EH Jaietan | Iruñeko Sanferminak
Udaltzainen probokazioen gainetik, Estricallak kontzertua eman zuen
GARA | IRUÑEA
Atzo gauean, Estricalla taldea Redin aldapan ematekoa zen kontzertua galarazi zuen Poliziak. Karmen kaleko Herriko Tabernako kideek adierazi dutenez, «udaltzain batzuk agertu eta hainbat pertsona identifikarazten saiatu ziren baten bat kontzertuaren arduraduntzat jotzeko, jendearen irudiak grabatzen zituzten bitartean».
Frantziako portalean eta inguruan udaltzainen eta polizia nazionalaren presentzia ugaria zen. Prentsa oharrean azaldu dutenez, «udaltzainen jarrera erabat probokatzailea zen, baina hala eta guztiz ere, jendea lasai ibili zen eta ez zien probokazioei erantzun». Prest zegoen eszenatokia desmuntatu ostean, kontzertua Arrano elkartean egin zuten.
Zentsura, protagonista
Aitzitik, ez da hori izan zentsuratu duten lehenengo kontzertu edo jarduera; izan ere, jakinarazi dutenez, «sanferminak baino lehen, festetan hainbat kontzertu egiteko baimenak eskatu genituen, eta Udalak baimenak ukatu eta kontzertuak debekatu zituen. Gora Iruñak eta peñek antolatutako zenbait jarduerarekin gertatu zen bezala», jakinarazi dute.
Gertaera horiek direla-eta, Herriko Tabernako kideek UPNren eta udaltzainen jarrera zentsuratzailea salatu nahi dute. «Atzo, beste pauso bat eman zuten, armatuta etorri baitziren istiluak sortzeko», azaldu dute.
Bestalde, sanferminetan antolatu dituzten kultur jarduerek aurrera jarraitzen dutela nabarmendu dute, eta jendeari oraindik izango diren ekitaldi horietara gertura dadin eta parte har dezan dei egin diote.