Bilduk ateak zabalik utzi ditu Lasarten EAJrekin udal gobernua osatzeko
Nahiz eta lehenengo saiakerak kale egin, etorkizun laburrean alderdi biko udal gobernua osatzeko aukera ikusten du Lasarte-Oriako Bilduk. Udal ordezkarien soldatak nabarmenki jaitsi dituzte, orain arteko ordezkarienak gehiegizkoak izan direla ikusita.
Aimar ETXEBERRIA |
Lasarte-Oriako Udalean joan den astelehenean egin zuten osoko bilkurak zeresan handia eman du. Hainbat gai garrantzitsu izan zituzten mahai gainean, hala nola liberazioen eta soldaten kontua. Bilduk gobernatzen duen Udalak, gehiengoz erabaki zuen udal ordezkarien soldatak nabarmenki jaistea. Horrekin batera, bilera guztien ordua aldatzea erabaki zuten, herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoarekin. Nahiz eta udal gobernua Bilduko zinegotziek soilik osatu, EAJ sartzeko ateak irekita daude oraindik, Bilduren hitzetan.
Koalizioak hartutako erabakien artean, bilera guztien ordua arratsaldeko sei eta erdietara pasatzea nabarmendu nahi izan du. Hala ere, garrantzia handiena duena arlo ekonomikoan hartutako erabakia da, alegia, soldaten eta liberazioen gaiari dagokiona.
Bilduko udal gobernuak udal ordezkarien soldatak jaistea erabaki zuen. Hartutako erabakiarekin, kargu politikoen artean 74.925 euro aurreztuko dute. Horri, konfiantzazko karguen artean egin duten murrizketa gehitu behar zaio. Bost konfiantzazko kargu izatetik bakarra izatera pasa dira; alkatearen idazkariarena soilik mantendu dute. Era horretan, 171.364 euro aurreztuko dituzte. Horrek guztiak esan nahi du irten zen udal gobernuak soldatetan gastatzen zuen erdia aurreztuko dutela.
Udal batzordeak
Udal batzordeen osaketan pisu handia hartzen du PSEk. Hiru kide izango ditu alderdi horrek, bi Bilduk eta bana EAJk, herri plataformak eta PPk. Hala eta guztiz ere, dauden bederatzi batzordeetatik seitan Bildu izango da buru, EAJ bitan eta plataforma batean.
Bilduk garrantzi berezia eman nahi izan dion batzordeetako bat sortu berri duten parte-hartzearen batzordea da. «Gure mugarrietako bat legegintzaldi honetan parte-hartzearena izango da», diote Bildutik. Udala herri ekimenen «galga» izatetik «indartzaile» izatera pasatzea nahi dute.
Horrez gain, arlokako mahaiak antolatzeko asmoa dute, «egitasmo guztiek osotasun bat izan dezaten». Auzoetako elkarteekin elkarlanean aritzeko konpromisoa ere azaldu zuten, «auzoko arazoen aurrean erantzun egoki eta azkar bat emateko».
Koalizioko kideek lehenengo urtea egoera aztertzeko hartuko dutela azaldu zuten. «Eginda dagoena aztertu, bideratuta dagoena baloratu eta hau eskura izanda gure programarekin bat datozen aukerak aurrera eramango ditugu».
Azken udalbatzan onartu zutenez, Udaleko kargudunen soldatak beren osotasunean hartuta, ia erdia aurreztera iritsiko dira Lasarte-Orian. Alkateak 30.000 euro gutxiago irabaziko du urtean.
Herritarren parte-hartzea bultzatu nahian, hainbat erabaki hartu dituzte, hala nola parte-hartzearen inguruko batzorde berri bat sortzea eta osoko bilkuren ordutegiak aldatzea.