GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Gernika itsasuntzitik

Bisitariak

Gasoleo usainetan hartu ninduen bart loak. Isuriaren iturburuaz arduratzeko beranduegi, lar nekaturik. Goizeon Gernika ontziaren inguruko urak gasoleozko halako mintz batez inguraturik antzeman ditugu. Gurea ala beste inorena ote den jakin barik, lasai hartzea erabaki dugu.

p017_f01-148x115.jpg

Edorta JIMENEZ Idazlea

Hala bada, bart joan zitzaigun Rafa Palacios lagunaren ohitura gure egin dugu. Txopa aldera etorri ohi diren arrainei jaten eman diegu. Gu guztiongan asturiarrak eragin duen miresmenaren erakusgarria izan delakoan nago. Matematika irakaslea lanbidez, asturiar hizkuntzaren militantea-asturiar hizkuntzara aldatu zuen gure batzarreko agiri bakarra- eta Asturiesen naziotasunaren aldarrikatzailea, Rafari lehenengo begi kolpean antzeman nion zintzotasunaren neurria ez dago hitzetan esaterik. Ontziez ezer ez eta itsasoaz surfarren bidez ikasitakoa baino ez zekiela etorri zena, marinel eginda joan da. Ez dakit Kalynpariko arraintxoek, guk ez dugu inoiz ahaztuko. Hori bai, Rafaren arrainei aldatu egin diegu dieta. Latako okela jaurti diegu. aldaketak eragina izan du. Arraintxoak ez ezik arrainak ere etorri dira. Gasoleoa gorabehera, portuko itsasotxoa ez dago hilda.

Arrainak eta arraintxoak elikatu ostean gure gosariari egin diogu tartea. Txopa aldean, ederto batean. Patxada lasaian gaudela etorri zaigu albistea. Kanadiar ontziaren armadorea, Sandra Ruck, eta jatorri bereko ekintzaile bi atxilotu dituztela. Ontziak nabigatzeko ez haizurik ez kapitainik, halaxe abiatu ziren bart. Kartzelan sartu dituzte. Sandrari hiru kargu leporatu ei dizkiote, bi larriak. Zein diren, ez dakigu. Eta gasoleozko mintza? Ez da gure ontziarena izan isuria, eskerrak. Informazioaen iturria, Thoma.

Ontzian dugun marinel profesional bakarra da Thoma. Greziarra. Hogeitabi urte. Militantea. Bere jatorrizko hizkuntzaz gainera beste hainbatetan moldatzen dena. Hitzetan labur, ekintzetan luze, entzuten dakiena da. Begiak izartxo, bizarra gazte, adatsa ikatz, euliak harrapatu guran dabilela eman ahal du. Kontuz baina. MacGyver hutsa da. Hatzamar biz konpondu digu hozkailuetako bat, eta ziurtasunez esan gero besteak konpnobiderik ez duela. Shane kapitainari hizketarako soka luzatzen dio. Ez dakidana harekin niri gertatzen zaidana gertatzen ote zaion Thomari, zera, batzuetan bai, ulertzen diodala ingelesa kapitainari, baina askotan galdu egiten naizela. Zigarroak iziotzeko moduagatik baietz esango nuke. Zera, zigarroaren tarte horiek amore ematearen seinale direla alegia.

Uztailaren bosteko goiza ez zen, ohartzen naiz, azaltzen ari naizen bezain idilikoa. Ezta inondik ere. Bezperan, ontziko azkena izatekoa zen batzarrean ebatzi genuenaren berri onik ez genuen. Zera, asmoa Espainiako Erresumak Atenasen duen enbaxadan sartzea zen eta, zorioneko etxe horretara iritsiak zirela, bai, baina poliziez inguraturik zegoela. Horrelaxe jakinarazi ziguten. Haatik, hamabi eta erdiak aldera albiste ona heldu zitzaigun. Barruan ziren Gernika ontziko kideetako batzuk. Horren ostekoek egunkarien orri digitaletako titularrak hartu zituzten. Ospatu beharra zegoen. Bazkalordua afalorduan egin genuen ia-ia. Ardo zuriz egin genuen topa. botiletako bat, geuk erosia; bestea, lehenagoko egunean bertoko norbaitek oparitua.

Opariak ba. Herritarrek bisita egiten digute, banaka zein taldeka, eta ezer behar dugunentz galdetzen. Baten batzuek aurretiaz ezer galdetu barik ekartzen dizkigute edatekoak eta jatekoak. Iluntzerako familia oso bat ere izan dugu ontzian, hilabete biko umea tartean. Bisitak bisita, azken ordukoak aztoratuta utzi gaitu. Bikote gaztea, polito jantzia. Emakumezkoak gaztelera ederrean mintzatu zaigu. Tarteka-tarteka frantsezko hitzen bat edo italieraren eraginezko hanka sartzeren bat, gehi argentinar doinua, susmo txarra hartu diogu. Gazako herriaren egoeraz barik gure ontziaren xehetasunak ezagutu gura izan dituzte. Zenbat, garen, zer daroagun, kapitaina nor eta nongoa den. Bitartea bikoteko gizonezkoa, zangoetako bat beste zangoko belaunaren gainean dantzan, barrura begira eta begira. Alde joan dira, bai. Ez, ostera, igarri egin diegula konturatu direneko. Nire galderek emakumea kontraesanetan sartu dituenean baino. Argentinar doinu hori, eta esamolde horiek! Hori ez da Atenasen ikasten. Eta frantsesa? Ospa joan dira.

Hurrengo goizean Gernika ontzian barrura etortzen inori ez gonbidatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, bisitak lehorrean. Erabaki hori eginda ekin diogu goizari uztailak sei dituen honetan. Enbaxadakoen berrien zain. Normaltasun itxurak eginez. Hori bai, goizean arrainei oparietako bat jaurti diegu. Greziar gatoa, ezti-eztia. Gogotsu ekin diote eta, horixe da espioi orok jakin beharko lukeena. Arrainek gozoa maite dute. Rafa Palaciosenek behinik behin. Nago arrainok ez dakitela Rafa non dagoen. Izkribitu nahi badiozue badakizue non dagoen: deabruaren labe ahoan, Espainiako banderaren aurrean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo