GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Tour berdea... etapa beltza

Bretainia inguruan gabiltza azken etapa hauetan eta, egia esan, Euskal Herriaren antza gauza askotan dauka inguru honek. Izaeraz, gure antzera askatasun grina daukate, kostaldea eta menditxoak uztartzen dituen lurralde gorabeheratsu eta berdea da, eta txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago hemen ere. Lurralde polita da eta gaurkoan babestutako ingurune ekologiko batean barneratu gara. Inguru honetan nagusi den kolore horretan dut gaurko abiapuntua, berdean alegia.

Ez naiz ari Rojasek soinean daraman maillotari buruz, ezta Sky-k tour honetan Amazoniako oihanaren babeserako erabili duen kanpainaren ondorioz elastikoan egin duen kolore aldaketari buruz ere. Bide batez, aipatzekoa da talde honek Tour honetarako bere material guztia aldatu izana! Ibilgailu guztiak berriz errotulatzetik hasi eta bizikleta eta lasterketarako arropa eta material oro, detailerik txikienak barne hartuta, berdez jantzi du uztail honetan oihaneko zuhaitzen babes kanpaina hori mundura hedatzeko.

Urteroko legea da norbaiten ahotik «tour hau inoizko garbiena da» eta halako esaldiak entzutea, baina beti ere dopin kontuekin lotuta egin dira komentario hauek. Aurtengoan ordea, neuk baieztatzen dizuet azken urte hauetako garbiena behintzat badela seguru. Ez naiz dopin kontuez ari, hondakin bilketaz eta ingurumena zaintzeaz baizik. Aurten, antolakuntzak ahalegin berezia egin du alor honetan eta txirrindulariok ere ahalegintzen gara natura eta igarotzen ditugun bazter ederrekiko errespetuz jokatzen.

Hornikuntza guneen inguruan, bai apurtxo bat aurretik bai pasa ondoren ere, hondakinen bilketarako eremu bat egokitu digute, etapan zehar pilatzen zaizkigun papertxoak, janari hondarrak eta bidoiak bertan bota ahal izateko. Gero, antolakuntza arduratzen da eremu horretan pilatutako zaborra jasotzeaz. Ekimen egokia deritzot, eta orokorrean txirrindularien artean ongi hedatzen ari den ohitura bat sortzen ari da; jandako barrita, fruta pasteltxo eta abar biltzen dituen plastiko eta zilarrezko papertxoak patrikan sartzen ahalegintzen gara (batzuetan ezinezkoa bada ere) pasatzen garen natur ingurune ederrak zikindu ordez, eta eremu horretara iritsitakoan bertan hustu. Bidoien kasuan, ez da hain erraza kontua! Bero egiten duen etapa hauetan, hidratazioak berebiziko garrantzia hartzen du txirrindulariontzat eta sarri edan beharra daukagu. Etapan zehar bidoi kopuru handia erabiltzen dugu eta ezinezkoa da horiek guztiak patrikan biltzea eremu horretara iritsi bitartean, beraz, ikusleak dauden inguruetan botatzen saitzen gara. Honela, seguru zale bati baino gehiagori gustura jasoko duen oparitxoa egiten diegu, eta beraiek ere mesedetxoa egiten digute Tour hau azkenaldiko garbiena izateko helburu horretan. Edonola ere, onartzen dut, oraindik ez dugula ohitura larregirik eta sarritan edozein lekutan «braust» botatzen dugula ardura larregi barik. Edota topera goazenean pentsatzeko paradarik gabe parean tokatzen den lekuan airera joaten dela.

Gaur, «Bretagne bizirik» talde ekologistako kideek Tourreko antolakuntza salatu dute, etapa babestutako zona ekologikoan sartu izanagatik. Guztiok mentalizatuta geunden zein ingurutan genbiltzan eta saiatu gara ahalik eta garbien mantentzen, baina, hala ere, zin dagizuet apurka-apurka tropelean ohitura hori barneratuz joango garela eta denbora pasa ahala guztiok ere berdeago (ekologistago) bilakatuko garela!

Gaurko etapari buruz nahiago dut ezer ez idatzi, ez baitzait hitz atseginik aterako. Haizeak eta tentsioak eraginda erorketaz betetako etapa izan da. Denak ere bertatik bertara bizi izan ditut eta bat edo bestetan bizikletaren bat gainetik pasa behar izan dut. Nire taldekide eta lagun min Iban Velascok erori eta etapa bukatu badu ere, badirudi lepauztaia hautsi duela. Ospitalean dago une honetan eta notizia onen bat izateko esperantzari eutsi beharko diogu, baina ez du itxura onik eraman...

Egun lasaiagoak etorriko direlakoan agurtzen zaituztet!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo