GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Traba eta zigorren gainetik, San Fermin jai herritarrak, biziak eta euskaldunak aurrera

Atzo eguerdian, txupinazoa jaurtitzearekin batera, bizitasun eztanda frenetikoa lehertu zen Iruñean eta bete-betean harrapatu zituen hala iruindarrak nola mundu osotik bertaratutakoak. Jai giroa nagusi da karriketan, publiko ezberdinentzat aukeran: buruhandiak eta kilikiak umeen gozagarri, frituren usaiak eta alkoholaren lurrunak atmosferan, gautxorientzat eta adinduentzat... denentzat izango dira momentico kutunak. Horretan datza-eta sanferminen xarma eta magia berezia.

Euskal Herriko hiriburu historikoak dimentsio unibertsala izango du egunotan. San Fermin jaien irudiak kontinente guztietara zabalduko dira, eta, batez ere entzierroen leihotik begiratuta, milioika pertsonek ezagutuko dute Iruñea. Datozen urteetan horietako askok bisitatuko dute Iruñea eta bueltatzean, Ernest Hemingway idazle handiak egin legez, jaiaren izate zoragarriaren berri emango dutenez, legenda are eta gehiago haziko da.

Euskal jai unibertsalenak, ordea, ekimen herritarrean sustraituriko erroak ditu. Hor elikatzen da. Hor hartzen du arnas eta horrek ematen dio izan denaren, denaren eta izango denaren zentzua. Hori galduz gero, den-dena galduko luke. Teknikari kabineteek antolatutako jai eredu hutsal bilakatuko litzateke, kontsumo pasiboan oinarritutako erakusleiho; kalearen taupadarekin bat bizi den egitasmoa baino museo tzar bateko erlikia izango litzateke.

Azken urteotan, zoritxarrez, udal agintariek temati dihardute traba, debeku eta zigorrekin herri ekimenaren adierazpen oro plaza publikotik uxatu nahian. Baimenak ukatuz, egitarau alternatiboak xentimorik gabe utziz... obsesioraino heldu den jazarpenean. Salatzekoa, dudarik gabe. Baina salaketatik harago joan behar denez, herri ekimenak sortu eta asmatu ditu jaia bizitzeko adierazpen berriak. Txalotzekoak eta, batez ere, bultzatzekoak direnak. Iaz bezala aurten ere babes herritar zoragarri batekin hornitu behar direnak, sanfermin biziago, egiazkoago eta unibertsalagoen hobe beharrez.

Sanferminak nahieran gozatzekoak dira. Gogoko lagunez eta gustuko moduan bide eman behar zaie, libre eta ondratu, barru-barruan dauden desira eta sentimenduei. Baina euskara mihian eta euskaldun jokatuz, urtero berri beltz diren sexu erasoei aurre eginez, memoria landuz eta sanferminetako ondare bihurtuz. 1978ko sarraskia -agintariek zigorgabe eta ahanzturan galdua nahi duten arren- gogoratuz, justizia aldarrikatuz eta German Rodriguezen egia eta eredua ikusgarri eginez. Nagore Laffage beti gogoan, bere oroimena bizi atxikitzeko ekimenetan parte hartuz. Euskal preso eta iheslarien alde, sanferminetan egon behar dutela ozen adierazteko.

Tope-topera gozatu eta ondo pasatu, baina inorekin pasatu gabe. Jaiak bizi, protagonista izan, euskaraz mintzo eta ez daudenak akorduan atxiki beti. Sanferminak izan daitezela iruindarren ametsen neurrikoak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo