak hartuta dabiltza. Ontzidian parte hartuko duen Manuel Tapial madrildarrak, hain zuzen, kazetariei bidalitako «mehatxua» ipini zuen adibide gisa; Tel Avivek oharra bidali die komunikabideei, Flotillan parte hartzeak Israelgo legea urratzea ekar dezakeela argituz. Hori ikusita, Tel Avivek «iazko sarraskiaren pareko operazioa» egin nahi duela salatu zuen Tapialek, eta komunikabideak «isilarazi» nahi dituela, «lekukorik izan ez dadin». Kazetariek, momentuz, mandatu horiei entzungor egin diete, eta abiatzear den ontzidian, besteak beste, Al-Jazeera, CNN edota NBC telebista kateak izango dira.

Nolanahi ere, Israel ontzidiaren bidea oztopatzen saiatuko denik ez dute zalantza egiten ekintzaileek, eta abiatu aurretik badakite ontzietan daramaten giza laguntza Gazara heldu ez dadin «bide guztiak erabiliko dituztela, baita militarrak ere». Ildo horretan, Askatasunaren II. Flotillarekin izan beharreko jarrera adosteko, ezohiko batzarra egin zuten atzo Israelgo goi agintariek; preseski, ontzidia Gazara iristea galaraziko dutela hitzartu zuten, «ahalik eta ondoez gutxien eragitea bilatuz». Horretarako hartu-eman diplomatikoak abiatuko dituztela gaineratu zuten; hori bai, ekintzaileek Gazara heltzea lortuz gero, Israelgo Armadak esku hartuko duela eta ekintzaileak atxilotuko dituela aurreratu zuten.

Israelgo irrati publikoak filtratu duenez, Tel Aviv eta Kairo harremanetan dira auziari irtenbidea bilatzeko; akordio batera iritsi omen dira bi aldeak, ontziei konfiskatuko dieten materiala Egiptoko Al Arish hiriko portura eraman, eta, itsasotik beharrean, giza laguntza Gazara lurretik eramateko.

hamasen gose greba

Hamaseko preso politikoek 24 orduko gose greba egin zuten atzo, espetxeetan bizi dituzten baldintza gogorrengandik protestan. Israelek neurririk hartu ezean, protesta gehiago egingo dituztela ziurtatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo