GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SEGA Euskal Herriko Txapelketa

Lizasok hasieratik bukaerara erakutsi du zein den nagusi

Jon Kanflanka leitzarra sailkatu zen bigarren postuan, eta iaz lortutakoari eusteko modua egin zuen, nahiz eta txapeldunak 300 kiloko aldea atera zion.

p024_f02_149x105.jpg

Jon LEUNDA I

Juan Joxe Lizasok ez zuen ezusterako tarterik utzi, eta berak jantzi zuen atzo Oiartzunen, Pikoketako belardietan, Euskal Herriko txapela. Asteasukoa zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta amaieran 300 kilotik gorako aldearekin lortu zuen garaipena.

300 ikusletik gora batu ziren Pikoketako belardietan. Okerrena lainoa izan zen, sartuta baitzegoen, eta segalarien lanaren jarraipena egitea ez zen batere erraza suertatu. Gainerakoan, dena primeran joan zen. Belarra ona zegoen, pisu askokoa, eta hori baieztatzeko ez dago amaierako pisua ikusi besterik.

Hasieratik Lizasok aurre hartu zuen. Sailetan nagusi izan zen, eta hasieratik aurre hartuta, zuloa zabaltzen joan zen. Atzetik, gainerakoak jarraitzeko ahaleginetan aritu ziren, eta horretan, guztietan okerren Arkaitz Arteaga zebilela zirudien. Baliarraingoarekin bazegoen itxaropenik, baina atzokoan ez zuen izan bere egunik onena, eta amaieran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Lan honetan ez du balio sailak mozteak bakarrik, kiloak erabakitzen baitute, baina dena amaitutakoan garbi zegoen garaipena zeinek eramango zuen, Lizasok lan bikaina egin baitzuen, eta gainerakoei tarte zabal kendu baitzien sailetan, eta belarra txukun zegoen moztuta. Hala ere, belarra oso txukun moztu behar izaten da, eta alde handi samarra zegoen. Izan ere, atzo Lizasok zigorra jaso zuen, bi, gainera, eta 40 kilo kendu zizkioten, baina horrek ez zuen izan aparteko garrantzirik amaierako emaitzetan. Arteagak ere bi zigor jaso zituen, eta Baliarraingoari ere 40 kilo kendu zizkioten.

«Uste baino hobeto»

Saioaren amaieran oso gustura zegoen segalari asteasuarra. Ez da gutxiagorako; izan ere, aurten jokatu dituen hiru lehiaketa ofizialetan txapela jantzi du.

«Egia esan, uste baino hobeto aritu naiz. Hasieran ongi ibili naiz, baina lanen erdialdera nahastu egin naiz, baina horri buelta eman diot, eta oso gustura amaitu dut. Uste baino hobeto aritu naiz», esan zuen txapela lortu berri zuen Juan Joxe Lizaso asteasuarrak.

Urteak ere pasatzen ari dira, eta txapeldun berriak hurrengo urtean zer egin behar duen pentsatu egin behar duela adierazi zuen. «Ez dakit zer gertatuko den datorren urtean. Urteak ere aurrera badoaz, gazte jendea ere badator, eta tenorea heltzen denean pentsatu egin beharko dugu zer egin. Orain oraingoa gozatu beharko dugu», esan zuen txapeldun berriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo