GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Faboritotzat jotzen naute, baina finala oso estua izango delakoan nago»

p034_f01_199x116.jpg

Juan Joxe Lizaso

Segalaria

Juan Joxe Lizaso asteasuarra protagonista izan da aurtengo lehiaketa ofizialetan, jokatu diren biak irabazi baititu, baita Euskal Herriko Txapelketako finalerdia ere. Igandean, final handia izango da, eta faboritotzat dauka jendeak. Bera, berriz, lasai dago, ongi prestatuta eta finalari heltzeko gogoz.

Jon LEUNDA

Lizaso da, zaleen ustez, igandean Pikoketan jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusia, nahiz eta berak lehia handia izango dela uste duen.

Nola zaude finalari begira?

Egia esan, ongi. Egindako lanarekin oso konforme nago, eta ilusio handiarekin.

Gipuzkoako Txapelketan iraupeneko eta abiadurako txapelak irabazi dituzu. Horrek indar handia emango zizun, ezta?

Dudarik gabe. Lanean oso ongi ari nintzen, entrenamenduetan ere oso gustura geratzen nintzen, baina emaitzak ikusi behar ziren, eta, alde horretatik, oso onak izan dira, eta aurrera jarraitzeko ere indar handia ematen du horrek.

Denek faborito garbitzat jotzen zaituzte. Zuk ere horrela ikusten al duzu zeure burua?

Beno, Gipuzkoako Txapelketak nola joan diren ikusita, normala da jendeak ni faboritotzat ikustea, baina hemen lana gogotik egin beharko da, beste hirurak ere oso ongi ikusten ditut, eta lehia oso estua izango dela uste dut.

Finalerdietan Arteaga izan zen zugandik gertuen amaitu zuena. Bera izango al da zure aurkaririk zuzenena?

Arteaga oso ongi ikusi nuen finalerdietan, eta oso kontuan hartu beharko da, baina beste biak ere ongi prestatuta daude, eta uste dut denek ere lan handia egin nahiko dutela. Lehen esan bezala, finala estua izango delakoan nago.

Finala Pikoketan izango da. Zure gustuko lekua al da?

Bai, bai. Belarra ona egoten da, zorua ere bai, uste dut segan egiteko Euskal Herriko lekurik onenetakoa dela. Alde horretatik, ez dut uste inork inongo aitzakiarik izango duenik.

Finalerdia ordu erdira izan zen, eta finala ordubetera izango da. Gauzak ez al dira asko aldatuko?

Oso ezberdina da ordu erdian aritu, edo ordubetean, baina Gipuzkoako finala ere ordubetera izan zen. Beraz, uste dut denok ordubeteko lanera aritu garela entrenatzen. Tartean, saio bat ordu erdira egin dugu, baina entrenatu ordubetera egin dugu, eta horrek ez dut uste inor baldintzatuko duenik.

Igandean zer abiatuko zara oso azkar ala zure martxan?

Ni azkar hasteko horietakoa naiz, eta pentsatzen dut igandean ere hori egingo dudala. Nahiz eta hemen kiloek balio izaten duten, niretzat garrantzitsua da besteei aurre hartu eta sailez aldatzerakoan atzetik ditudala ikustea. Niri behintzat indarra ematen dit.

Igandekoarekin akabo, edo baduzu beste asmoren bat?

Oraingoz akabo, burua ez daukat beste ezertan. Hori ongi ateratzen bada, eta denboraldia motz geratzen bada, ikusiko dugu, baina oraingoz ez dut beste asmorik.

Nola ikusten duzu segalaritzaren etorkizuna?

Kirol zaila da hau, eta laguntza gutxi dauka. Hala eta guztiz ere, gazte jende ugari ikusten dut segan; jendeak ere oso gustuko du kirol hau, eta apur bat laguntzen baldin badute, jarraituko du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo