GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria

ETA-REN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

 

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez gure herriak bizi duen une garrantzitsu honetan bere hausnarketaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:

Azken hileotako bilakaerak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian burutu diren hauteskundeen emaitzek bereziki, zabaltzen ari den aro berrian mugarri bat ezarri dute, Euskal Herrian etorkizunari ekiteko ilusio eta itxaropenerako tokia dagoela erakutsiz. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko eta gatazka konponbidean jartzeko egitasmoak jaso duen babesa batetik, eta ezker abertzalearen ilegalizazioaren babesean gauzatu diren bazterketa eta ordezkaritza instituzionalaren bahiketa udal eta foru aldundietan gainditze bidean jarri izana bestetik, horren adierazle dira. Horretarako ekarpen handia egin dute euskal eragile eta herritar ugarik.

Hori esanda, urtarrileko ekimenetik sei hilabete pasa direnean, Euskal Herriko egoeraren gaineko hausnarketa pausatua eskaini nahi du ETAk. Egungo egoera politikoa ezin baita ulertu aurretik, urte luzeetan zehar, herri honek garatu duen borroka eredugarria kontuan hartu gabe.

Zapalkuntzaren aurreko erresistentzian eta nazio eraikuntzan oinarritu borroka luze eta oparoa

Euskal Herria hilzorian zegoela sortu zen ETA, errepresioari erantzuteko eta Euskal Herriaren defentsa irmoa egiteko helburuarekin. Borroka eskaintza honek eta berarekin batera eratu zen proiektu independentista eta sozialistak, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzeko aukera eskaini zuten. Zapalkuntzarik bortitzenak eragiten zuen etsipen eta zenbait indar abertzaleren epeltasunak hedatzen zuen esperantza ezaren aurrean, Euskal Herriaren beharrei begiratzen zien egitasmo eta berau gauzatzeko bidea bazegoela erakutsi zuten.

Orduz geroztik, ezker abertzaleak Euskal Herriaren askatasuna lortu arteko borrokari eutsi dio, askapen mugimendua eta Euskal Herria bera Espainia eta Frantziaren amaraunean irenstea helburu zuten amuei uko eginez.

Frankismoaren ondorengo erreforma politikoaren aurrean haustura demokratikorako eskaintza egin zuen ezker abertzaleak, indar abertzale guztiek Euskal Herriaren eskubideen aldeko estrategia bateratua izan genezan. Tamalez, ez zen lortu. Batzuk burujabetza asmoa Espainiako marko autonomikoan asetzerik bazegoela iritzita. Beste batzuk alderdi interesak hobetsi zituzten, kudeaketa autonomikoaren onurak eskuratuz Euskal Herriari bizkarra ematearen truke.

Horrela, ezker abertzaleak bere proiektu politikoa lantzeaz gain, Euskal Herriaren ukazioa eta zatiketa borrokatzearen eta eskubideen defentsa egitearen ardura osorik bereganatu zuen. Baita kemenez egin ere. Errepresio latza jaso arren ez da kikildu. Eraso guztiei aurre egin die eta inposizio saio orori mugak jarri dizkio. Horrekin batera, gatazkaren gakoak diren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortza aldarrikatu eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidezko konponbidea ahalbidetuko zuten proposamenak egin ditu, Euskal Herrian benetako askatasun eta bake agertokia eraiki asmoz.

Ezker abertzalea zeregin horretan luzaro bakardadean aritu da. Haatik, herrian txertaturik egin du aurrera. Independentismoa zokoratzeko hamaika saio egin arren, herritarrekin batera lan eginez, herritik arnasberritu da etengabe.

Zapalkuntzari erresistentzia gogorra erakutsi diogu, baina gurea ez da erresistentzia hutsa izan. Herri egiten gaituzten zutoinen eraikuntzan aritu gara beste herritar ugarirekin batera, euskararen bultzadan, kulturaren garapenean, hezkuntza eredu propioaren alde, jendarte eredu berri bat sortuz. Era berean, Euskal Herriaren zatiketa instituzionalari proiektu nazionala landuz eta sare sozial eta kulturalak ehunduz erantzun diogu.

Borroka honek guztiak, ondorengo ondorio politikoak ekarri ditu:

- Euskal Herria bizirik dago, Frantzia eta Espainiaren menpeko asimilazio politiko, sozial eta kulturalean desagerrarazteko estrategia bortitza pairatu duen arren.

- Euskal Herriari inposatutako marko zatikatzailea ez dute egonkortzerik izan. Etsi gabeko borrokak etengabeko higadura eragin dio, Euskal Herriaren beharrak asetzeko aukera antzua dela erakutsiz.

- Gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko jarrera nagusi da euskal jendartean. Gatazkaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazio bidez eta lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren eskutik etorriko dela euskal jendartearen gehiengoaren ustea eta nahia da.

- Egun, Espainia eta Frantziaren menpeko proiektuen aurrean, independentzia ageri da egiazko alternatiba bakar gisa.

Duela bi urtetik hona, baldintza horiek askapen prozesuaren zutabe erabakigarri bilakatzeko hausnarketa sakona burutu du ezker abertzaleak. Horrekin batera, estatuek askapen prozesuan behartu nahi zuten blokeo egoera hausteko estrategia eraginkorra finkatu beharra zegoen.

Hausnarketa hartan, autokritikak toki garrantzitsua hartu zuen, edozein mugimendu iraultzaileari dagokion gisan, gurea ez baita akatsik gabeko bidea izan. Baina egungo egoeraren gakoa urte luzeetako borrokan asmatu izanean dago, zapalkuntzari erakutsitako erresistentzian, nazioaren eraikuntzan eta, horren ondorioz, eskuratutako lorpen politikoetan. Horrek eman digu askapen prozesuan urrats berriak emateko aukera eta hartzen ari garen norabidearen iparra erakusten digu.

Esan beharra dago, azkenik, eginiko bidea ez dela ez erakunde soil baten, ez pertsona gutxi batzuen borondatearen eta argitasunaren emaitza. Euskal emakume eta gizon askoren ahalegin, sakrifizio eta eskuzabaltasunak, auzolan zabal batek osatzen du askapen prozesuaren ibilbide kolektiboa, askok zeregin horretan bizia eman eta galdu dutelarik.

Egungo egoera: aro berria zabaltzen ari gara

Ezker abertzalearen hausnarketa ez zen ariketa teoriko hutsa izan. Berarekin batera, ausardiaz eta erabakitasunez, egoera iraultzeko eta aro berria zabaltzeko iniziatiba hartu zuen. Hor kokatzen dira hilabeteotan egin diren proposamenak, burutu diren herri mobilizazioak, ETAk abiatu dituen ekimenak edota sektore ezberdinen artean ehundu diren aliantzak eta garatu den elkarlana.

Ezker abertzalea indarberriturik

Ezkerreko independentismoa akabatzea lehentasunezko helburua izan da Espainia eta Frantziako agintarientzat. Urtetan zehar molde errepresibo ororekin saiatu dira. Ezker abertzalea, alabaina, ez da makurtu. Ezker abertzaleko gizon-emakumeek baldintzarik zailenetan kemenez eta eskuzabaltasunez erantzun dute eta beren jardun politikoa atxiloketa, tortura eta espetxearekin ordaindu arren, lepoan hartu eta aurrera segitu dute. Horren ondorioz bizirik dago egun ezker abertzalea eta, berarekin batera, herri honen askatasun aukera.

Ez aspaldi, blokeoari eutsi nahi ziotenek, ezker abertzalearen porrota iragarri zuten. Zapaltzailearen harrokeriatik begiratuta, Espainiako ustezko demokrazian barneratzeko aukera ikusi nahi izan zuten ezker abertzalearen urratsetan. Urtetako jazarpen latzaren ondoren ezinduta eta etsita egongo zela sinetsita, makilakadaz josita behingoz artegian sar araziko zutelakoan.

Itxikeriari eta errepresioari eutsi ez ezik, maltzurkeriaz aritu dira, ezker abertzalearen sinesgarritasuna kaltetzeko eta barne zatiketa elikatzeko asmo zitalarekin. Baina oztopo eta erasoen aurrean, ezker abertzalearen apustuari irmoki eusteko erabakitasunak jendartearen aurrean sinesgarritasuna eman dio lehenik, atxikimendu zabala biltzeko ondoren.

Blokeo estrategia pitzatzen hasiak gara

Estatuek askapen prozesua eta aldaketarako aukera blokeatzeko estrategia oso bat eraiki dute azken urteotan. Ezker abertzalearen zokoratzearekin batera, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzea ekidin nahi zuten, abertzaleok barreiaturik eta eskaintza bateraturik gabe jardun genezan. Bestalde, gatazkaren konponbide demokratikorako aukera itxita, Euskal Herria eta Frantzia eta Espainiaren arteko gatazka desitxuratu nahi zuten, estatuak eta ezker abertzalearen arteko konfrontazio hutsa bilakatuta.

Hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta eraginkortasun politikoa berreskuratu dute, herri sektore zabaletan aldaketarako ilusioa eta esperantza piztuz eta indar metarako aukera eskainiz.

Honekin batera, ETAk eman dituen urrats sakonak lagundurik, gatazka politikoaren konponbidearen aukera eta premia indarrez plazaratu da Euskal Herrian zein nazioartean. Euskal eragile ugarik izenpetu zuten Gernikako Akordioa eta bertan jasotzen den oinarrizko ibilbide orria konponbide demokratikorako ukaezinezko erreferentzia bilakatu da.

Euskal jendartean gero eta ulergaitzagoa egiten da estatuen jarrera. Itxikeriarekin eta errepresioarekin tematzeak inoiz baino zilegitasun gutxiago du Euskal Herrian. Horregatik esan dezakegu Euskal Herria eta Espainiako estatuaren arteko distantzia areagotu egin dela: konponbideari uko egin eta urratsak ez emateak, Euskal Herrian kostu politikoak eragiten dituela.

Zentzu horretan, atxiloketa, tortura, euro-agindu edota epaiketen kontra eta euskal preso politikoen eskubideen defentsan burutu diren mobilizazioak azpimarratu behar dira. Zeresanik ez, ilegalizazioari eusteko azken saiakerak jaso duen erantzun zabala, Espainiaren menpeko sektorearen lerroetan ere kontrakotasuna agertzera behartu duena. Estatuek oraindik errepresioari eusten badiote ere, gero eta herri erantzun zabalagoa aurkitzen dute parez pare, gero eta kontraesan gehiago itxikerian jarraitzeko. Eta dagoeneko galdu dute Euskal Herriko egoera politikoaren gaineko aginte makila.

Ilegalizazioa indargabetze bidean, herri xumearen ahotsa udaletxeetan

Ezker abertzalearen antolakundeen ilegalizazioak eta, oro har, herri mugimenduaren aurkako erasoek ezaugarritu dute azken hamarkadako estatuen estrategia errepresiboa. Eskubide zibil eta politikoen zangopilatze masiboren urteak izan dira. Estrategia horrek «alderdien legea» deiturikoarekin katebegi berri bat erantsi zuen. Espainiako estatuak Euskal Herriari indarrez inposatu zion lege arrotz harekin ezker abertzalearen ekimen politikoa baldintzatu ez ezik, hauteskunde lehiatik kanpo eta ordezkaritza instituzionalik gabe uztea bilatzen zuen.

Burutu berri diren hauteskundeak baldintza ez demokratikoetan burutu dira beste behin ere. Euskal Herria ukatua eta indar armatuen mehatxupean egoteaz gain, ezker abertzalearen hautua zen Sorturen aukera legez kanporatuta eta hamarnaka mila herritar hautagai izateko aukera debekatuta burutu baitira hauteskundeok. Eta hori izango da, besteren artean, epe motzeko erronka nagusienetakoa: eskubide zibil eta politikoak ezartzea Euskal Herrian.

Hala eta guztiz ere, harrotasunez esan dezakegu Euskal Herriak ilegalizazioaren bataila politiko eta ideologikoa irabazi egin duela. Euskal Herriak estrategi haren helburuak indargabetu dituela.

Hauteskunde hauen emaitzek egoera berri bat iragartzen dute. Hala uler daiteke, Bildu koalizioak herritarren parte hartzea bultzatzeko eta ordezkaritza instituzionala herri boterea bilakatzeko egin duen zinari erreparatuz.

Aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko aukera gorpuzten ari da

Euskal Herrira aldaketa sakonak datozen ustea gero eta hedatua dago euskal jendartean. Herritarren aktibazioa eta presioarekin iraganeko erresistentziak hautsi eta etorkizunari askatasunez ekiteko aukera ireki daitekeen ustea hedatzen ari da egunetik egunera.

Burujabetzaren aldeko esparru ezkertiarraren metaketak ilusio eta ikusmira berri bat ekarri du Euskal Herrira. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko egitasmoak euskal jendartearen babes zabala jaso ez ezik, berau egikaritzeko tresneria berria eskuratu du. Gaur, agertoki demokratikoa zabaltzeko egin beharreko bidean eta nazio eraikuntzari eta euskal langileen defentsari ekiteko baliabide gehiago du Euskal Herriak.

Euskal Herrian eman beharreko aldaketa politikoa aldaketa sozialen eskutik lotua doa ezinbestean, egungo krisi ekonomikoak are nabarmenago erakusten duenez. Azken hilabeteetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek erreforma eta neurri larriak hartu dituzte eta, orokorrean, kapitalismoaren eta banketxeen mesedetan oinarrituriko politikak ari dira garatzen. Bitartean, herritarren egoera egunetik egunera makurragoa bilakatzen da: langabeziaren areagotzea, prekarietatea eta lan baldintzen okertzea, kaleratzeak, zerbitzu publikoen murrizketa...

Euskal sindikalgintza aldaketa horren erreferentea izaten ari da. Greba orokorraren ondotik, Madrilen egindako mobilizazio jendetsuak edota Maiatzaren Leheneko deialdi bateratuak, aldaketa garaiotan euskal langileriaren aktibazioan urrats berria ekarri dute. Berdin sektore ezberdinetan aitzinaturiko borrokek. Neurri murriztaileei aurre egitetik harago, konfrontaziorako aukera eta beste eredu baterako alternatibak eskaintzearen perspektiba eraikitzen ari da pixkanaka.

Aurrera begira: herriaren bultzadaz nazio eraikuntza, askatasuna eta bakea

Herria eraikitzeko premia

Orain artean, Euskal Herriak urtetako borrokaren bitartez eskuratu dituen lorpenak eta azken hilabeteotan eman ditugun urratsak nabarmendu ditugu. Ez dira txikiak izan. Haatik, horrek ezin du ahantzarazi Euskal Herria, oraindik orain, herri zapaldua dela. Arestian Euskal Herria bizirik iraunarazi dugula esan badugu ere, herio geldoaren arriskuak bizirik dirau, bi estatu boteretsuen erasoen artean.

Hortaz, hurrengo urteotan erasoei aurre egiteaz batera Euskal Herriaren egituratzean urratsak ematea eta herriaren garapen politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa bermatzeko baliabide berriez hornitzea funtsezko zeregina izango da Euskal Herrian sinisten dugunontzat.

Herri aktibazioan sakondu, ukazioaren harresia eraitsi arte

Herritarrek hitza hartu eta dagokien protagonismoa eskuratzearekin batera, egoera politikoa baldintzatzeko eta mugiarazteko gaitasuna erakutsi da. Horrekin, errepresioa eta ukazioaren amaiera eta Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza geroz eta sektore zabalagoen metaketatik eta geroz eta presio bide eraginkorragoen aktibatzetik etorriko dela agerian gelditu da.

Bakea eraikitzea, guztion eginkizuna

Hauteskundeak igaro eta berehala, orain arte urratsik eman ez dutenek Bildu eta ezker abertzaleari eginkizun berriak jartzeari ekin diote. Euskal Herrian zabaltzen ari den aukera bururaino eramateko eta denon artean justizian eta herriaren nahiarekiko begirunean oinarrituriko bakea eraikitzeko, guztion parte hartzea beharrezkoa dela ulertu nahi gabe. Dagoeneko, euskal jendarteak argi erakutsi duen bezala, urratsik ez emateko aitzakiak ez dira nahikoak.

Azkenik

- Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako esparruak zabal ditzagun.

- Euskal herritarrei eta bereziki ezker abertzaleko gizon-emakumeei, aurreratutakoak ematen duen ilusioa eta arnas berriarekin, ohiko apaltasun eta eskuzabaltasunez, lanean gogor jarraitzeko deia luzatu nahi die ETAk. Erronka handia dugu, lortuko dugu.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia lortu arte!

Euskal Herrian,

2011ko uztailaren 7an

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo