GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Funtsezko ikasgaia

Surflari ernegatua I

Erregea, bere besaulkian eserita zegoen, eta arrantzalea bere kaxan. «Nik dudan botere guztia emango dizut, zuk zoriontasun pittin bat ematen badidazu», esan zion arrantzaleari. «Maiestate, hurbil zaitez eta beha itsasoa, biok berberak garela ikusiko duzu», erantzun zion itsasgizonak. Horrela, erregea eta arrantzalea, kaxa beraren gainean jesarri ziren. «Zure zoriontasuna non den jakingo duzu, ongi so egin, zoriontasuna babes dadin».

Carlos Pardeiro musikari uruguaitarraren «El Rey Pescador» abestiko hitzak dira. Eskoletan haurrei irakasteko abesti egokia litzateke gurean. Gizakiak natura menderatu behar duela agintzen duten eskoletako testuak ordezkatu beharko lituzke. Haurraren ahalmen intelektual oro zikiratu aurretik irakatsi beharreko zerbait. Gizakia, la ostia izango da, bai, baina izaki soil bat baino ez da beste guztien artean.

Herri txikietako haurren kasuan gutxiago gertatzen da, baina hirietatik etortzen diren haurren artean aspaldi nabaritu nuen, natura bideo-kontsola batean bezala aldarazi daitekeen ustea. Olatu baten aurrean, berau geldiarazi, abiarazi edo atzera bota daitekeen ideia. «Itxaron», «ezin dut» eta antzeko esaldiak entzuten ditut maiz, maizegi, surf ikastera etortzen diren haurren ahotan. Baita helduen ahotan ere, baina horiek galdutzat ematen ditut.

Beraz, surf egiten ikasi nahi duen orok ikasi beharreko lehen ikasgaia hauxe da. Olatuei bost axola zaie aurrean taula batekin duena ikasten ari den edo surflari profesionala den, beldurrak jota edo inkontzientzia hutsean dabilen, maiteminduta dagoen edo materialista erradikala den. Uhinak bere bidea jarraituko du, zu prest egon, ala ez. Gizakia da naturaren legeetara egokitzen ikasi behar duena. Naturak ez dauka gizaki txatxu baten legeetara egokitzen ikasi beharrik. Eta hori horrela da, itsasoan eta lehorrean. Horra surf egiten ikasten hasteko funtsezko lehen ikasgaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo