GARA > Idatzia > Kultura

Getxophotok badu bosgarren ediziorako leloa: «Gora zaharrak!»

Getxophoto Nazioarteko Argazkilaritza Jaialdiaren bosgarren edizioak zaharrak goratu nahi ditu aurten. Irailaren 1etik 30era ospatuko da Algortan eta hogei artista inguruk hartuko dute parte, Andrew Zuckermanek, Sacha Goldbergerrek eta Peter Granserrek, besteak beste.

p052_f03_97x68.jpg

Ane ARRUTI | GETXO

«Gazte» eta «lerden» derrigorrez esaldi berean joan beharreko bi hitz ez direlako, zaharrek ere ongi eta eder sentitzeko eskubidea dutelako eta, gehiegitan erakusten zaigun eritasun eta erotasunetik harago, jakituriaz beteriko bizitzaren jabe direlako, Getxophoto Nazioarteko Argazkilaritza Jaialdiaren bosgarren edizioak eurei egingo die gorazarre; zaharrei.

«Gaur egun, gaztetasuna goresten den garai honetan, zaharra izatea ez da egokia. Zaharrak garela onartzea, etengabe mugimenduan dagoen gizartetik baztertzea da», esan zuen atzo Jokin Aspuruk, jaialdiko eta Begihandi elkarte antolatzaileko zuzendariak. «Bosgarren urtea dugu, nagusi egiten gara gu ere eta aurrez aurre begiratu nahi diogu heldutasun edo zahartzaro horri».

Iaz bezala, irailean zehar ospatuko da jaialdia eta Frank Kalero kataluniarrak egingo ditu komisario lanak. «Aisiari gorazarre eginez hasi zen krisi bete-betean, orain zahartzaroari egingo dio eta, datorren urtean ere, bera izango da komisario, gorazarreekin ekindako bidea borobiltzeko», iragarri zuen Aspuruk.

Orain arte egin duten moduan, aurten ere ezohiko euskarrietan erakutsiko dituzte argazkiak: edontzi-azpikoetan, kalean zintzilikatutako oihaletan, kamisetatan... «Espazio publikoa aldarrikatzen segituko dugu», azaldu zuen zuzendariak.

Aurtengo kartela berriz, gurutze-puntuan jositako hizkiekin diseinatua dago, «amama Yolanda perutarrak josi ditu banan- banan».

Hogei artistaren fokutik

Jaialdiak bi atal izango ditu; erakusketak eta jarduerak. Azken hauek irailaren 1etik 4ra egingo dira. Lehenengoari dagokionez, Ereagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrera arteko tartean eta hainbat aretotan egingo dira nagusiki. Hogei esku-hartze inguru izango dira, beste horrenbeste artistarenak, zahartzaroa bizitzeko hainbat modu jasotzen dituztenak. Euskaldunen artean, Ricky Davila getxoztarra eta Bilbon finkatutako Vicente Paredes alacantarra izango dira bertan.

Aspuruk iragarri zuenez, jakituria, nagusientzako edertasun lehiaketak, bizitza zahar-etxeetan, hirietako ortuak, transexualitatea hirugarren adinean, ehun urte betetzearen poztasuna edo bizitzatik heriotzara dagoen iraganbidea izango dira, besteak beste, jorratuko diren gaiak.

Nabarmentzekoa da ikusgai izango den Andrew Zuckermanen lana. 65 urtetik gorako 50 pertsonaia ezagun ingururen hitzak, argazkiak eta ideiak jaso ditu, belaunaldi batetik bestera jasotzen den jakinduria gorde nahian. Horien artean dira Clint Eastwood, Nelson Mandela eta Desmond Tutu, besteak beste.

Satsa Goldbergerrek, berriz, benetan lan «hunkigarria» erakutsiko du: bere amona depresiotik burua goratzen laguntzeko, mozorrotu eta fikziozko giroetan jarri du, «Super Mamika» bilakatuz. Peter Granser alemaniarrak, bestalde, Sun City erretratatu du, 65 urtetik beherakoek sarbidea galarazita duten AEBetako herrixka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo