San Fermin Torneoa
Asegarcek Iruñean hasi du agindutako eraldaketa
Aritz Begino binakako txapeldunarekin batera, Joan Ander Albisu eta Mikel Beroiz aukeratu ditu Bilboko enpresak, atzelari gazteen aldeko apustu garbia eginez.
Jon ORMAZABAL
Asegarcek udako lehen torneorako aukeratu dituen pilotariak ikusita, Iñigo Salbideak orain hilabete eskas elkarrizketa batean iragarri zuen Asegarceko koadroaren eraldaketa, batez ere atzelariei dagokionez, Iruñeko sanferminetan hasiko dela esan dezakegu. Izan ere, Aritz Begino egungo binakako txapelduna da iaztik errepikatzen duen Asegarceko atzelari bakarra. Beste bi atzelariak Mikel Beroiz -Asperekin jokatutakoa da- eta San Fermin Torneoan lehen aldiz ariko den Jon Ander Albisu dira.
Atzo Altzuzako Oteiza museoan aurkeztutako aurtengo txapelketan, bi multzotan banatutako sei bikote ariko dira. Lehenengoan, Martinez de Irujo-Merino II.a, Berasaluze VIII.a-Begino eta Titin III.a-Zubieta ariko dira. Bigarrenean, berriz, Olaizola II.a-Albisu, Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Xala-Pascual. Multzo bakoitzeko irabazleek jokatuko dute, hilaren 14an, iruindarrek «Gaixoa ni» abesti famatua abesten duten bitartean, jokatuko den finala.
Ezbairik gabe, txapelketako berritasun nagusia Jon Ander Albisu gipuzkoarrarena da. Ataundarrarengan konfiantza handia erakusten ari dira Asegarceko teknikariak -Binakako Txapelketan partida erabakigarri bat jokatzeko aukera eman zioten Patxi Ruiz ordezkatuz-, eta, oraingoan, Aimar Olaizolaren bizkarrak zainduko ditu. Albisu bera ere harritu egin da erabakiarekin: «Esana zidaten torneoren batean jokatuko nuela, baina ez nuen uste lehenengoan izango zenik. Gainera, Aimarrekin. Denok dakigu zenbat jokatzen duen eta ea partida politak egiten ditugun».
Beloki, Ruiz eta Apraiz, kanpoan
Gazteei leku egiteko kanpoan geratu direnak Binakako Txapelketa jokatu zuten Alexis Apraiz, Ruben Beloki eta Patxi Ruiz izan dira. Lizarrakoak justu bukatu zuen binaka jokatu zuen azken partida, baina, aldiz, hilaren 10eko festibalerako iragarri du bere enpresak. Aurrelarien artean, berriz, ez da ezustekorik izan eta denok espero genituen pilotariak aukeratu ditu Asegarcek.
Aspek berak ere gazteen alde egin du atzelariak aukeratzerakoan. Berriz ere Merino II.aren alde egiteaz gain, Aitor Zubieta ere torneo garrantzitsu batera itzuliko da behin belauneko lesio larria gaindituta -Barriolak bere aldetik osatze prozesuan jarraitzen du-.
Horiek horrela, torneo jokatuko duten atzelari eta aurrelarien artean adin alde nabarmena izango da aurtengoan. Atzelarien batez besteko adina 26 urtekoa izango da -Pascual da zaharrena 34rekin-, eta, aurrelariena 31,83koa. Pentsa, Titinek, 42 urterekin, bikoiztu egiten du Merino II.aren eta Albisuren adina.
Ohiturari jarraiki, Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketarekin hasiko da aurtengo pilota feria, San Fermin egunean bertan, eguerdian. Egunero-egunero partidak izan daitezen, Ardoaren Desafioa ere jokatuko dute bi enpresek, 1.200 botila jokoan jarriz.