KATE MOTZEAN: Paddy REKALDE
«Emozioak norberaren bihotzean dabiltza dantzan, izan uda ala negu»
Testua: Maider EIZMENDI Argazkia: GARA
Deskonektatuta bizi ezin den belaunaldikoa dela dio eta, beraz, oporretan egonagatik beti begiratzen duela zeharka herrira. Bidaietan argazki-kamerarekin, baina «ez turista postal patetiko horiek egiteko».
Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?
Beroa, itsasoa, zurrutada hotzak, zeru urdinak...
Eta usaina?
Nik erabiltzen ez badut ere, larruazalerako eguzkitako kremarena, eta kresalarena.
Biak. Zertarako ez?
Emozioez idazten duzu; noiz emozio gehiago udan ala neguan?
Emozioek ez daukate berez urtarorik, norberaren bihotzean dabiltza dantzan, eta begiradetan, eta ezpainetan...
«Spray» da zure azken lana; zer eta non idatziko zenuke espraiarekin?
Azken hauteskundeetarako idatzi nuena: «Badatoz gereziak».
Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?
Azken biak kotxean baino ez, eta hortik kanpora nahiago dut isiltasuna, edo bestela esanda, toki bakoitzeko zarata propioa.
Egunkaria ala liburua?
Biak. Bakoitza bere momentuan. Egunkaria edozein lekutan irakur dezaket, baina liburuari beti heldu behar diot leku eta une lasaian.
Bainua hartzeko, itsaso bare-barea edo aztoratuxeagoa?
Ez bata ez bestea, baina beti itsasoa.
Oporretan erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?
Deskonektatuta bizi ezin den belaunaldikoa naiz, beraz, zeharka bada ere, Euskal Herrian zein munduan zer gertatzen den jakin nahi dut.
Mugikorra beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?
Mugikorra beti ondoan eta piztuta.
Inora oporretan joaten zarenean guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu edo inprobisazioz mugitzen zara?
Inprobisazioa erakargarria da, unean uneko sorpresa txiki horiek.
Maleta handiarekin ala txikiarekin?
Behar dudanaren arabera.
Argazki-makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?
Irudi batek mila berbak baino gehiago balio duela dio esaerak, beraz, argazki-kamera erabiltzen dut, baina ez turista postal patetiko horiek egiteko. Irudiak behin izanda, gero gehituko diet nik bakoitzaren testu-oina.
Egin duzun oporraldirik bereziena?
Ez nuke jakingo esaten, agian Irlandako mendebaldeko kostaldean edota Kuban ibili nintzenekoa, bietan nahiko noraezean.
Udan huts egiten ez duzun zita?
Ez daukat inongo zita `erlijiosorik'.
Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?
Udako kantu guztiak ahaztuta dauzkat, baina ondo gogoratzen dut The Pogues taldearen «Fiesta» abestia nonahi zein noiznahi jartzen zuten uda hura.
Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?
Orain irakurtzen ari naizena eta harrapatuta naukana, Iñigo Aranbarriren «Zamaontzia».
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Badirudi ostarteak zabaltzen ari direla, negu eternal horretatik halako udaberri batera pasatzeko, baina kontuz, Madrilen oso iaioak dira ekaitzak, izozteak zein tsunamiak sortzen, beraz, ez gorde oraindik artilezko txanoak, zirak eta halakoak.