GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Goiz iritsi dira aurten karabela portugesak Euskal Herriko uretara

p036_f02_98x81.jpg

H.L.A. |

Ez da ohikoa karabela portugesak gure kostaldean hain azkar agertzea. Bestelako marmokak maiz agertu izan dira ekainean nahiz uztailean, baina karabela portugesak beranduago azaldu izan dira, abuztuan eta irailean, batez ere.

Orain bi urte, esaterako, ekaina bukaeran, sekulako marmoka pila izan zen Euskal Herrian, baina ez ziren karabela portugesak. Iaz, berriz, abuztuan ikusi genituen kolore urdineko animalia hauek. Aurten, korronteak eta ipar haizeak bultzatuta, lehenago agertu dira eta zenbait hondartza itxita izan dira, Donostiakoa edo Angelukoa kasu.

Mota askotako marmokak aurki daitezke, kolore desberdinetakoak, kolorerik gabekoak, handiak, txikiak, garro luzekoak, garro motzekoak eta abar. Baina denek dute izate bera. Mugitzeko gaitasun eskasa dutenez, ur-lasterrez baliatzen dira eta berauek garraiatzen dituzte leku batetik bestera.

Marmokak egoki antolaturiko mintzak dira eta mintz horiei esker har dezakete arnas. Bitxiak dira marmokak, ez dute ez eskeletorik, ez birikarik, ez urdailik, ezta uzkirik ere. Garunik ere ez dute, ezta bihotzik ere, eta gainera ia itsuak dira.

Zerbait arraroa sumatuz gero, pozoia isurtzen dute garroetatik eta pozoi hori indartsuagoa edo ahulagoa izango da marmoka motaren arabera. Gure kostaldean jasan dezakegun tankera honetako ziztada indartsuena karabela portugesak eman diezaguke.

Ikuspegi zientifiko hertsi batetik begiratuta, karabela portugesa ez omen da marmoka, baina oso antzekoa da. Ur azalean aurki dezakegu; beste marmokekin alderatuz gero, erraz asko bereiz daiteke, ur azalean flotatzen dagoen poltsatxo urdin bat ematen baitu eta erraz ikusten baita.

Bere hozkada, marmokarena bezalakoa da. Karabela portugesaren ziztada ordea, oso gogorra da. Beraz, marmoken artean arriskutsuenetakoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo