Mikel INSAUSTI Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Anari
Anarik behintzat hala egin ohi du. Ez du kontzientziak lasaitzeko idatzitako hiru milioi zazpiehun eta hogeita zazpigarren maitasun kantua berridazten. Ez du beste norbaiti errua botatzeko idatzitako zortzi milioi laurehun eta hamahirugarren desamodio letania sortzen. Argia da Anari, oso argia esango nuke, ausarta. Sentimenduak topatzeko larrua eta haragia zirikatu behar dira (pixka bat, behintzat) eta ez topikoen entziklopediara jo. Sinesgarritasuna eta gauzak azaltzen asmatzea, biak dira ezinbestekoak, biluztea, benetakoa gertatu dadin eta ez artifiziozko dantza inozoa. Ikusi al duzue inoiz Anari zuzenean? Gehiegikeriarik, itxurakeriarik gabe, baladen generoarekin bakeak egiten laguntzen dizu. Isiltasunak dozena bat oihuk baino gehiago balio duelako eta mina, benetakoa, irristakor eta isila delako. Izugarri estimatzekoa da Anariren kantuek etengabe hori gogoratzea. Nire buruarekin negar egiten laguntzea. Lagunen batek esaten badizu ez zaizkiola kantu tristeak gustatzen, aldatu laguna eta bilatu beste bat.