GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntz politikak irauli behar direla esan dute Kontseiluak eta Behatokiak

Madrilen izan ziren atzo Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariak Europako Kontseiluko aditu-batzordeko kideekin batzeko asmoz. Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren ebaluazioaren izan zuten hizpide. Biek ere hizkuntza politikak irauli beharra dagoela esan zuten.

GARA |

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati Europako Kontseiluko aditu-batzordeko kideekin bildu ziren atzo Madrilen, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren hirugarren ebaluazioaren karietara.

Bilbaok honakoa ekarri zuen gogora: «Espainiar Estatuak Euroituna orain dela hamar urte berretsi bazuen ere, oso urrun dago bertan jasotzen dena betetzetik, eta onartezina iruditzen zaigu Estatuan indarrean dagoen corpus juridikoa baino apalagoa den Euroituna bete ez izana. Horrek agerian uzten du geure hizkuntzaren normalizaziotik eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidetik urrun gauzkatela».

Izan ere, Estatu espainolean Euroituna 2001ean indarrean jarri bazen ere, ordutik hona aurrerapauso eskasak eman direla azaldu zuen Bilbaok, eta Nafarroako kasua agerian jarri nahi izan zuen. Izan ere, Ituna berrestean, Nafarroako eremu zabalenean euskara ofiziala ez denez, konpromiso sendoenak bertan aplikatzerik ez zegoela argudiatu zuen Estatuak. «Hirugarren ebaluazioan konpromiso apalak betetzen direnentz ez du zehaztu Estatuak. Hortaz, Nafarroako eremu zabalena de facto Euroitunetik at jarri du. Ondorioz, gure hizkuntzak pairatzen duen babes eza agerian utzi dute» azaldu zuen Bilbaok.

Bestalde, Petriatik ere agerian utzi nahi izan zuen aurreko bi ebaluazioetan adituek jaso zituzten beltzuneei aurre egiteko politika eraginkorrik ez dutela abian jarri. Behatokiak egindako urteko txostenetan bezalaxe arlo ezberdinen inguruko kezkak agertu izan dituzte orain arte, eta, Behatokiko ordezkariaren esanetan, «Estatuak ez du zuzenean jaso zein neurri hartu duten hori konpontzeko».

ZERGATIK?

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok galdera bat plazaratu zuen: «Zergatik ez dute azaldu egun Espainian 500 arauk baino gehiagok inposatzen dutela gaztelaniaren erabilera?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo