Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia
Azoka
Markel IRIZAR
Radio Shack taldeko txirrindularia
Lehen aste ero hau igaro eta gero, izugarri gustura hartu genuen atseden eguna. Lasai gosaldu, lasai entrenatu, erorikoen oinazeetatik errekuperatu... gorputzari atseden eman, baita moralari eta buruari. Betiko arroz eta pastaren ordez, pizza, etxeko hanburgesak eta kapritxo batzuk.... Ondorioz, siesta ordurako askoz ere aurpegi alaiago eta freskoagoak mahai inguruan!! Eta lo kuluxka egin eta gero hasten da hoteleko saltsa eta managerren desfilea.
Lehen atseden eguna da, eta saldu eta erosi, euroak gora eta behera, hor dabiltza txirrindularien bitartekariak, eta taldeetako managerrak, txirrindulariak fitxatu edo kolokatu nahirik.
Azokatan bezala, lehen orduan ibiltzen denak aukera onena izaten du, freskoena eta kalitate gorenekoa; baina noski, kalitatea dexente ordaindu behar da! Azken orduan, berriz, besteek nahi ez dutena, edo soberakinak gelditzen dira, eta horiek prezio baxu antzean eros daitezke.
Abuztuaren 1etik aurrera hasiko dira aste honetan eginiko salerosketen fruituak ikusten, ordura arte UCI-k ez baitu legez kontratuak sinatzen uzten. Jada, ustezko isilpeko mugimendu batzuen berri iritsi da gure belarrietara, baina ikusi egin behar oraindik Tourra bukatzeraino zenbat mugimendu gehiago dauden!
Baina gaur, primizia txikitxo baten berri emango dizuet. 54 zentimetro eta 3.6 kilo ditu, eta aramburutarrok (hau da, nire amaren aldeko familiak) egin dugun azken «fitxajea» da. Berez nire lehengusua den arren, sentimenduz nire iloba da, eta irrikaz nago Tourra bukatzean Julen txikia ezagutzera joateko. Aurillac-etik nire zorionik beroenak Julenen guraso Txus eta Nagoreri, eta ongi etorria gure familiara Julen! Laster arte familia! Besarkada eta musu handi bana!