GARA > Idatzia > Kultura

Irati Jimenez

Erroman

Bizkaian «hau nafartuta dago!» esaten didaten arren, Iruñean nafartasunari aho zabalik begiratzen dion paperik gabeko etorkina naiz. ETB1k kontrakoa sinetsi arazi digun arren, «bertze» edo «bortz» esaten ez duen nafarrik badenez urtean zehar ez zait gehiegi nabaritzen. Uztailaren 5ean, ostera, kanpotarrak herrenak gara sute-eskaileran: larrialdietako protokoloa ezagutzen ez dugun trabak, gudu-zelaiaren erdian. Iruñea Erroma da eta gu, kanpotarrok, Obelix gara, «erromatar hauek erotu egin dira!» oihukatzen.

Iaz ikusi nuen lehen aldiz makro-sindrome kontsumista. Abenduaren 24a zen, urte erdi lehenago, eta anabolizantez puztua. Burdindegian konturatu nintzen. Urte betez komuna buxatuta izan zuen tipoak matxura konpondu nahi zuen, bapatean, atoan, derrigor. Zergatik galdetu izan banio erantzuna ingelesez emango zidan: «because, it´s Sanferminalypse now».

Sanferminalpisia nafartasunaren sukar hordigarria da, hiria westernetako paisaia bihurtzen duena. Uztailaren 5ean inork ez du hamar egunetarako jakirik gabe geratu nahi eta erosketatzarrak egiten dira, alkoholaren alkoholaz desitxuratutako saltokietan. Eroskiak zeuden tokian Parke Tematikoak agertzen dira eta erromatarrek «ave» esaten diote Garagardofest distiratsuari, «morituri te salutant».

Etxean, izarak garbitzen dituzte, ohea aldatu eta lixiba litroak erosi. Inoiz joaten ez direnak ile-apaindegira doaz eta hozkailuan ontziak sartzeko Tetris jokoak egiten dira. Farmazietan, karrotxoarekin erosketak: Aspirina latak, Almax industriala, Omeoprazol kintalak, barrako Espidifen kolosala. Ortega izeneko denda, beti hutsik dagoena, jendez lepo ageri da. Zer erosten? Ez dakit, nafartasunaren misterioak.

Hordigarria zait mozkorraldi homerikoaren aurreko giroa. Kaleko zuloetan egurrezko habeak ernaltzen dira. Aurki, munduan zezenak izango direla esan nahi du horrek, egun eta gauen arteko marra alkoholetan birrinduko dela, eta destilazioaren danbatak zibilizazioaren hormak behera botako dituela. Iragarritako munduaren bukaeran etxea tsunamirako prestatu behar da eta lan guztiak bukatu. Higienearen azkena da, behar guztien amaiera, ardura guztien etena. When in Rome do as romans dio ingelesezko esaerak eta Erroman erromatarren gisara jokatu behar denez, lerro hauek idatzi eta izarak aldatzera noa.

Ave, Iruñea.

Eta ave, Nafarroa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo