GARA > Idatzia > Kultura

«Xora» filmak Cronenberg eta Lynchen iragazkitik pasatuko du Zuberoa

«Xora» filmaren egitasmoa bide-urratzailea da. Alde batetik zubereraz egingo den lehen filma izango baita; bestetik, zuzendariaren, Peio Cachenauten, lehen lana ere bada. Hala, transmisioaren gaia landuko duen filma zubereraren eta euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoa izango da, eta Zuberoari buruz dugun ohiko irudia aldatu ere egingo du, maskarada eta pastoralen esparruetatik at joko baitu proiektuak. 2012ko udaberrian estreinatuko dute.

p051_f01_148x124.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Xora» hitzak bertigoa edota zoramena adierazten du, eta horixe hartu du Peio Cachenautek lehen filmari izenburutzat jartzeko. Zubereraz grabatuko den lehen filma izango da; baita zuzendariaren lehen lana ere. Bertan, Mauleko Hebentik kultur elkarteak, Aldudarrak bideo kooperatibak eta Durangoko Baleuko Kaplan ikus-entzun enpresak hartu dute parte, Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea proiektu berean batuz.

«Xora»k gai ugari jorratzen ditu; lerro nagusian, transmisioa eta ondarea daude, kasu honetan sorkuntza alorretik ikusiak; baita sortzailea eta bere obraren arteko harremana ere. Protagonista zuberotar gazte bat da (Jef Goyhenexpe), egunerokotasunarekin asperturik, idazle izatearen ametsari ekingo diona. Horretarako, bere osaba «Hollywood»-engana joko du (Dominika Recalt), Ameriketan karrera luzea egin baitzuen hark idazle lanetan. Beraien arteko erlazioa eta gaztearen barne-bidaia izango dira oinarri filmean. Aldi berean, idazle berriaren barneko mamuak eta jarraika ibiliko zaion gizon misteriotsu bat ere nabarmenduko dira.

Zuberoa eta zuberera maskarada eta pastoralekin estuki lotzen ditugu, baina, Mixel Etchecoparrek, Hebentik elkarteko lehendakariak, atzo egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, Zuberoan gauza berriak egin nahi dituzte: «Zuberoa arkaikoa ikusten da beti, eta zuberotar garaikide bezala bizi nahi dugu». Hala, euskalkiaren erabilera eta protagonismoa bultzatzeko, filmeko bi protagonistek harreman ezberdina izango dute hizkuntzarekin: osabak ama hizkuntza du; eta gaztea, ordea, euskaldun berria da. Filmak Zuberoako euskara erakutsiko du egunerokotasuneko ahozko erabileran, beste hizkuntzetatik hartutako hitzen erabilerarekin; baina modu idatzian ere azalduko da, modu abstraktu eta literarioagoan.

David Lynch eta Cronenberg

Dominika Recaltek, protagonistaren osaba interpretatuko duen aktoreak, atzo azaldu zuenez, lan honek zer pentsatu ekarriko dio ikusleari. Beraren esanetan, nahiz eta hitzen bitartez ez azaldu, filmean iluntasun halako bat nabaritzen da etengabe, «barne-min» antzeko bat, «David Lynch eta David Cronenberg zuzendarien kutsu bat du, gauzak bere neurrian jarrita, noski», esan zuen txantxetan.

«Xora» egiteko proiektua orain bi urte erne zen Peio Cachenauten buruan. Proiektuarekin zubereraren ñabardura guztiak islatu nahi ditu zineman, eta horretarako, liluratu egiten duen mundua erabiliko du; literaturaren mundua, alegia. «Gutako askorentzat lehen aldia da film sorkuntzan eta proiektua gu bezalakoa da, txikia, baina eskuetan dugun guztiarekin egingo dugu lan», azaldu zuen Cachenautek.

50 eurorekin, «Xora»-n parte hartzeko aukera, nahi duenak

«Xora» filmaren proiektua zinemaz haratago doa, auzolana ere bada-eta. Izan ere, lana sortzeko beharrezko diru laguntza zuberotarren poltsikoetatik jaso dute. Hala ere, ETBren lankidetza ia ziurra dute -telebista kateak oraindik erantzunik luzatu ez duen arren, itxaropentsu daude jasotako hitzen ondorioz- eta Estatu frantseseko hainbat erakundek ere parte hartuko dute. Hala ere, diru biltze kanpaina hori Euskal Herri osora zabaldu nahi dute, eta atzo egin zuten aurkezpen ekitaldian, Donostiako Udaleko kultura delegatuari, Nerea Txapartegiri, parte hartzeko proposamena egin zioten. Hegoaldeko erakundeek oraingoz ez dute erantzunik eman.

Hala, edonork «Xora» proiektuan parte hartzeko gogoa edukiz gero, 50 euroko bonoak erosteko aukera du. Informazio osoa Hebentik elkartearen webgunean topa daiteke (hebentik.wifeo.com). M. L.

PRESTAKETA

Datorren astelehenean hasiko dituzte hiru asteko filmazio lanak. Aurkezpena Durangoko Azokan egiteko asmoa dute. Estreinakoan azpitituluak erantsiko dizkiote filmari, euskara batuan eta gaztelaniaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo