GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Nazabal-Rekondo bikoak irabazi du Binakakoa

p024_f01_089x113.jpg

J.L. I

Floren Nazabalek eta Jon Rekondok jantzi zuten atzo Iruñean Nafarroako Binakako txapela. Hiru lehiakide izan ziren finalean, eta bakoitzak sei kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Finala oso polita izan zen, lehia handia izan baitzen hiru bikoen artean, eta hori baieztatzeko amaierako denborei begiratu besterik ez dago, hirurek amaitu baitzuten elkarren artean minutu eskas baten azpiko aldearekin.

Hasieran Donato eta Ohian Larretxea ibili ziren aurretik, baina apurka-apurka Nazabal eta Rekondo lehen postuan kokatu ziren, eta garaipenaren bidea hartu zuten, nahiz eta borroka handia izan zuten, eta lana gogotik egin behar izan; izan ere, bigarren geratu ziren Lopez eta Senosiain I.a 20 segundora sailkatu ziren. Larretxeatarrak apur bat atzera geratu ziren, baina ez oso atzera; izan ere, hauek ere beste biengandik nahikoa gertu izan ziren amaieran.

Aizkolariena ez zen izan atzo jokatu zen final bakarra, Nafarroako orga-jokoko finala ere jokatu baitzen, eta Josetxo Urrutiak jantzi zuen txapela. Berak hiru itzuli pasa egin zituen, eta hori nahikoa izan zen garaipena lortu ahal izateko.

Bigarren postuan, berriz, Lazaro Bujan sailkatu zen, eta honek bi itzuli pasa egin zituen; eta Galarregik bete zuen podiuma, itzuli bat pasa egin da.

Barberena anaiak

Herenegun, berriz, Nafarroako trontzalarien finala jokatu zen, eta hor ez zen ezusterik izan, Barberena anaiek, irabazteko faboritoek, lortu baitzuten txapela. Iraizozko bikoak, gainera, bere marka hobetu ahal izan zuen. Bikote bakoitzak kana-erdiko bati hamalau epai etzanda eta lau zutik eman behar izan zizkion, eta irabazleek 8 minutu eta 4 segundoan burutu zituzten beren lanak.

Bigarren posturako, berriz, lehia handia izan zen, baina azkeneko unean Cano-Maiza bikoak aurrea hartu zuen, eta beraiek amaitu zuten bigarren postuan. Lasaga eta Galarregi sailkatu ziren hirugarren postuan. Laugarren, berriz, Pikabea eta Morrondo sailkatu ziren.

Gaur ere, 12.00etatik aurrera jaialdia izango da Foruen Enparantzan. Bertan San Fermin motozerra lehiaketa izango da, eta Miguel Angel Mariñelarena, Esteban Arruti eta Alain Salvador izango dira. Kirolari bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu.

Emakumezkoen txinga txapelketa ere jokatuko da, eta bertan Maika Ariztegi, Xanta Sousa, Estitxu Almandoz eta Nerea Sorondo neurtuko dira. Bakoitzak 25 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo