ITSASOA
Olatu bila: Itsaso Beltz eta Kaspiar itsasoan
Gero eta leku bitxiagoak aukeratzen dira olatu bila joateko. Aurrerantzean, Eurasiako itsasoetan ere jendea surf egiten ikusiko dugu.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I
Datorren irailaren 26an hiru asteko bidaia bati ekingo diote Blickinsfreie markak babestutako zenbait kidek. Helburua, Kaspiar itsasoan surf egitea da.
Zenbait surflari bulgariarri esker sortu da proiektua. Itsaski iragarpenek olatuak izango direla dioten bakoitzean 400 kilometroko ibilbidea egiten dute bulgariar hauek olatuak hartzera joateko. Beraz, Itsaso Beltzean, badira surflariak, eta haiekin harremanetan jarrita antolatu dute espedizioa.
Badira surf egiteko lekuak Kaspiar itsasoan zein Itsaso Beltzean eta leku asko oraindik ezezagunak dira. Ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, olatu oso handirik ez dagoela asma daiteke, baina bidaian zehar bildutako eta surf egiten hartutako irudiekin, gutxienez, bitxia izan daitekeen pelikula bat egin daitekeela begi-bistakoa da.
Proiektua
Helburua hau da: mundu mailako surflariz osatutako talde batekin Kaspiar itsasoan eta Itsaso Beltzean hartutako irudiekin film bat egitea. Horretarako, hiru aste iraungo duen bidaia antolatu dute surflari bulgariarren laguntzarekin eta 3.000 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Baku eta Azerbaijan artean inoiz iruditan hartu ez diren olatu guneak omen daude, beraz, eremu horretan lehenengoz hartuko dituzte surf irudiak (beharrezko baldintza meteorologikoek laguntzen badute).
Proiektuan, surflari bulgariarrez gain, parte hartuko duten surflari profesionalak, honako hauek izango dira: Ian Walsh hawaiiarra, Gabriel Villaran eta Cristobal de Col perutarrak eta Standlick Perth australiarra.
Proiektu honen babesle nagusia Blickinsfreie argazki eta film konpainia alemaniarra izango da.
Laku erraldoiak
Kaspiar itsasoa eta Itsaso Beltza ur gazia duten bi laku erraldoi gisa aurkez daitezke. Horien izaera mugatua kontuan hartuta, olatuak izateko aukerak oso urriak dira, baina itsasoaren mutur batean haizeak gogor jotzen badu eta uhinek beste puntarako norabidea hartzen badute, olatuak sor daitezke.
Olatuak itsasbazterrera iritsitakoan, hondoen araberako olatuak lehertzen dira eta, zentzu horretan, ingurune honek interesgarria dirudi, hondo anitzak eta desberdinak baititu kostalde osoan zehar.
Ohiko surf lekuekin alderatuz gero, itsaso hauetako urak oso desberdinak dira. Uraren osagaiak, kolorea eta gatz kopuru handiak, itsasoaz dugun ohiko irudiarekin alderaezinak dira.
Kaspiar itsasoa eta Itsaso Beltza elkarrengandik gertu daude. Asia eta Europa artean daude biak. Kaspiarra munduko «laku» handiena da, 371.000 kilometro koadrorekin, eta Itsaso Beltzak berriz, 422.000 kilometro koadroko azalera dauka.
Kaspiar itsasoak, batez ere, Volga ibaitik datorren ura jasotzen du. Ibaietatik datozen urek dakartzaten mineralei esker du gatza itsaso honek, eta pilatutako ur horrek guztiak duen ihesbide bakarra lurrunketa dela kontuan hartuta, ez da harritzekoa hainbeste gatz izatea.
Kaspiar itsasoa honako herrialde hauek inguratzen dute: Errusia, Azerbaijan, Iran, Turkmenistan, eta Kazakhstanek.
Kaspiar itsasoan milaka arrautz sortzen dituzten gaizkata arrain ugari dago. Arrautz horiek hain preziatua den kabiarra dira.
Inguruneari dagokionez ere oso aberatsa da baliabide energetikoetan, besteak beste, petrolioa eta gas natural poltsa handiak baititu.
Neguan, Kaspiar itsasoko iparraldea izoztu egiten da eta negua bereziki hotza denean, hegoaldean ere izozten dira zenbait eremu, batez ere, abendua eta urtarrila artean.
Itsaso Beltzak berriz, Danubio ibaitik jasotzen du ur gehien. Gainerakoan, Kaspiar itsasoaren ezaugarri berberak ditu. Aldatzen dena ingurunea da. Turkiak, Bulgariak, Errumaniak, Ukrainak, Errusiak eta Georgiak inguratzen dute.
«Itsaso Beltza» izena nondik datorren ez dago oso argi; izan ere, badira teoria desberdinak. Batzuek bere erro grekoak dituzte aztergai, beste batzuek puntu kardinalen erabilerarekin lotzen dute (garai batean esaterako, turkiarrek kolore beltza iparrarekin lotzen zuten eta kolore zuria berriz, hegoaldearekin), eta beste batzuek uraren kolore iluna aipatzen dute.
Bi itsaso hauek ohiko surf inguruetatik bereizten dituena, ordea, ez da soilik euren konposizioa, klima edo paisaia bitxia; osagai horiei inguru horietako kultura eta liskarrak gehitu behar zaizkie. Izan ere, bizimodu gogorreko lurralde hauetan biztanleek surf egiteko aukera oso gutxi dute. Bitarteko urriak, olatu gutxi, klima desegokia eta ingurune arriskutsu batean egingo dute filma, beraz.
Olatuak izateko garai onenean joanda ere, aukerak nahiko urriak dira, baina inguruko beste faktore guztiak kontuan hartuz gero, film eder bat egiteko osagai bikainak dituztela aurreikus daiteke.
Ikusleak surf film batean munduko surflari onenak ikusi nahi zituen garaiak amaitzen ari dira. Olatuez gain, zerbait gehiago ikusi nahi du ikusleak, eta horrek, surflariak ez direnentzat ere interesgarriak diren filmak egitera bultzatu ditu sortzaileak.