GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Zergatik ez ote dira poztu batzuk?

Txinak gogotik eta eraginkorki jokatu du bakearen eta irtenbide politikoaren alde. Interes neokolonialistek eraginda, noski... baina alde. Nola uler daiteke, bestela, Al Bashir Jubako ospakizunetan agertu izana, Beijingdik bueltan?

Bi milioi hildako edonor asperrarazteko, eta hilketa gehiago ekiditeko eginahalak eginarazteko, adina direla esango dit baten batek. Eta, noski, litekeena da. Sudango Gerra «Zibila» deitua (hildakoen %90 baino gehiago zibilak, armagabeak izan zirelako ote deitura?), bere bi aldi ezberdinetan, XX. mendearen amaierako izugarrikeriarik handiena izan da. Hari amaiera ematea, bertakoentzat lehentasunezkoa ez ezik mundu osoarentzat pozgarria izan behar luke, beraz. Eta horrelako zerbait gertatu dela pentsa liteke, Hego Sudan estatu sorberriari gertatu zaionaren aurrekaririk ez baitu jasotzen historiak: jaiotze egunean bertan, gizateriaren %90 baino gehiago ordezkatzen duten estatuen aitorpena lortu du, orain arte estatukide-etsai izan duenarena barne. Baina horrexegatik egiten da ulergaitzagoa ingurumari hauetan batzuek agertu duten ezkortasuna eta mutur iluna.

Benetako erronkak hemendik aurrera izango dituztela hego-sudandarrek esango dit besteren batek. Eta ez diot kontra egingo, alajaina. Afrikako herrialderik txiroeneko bat da sorberria, Giza Ongizatearen Indizearen azken postuetan agertu beharrekoa. Munduko gunerik gatazkatsuenean kokaturik jarraituko du, eta bere barne herri-osaeraren konplexutasuna zorabiatzeko modukoa da. Errematerako, itsasorako irtenbide zuzenik (eta hurbilik) gabeko herrialde lurtarra izango da Hego Sudan; gaur egun munduratzeko duen ondasun bakarra, petrolioa, kanporatzeko norbaitekin adostu beharko du, beraz, eta denboraldi luze batean bederen, orain arteko kide-etsaiarekin... Baina edonork aurreikus dezakeen etorkizun nekoso hori ez da haren independentzia deitoratzeko arrazoia... alternatiba ez litzatekeelako hobea. Historia lekuko.

Afrikako Adar alde hura gehixeago ezagutzen duenen batek gomutaraz diezadake, azkenik, gogora dezadala han bertan (eta Sudango Gerrarekin hain estuki lotuta) egon diren Etiopia eta Eritrearen aurrekaria. Nola gerra luzearen ondoren, han ere banantze adostua zirudiena etorri zen... berriro gerra kronikora -nabarmena batzuetan, isilpekoa gehienetan- itzultzeko, bi estatu legez orain. Eta ez diot kontrako apusturik egingo. Afrikako arazoen gordintasunaz, estatuen ahultasunaz, eliteen arlotekeriaz eta abar luze bati buruz aditzera behintzat badut, eta ez nago postura baikorregiak egitekotan. Baina Hego Sudango kasuan behintzat, faktore berri eta baikor bat kausitzen dut, aurreko eta inguruko gatazken aldean: kanpoko interesdun ahaltsu batek, banandu diren bien petrolio preziatuaren benetako «jabea» den Txinak, gogotik eta eraginkorki jokatu duela bakebidearen alde. Interes gordin eta neokolonialistek (kasu honetan bai dela egokia deitura hau) eraginda, noski... baina bakearen eta irtenbide politikoen alde. Nola uler daiteke, bestela, Al-Bashir Jubako ospakizunetan agertu izana, Beijingdik bueltan? Eta hori bera, realpolitik hutsean, poztekoa litzateke.

Beraz, zergatik hartu dute batzuek hain ezkorki Hego Sudanen independentzia?

Estatu bat zatitzen denean, batzuei bihotzean zerbait puskatzen zaiela ematen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo