GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Gernika itsasuntzitik

Erruez eta sugeez

Uztailak hamar gaur, Asun eta biok gara goizeon goizen jaiki garenak. Gernika ontziko beste lau kideek lo segitzen dute. Bertoko laranjeez zukua prestatu dut, ordenagailura jo aurretik. Zukua albo batean, atzoko kronika ikustera jesarri naiz.

Edorta JIMENEZ I Idazlea

Testua errakuntzak aipatuz amaitu nuen eta, testuan bertan dagoen errakuntza mordua gero! Neure errua. Barka irakurleok, ezelango gramatika zuzentzaile barik idazten dut eta. Txopa aldean, ahalik eta goizen. Inoiz ez baitugu jakiten gero egunak zer ekarriko digun.

Bart bertoko hiru gizon hartu genituen karel artean, euretariko bat beste bitan ere egondakoa. Azken hori aspaldi batean hemengo Mugimendu Komunista delako kidea izandakoa. Alderditik kanpora bota zuten. Erru bakarra, kritikoegia izatea. Berak eta biok hala moduzko ingeles batean, beste biek grezieraz jardun dugu. Krisiaz, jakina. Eta erruaz, jakinago. Horrela, gurean askotan aditu dudana aditu behar izan dut hemen ere. Inongo zuhurtziarik barik, greziarrek neurriz kanpo kontsumitu dutela. Ai ene. Kontsumoa eta kredituak, kredituak eta kontsumoa, Kapitalismoaren zutarrietako bi dira. Krisian dagoena ba Kapitalismo izeneko sistema osoa da.

Karl Marxek -vade retro!- ondo erakutsi zigun legez, Kapitalismoari berezko zaizkio krisialdiak. Berezko eta ezinbesteko. Sugeari larrua aldian-aldian berritzea zaion era berean. Egun, alegiazko suge hori larrua berritzen ari da. Piztia handiago izateko. Zahar duena erauziz. Egungo Kapitalismoak soberan ditu gaixoak, zaharrak, langabeak, haurdun gera litezkeen emakumeak eta horrelakoak. Hortik piztiaren aurkako protestak. Adi baina. Laster ikusi behar dugu sugea bere ohiko dirdirak berriturik, biko mihizto gaizto horrekin. Eta bikoa mihiztoa, modu bitara mintzatzen zaigu. Gu guztiok zorabiatzeko. Behin hori lorturik kosk pozoitsua egiten du. Kapitalismoaren alegi edo irudietakotzat dut nik neuk sugea, barka egidazue erabilera. Ingurua begiratzen dut. Muino lehorrak. Horietan hazten den ia bakarra, olibondoa. Europar Batasunak horrelaxe aginduta, horren monokultibora kondenatua da Kreta. Gehitu horri Turismo Sistema, eta horra lehengo ekonomi egitura suntsiturik. Europako beste inguru askotan bezala. Aspaldiko laranjondoetako laranjak hortxe usteltzen dira, behearen gainetik nor batu ez dutelarik. Goizeko zukua horietakoez egina da. Ontzian diren greziarrek diotenez, baratzak lantzera itzulia da bertoko jendea. Hirian baino hobeto ekingo ei diote krisiari hemen. Sugearen larru zaharraren hondakinak, lehengo ekonomiaren hondakinak ustiatzen. Etorkizuna. Ironiarik barik diot.

Sugeak ez ditu erruduntasunez bizi bere larru berritzeak. Besterik ustea sugeak kontzientziarik baduela aitortzea litzateke. Nondik nora liteke hori baina, sugearen jabeek kontzien-tziarik ez dutenez gero. Horien kontzientzia ezaren adibiderik behar bada, Berlusconi Zalduna.

Berlusconi izan zen Italia delako beste edozein enpresa kudeatzen den legez kudeatu behar zela esan zuen lehena. Italia enpresa, ba. Harekin kapitalismoko enpresa guztietan bezala egitea proposatu zuen. Hots, soberakinak zakarrontzira -soberazko langileak, zaharrak, gaixoak eta enparauak kale gorrira- eta irabaziak gora. Presidente egin zuten Italia naziotzat dutenen gehiengoak. Horretarako haren banderaren hiru koloreez jantzi zuen sugea. Forza Italia!

Oraingoaren aintzindari dugu Berlusconi. Aztia eta profeta. Biko mihiztoaz Estatu-Nazioetako populuari nazioa aipatu eta aipatu, eta aldi berean langile proletarioei XIX. mendean ematen zitzaien tratu bertsua emanez. Berlusconiri copyrigth delakoa eskatu barik, nik neuk ere Mendebaldeko Nazio-Estatuak Nazioarteko Enpresatzat ditut. Enpresa horietako batzuen mugartetan, Grezian esate baterako, bere burua naziotzat duen populu jakin bat bizi da. Beste batzuetan, Espainiako Erresuman kasurako, bere burua naziotzar duen populu bat baino gehiago bizi da. Nik neuk nire burua ez dut espainoltzat. Haatik, Espainako Erresuma izeneko Nazioarteko Enpresak espainola naizela diost, eta bere legeak ezartzen. Horrexegatik naiz erreduna. Berdin dio zerena, baina erreduna.

Errua eta sugea, Kristautasunren jatorrizko irudi nagusiak. Hain sustraituak non Kapitalismo den alegiazko sugeak kosk egiten digularik errudun sentitzen garen. Egun, komunista izandakoek eurek ere bizi dute krisiarengatiko erruduntasuna. Suge handiaren mihiztoa, bai mihizto miresgarria. Zorionez bada horren jukutriari iskin egiten diotenak. Mugimendu orain arte kasik isila osatu dute. Gernika ontzira bisitan etorri zaizkigunek ezkor begiratzen diote horien mugimenduari. Haserre hutsa ez delako nahikoa. Naturan diren benetako sugeen portaerei begiraturik -beste batzuek ere begiratu izan diote- badute zer ikasirik Haserretuek. Kapitalismoa den alegiazko sugeari heriotza zelan eman.

Bitartean, justizia arruntak erredun aitortuak zelan tratatu ohi dituen, horrelaxe tratatzen gaituzte Askatasunaren Bigarren Ontzidikoak Nazioarteko Enpresa diren Greziako Errepublikak, Espainiako Erresumak, Europar Batasunak eta, guztien gainean agintea erakutsiz, Israel Estatuak. Berau duzue guztien artean sugeena. Hala izaeraz nola portaeraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo