Kronika | Gernika itsasuntzitik
Itsasora
Bart gose greban direnen berri onak heldu zitzaizkigun. Oso litekeena kronika hau argitaratzen denerako gure kideak jaten hasiak izatea. Goizeko hamaiketan itsasoratzeko baimenik barik segitzen dugu, Kolynpariko portuan, berriro ere kostazain bi ditugula jagole. Ez bide dakite Askatasunaren II. Ontzidia amaitutzat jotzeko tenorea iritsi dela. Horren agiri ofiziala bihar edo etzi plazaratuko delakoan gara Gernika ontzian. Horren ostean itsasoratzeko baimena emango diguten ez diguten emango, planak osatzen dihardu taldeak. Nik nire aldetik Simon Peres jaunaren helbidea jakin nahi nuke. Nire kronika hauetako bat edo beste berak ere sina ditzan.
Edorta JIMENEZ Idazlea
Gaurko GARAk dakarrenarekin bat, Simon Peresek eskerrak eman dizkio Greziako Errepublika Nazioarteko Enpresari, honek, neuk idatzi bezala, Askatasunaren II. Ontzidiari Gazara abiatzea erogotzi diolako. Nago esker oneko enpresari sionistak beste batzuei bere zorionik beroenak helarazi dizkiola. Nortzuei, ez dago esan beharrik. Eskerron eta zorionen banatzen amaitzeko Gazara abaitu ez abiatu zalantzaren balantzan dagoen «Diginité» frantses ontziaren erabakiaren zain dago, hain segur. Kretako porturen baten kanpoaldean dago ontzi hori, hemengo kostazainek inguraturik dutelarik. Ez da hurrrun joango, antza. Nork daki baina. Palestinar herriaren aldeko beste talde-ekimen batzuetan egon direnek diotenez, taldeotan frantsesik baden galdetu ohi dute soldadu eta polizia sionistek. Frantzia Errepublika Nazioarteko Enpresak Peresen negozioekin dituen harreman sendoen seinale. Hortik aurrera, «baietz abiatu, ezetz abiatu» nork bere apostua egin dezala.
Ontzian beste apostu batzutan gabiltza, ostera. Nik neuk hemengo agintarien hurrengo pausoa Kalynpariko arrantzaleekin gu konfliktuan sarraraztea litekeela defenditu izan dut batzarretan. Ba lerrook idazten ari naizelarik arrantontzi itzela etorri da, Gernikak nasan harturik duen lekutik sareak batzera. Ontzia osorik han sartzeko lekurik ez, ostera. Tartetxo batez baiez batean izan dira. Azkenean txopaz iritsi dira nasara. Gure kapitainarekin eskuz-esku jardunez, kostazainetako gizonen begiradapean. Une honetan sareak batzen ari dira. Arrantzaleetako batzuk, magrebiarrak. Kalynpari Ondarroa izan liteke. Bermeo. Pasaia. Goizeon arraina eskura- tzeko ahalegina egin gura dugu.
Zuena hor, hori bai bizomua! Inor horrelako esamesetan hasia ez ote den beldur gara hemen. Balizko horiei aurrea hartze aldera egiteko Manuel Tapialek badu proposamen zehatza. Kostazaineko beren ontzietako batean gu sartzen uztea, bandera eta guzti, argaz- kietara. Kostazainetako gizonak gure kareleraren papera etorri izana baliatu du haiei proposamena. Eskuturretan burdinak, keinu egin digu. Ordu erdi batean, esan du. Hemen denek gura dute zerbait ikusgarria egin. Nire iritzian nahikoa egiten dugu hemen egonda. Ontzia ezin dugu hemen utzi, bertan behera. Goizeon etorri diren arrantzaleek gure ontzia orain dagoen nasatik kentzeko galdatuko duten beldur naiz. Bitartean gure kapitainari Hainiako Portu Agintaritza joaten laguntzeko eskatu didate. Ordu biak ia.
Hemengo lauretan jesarri gara mahaira. Kapitainak bizkor-bizkor jan du, besteok astiroag. Menua ez dut aitortuko, inork ez dezan oporretan garela uste. Zereginari ekin behar zaio. Portuko Agintaritzan biharko goizeko hamaiketarako itsasoratzeko baimena izango dugula agindu digu. Azken paperak ei direnak sinatu ostean izan da. Enbasadan gose greban direnekin mintzatu naiz. Dena ongi, Edorta? Bai, Mikel, beskarda. Bihar hamaiketan itsasoratzeko baimena izanez gero ere eguraldiak pittin batez portuan egoten behartu gaitu gu, zuek hegazkinera!
Esandakoak esanda, ulertuko duzue ba kronika hau hemen berton uztea. Asteburuan Eako Poesia egunak izango dira. Ez nire begira egon, ez naiz azalduko. Edozelan ere, irakurri egizue Lauxetaren harako olerki hura. Itsasora!