GARA > Idatzia > Euskal Herria

Luis Miguel Ipiña euskal iheslaria egoera larria pairatzen ari da espetxean

Donostiarrak Mexikoko ziegan oso baldintza larriak bizi dituela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Diabetesa du eta lo ez dagoen orduetan zutik egon behar du, ez baitago ziegako preso guztiak sartzeko lekurik. Senideekin komunikatu ahal izateko ere trabak ditu.

p011_f02.jpg

GARA |

Iragan maiatzean Mexikon atxilotu zutenetik, Luis Miguel Ipiña (Donostia, 1951) euskal iheslari politikoa oso egoera larrian dago bertako espetxe batean. Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo jakinarazi zuenez, 60 urteko donostiarra gaixo dago; diabetesa, hipertentsioa eta likido-erretentzioa ditu. Azken honen eraginez, oinak asko handitzen zaizkio. Osasun arazo horiek direla-eta, etengabe laguntza medikoa behar du, eta botika jakin batzuk hartu behar ditu bere osasunak okerrera egin ez dezan.

Ziegako baldintzak, halaber, oso gogorrak direla ohartarazi dute. Hasteko, hamabi lagunentzako ziega batean 53 preso daude. Espazio faltaren ondorioz, lurrean egin behar izaten zuen lo Ipiñak; orain bi oheren artean jarritako ohol baten gainean egiten du. Lotan ez dagoen denbora guztia, berriz, zutik eman behar du, «ezinezkoa delako hainbeste jende dagoen lekuan eserita egotea», salatu dute amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek.

Garbitasun baldintzak ere oso eskasak dira. Hala, komunean ez dago komun-ontzirik, zuloak ditu lurrean. Janaria prestatu ere bertan egin behar izaten dute eta dutxarik ez dago, ontzi bat dute garbitzeko. Bertan bizitzeko eskaintzen diren oinarrizko baldintzak muturrekoak izan arren, ziegan izateagatik ordaindu ere egin behar duela salatu dute.

Ondasun askorik ere ezin du eduki. Soilik bi liburu eta dirua eduki ditzake, baina hau guztia soinean eraman behar du presoen artean lapurretak izaten baitira. Hala gertatu izan zaio patiora nahiz medikuarenera zihoanean.

Muntaiaren biktima

Bestalde, Mexikon hainbat pertsona eta eragilek euskal komunitateak bertako agintaritza judizialen eskutik pairatzen duen jazarpena salatzeko manifestua argitaratu dute.

Sinatzaileen artean, Jose Luis Garcia Zalvidea senataria dago, eta testuan diotenez, «Mexikoko Gobernuak euskal aferan zerikusirik izan nahiko balu, konponbidea lortzeko izan beharko luke, ez bidean trabak jartzeko».

Euren aburuz, Ipiña muntaia baten ondorioz espetxeratu zuten. Horregatik, lehenbailehen askatzea exijitu dute. Halaber, euskal komunitateko pertsona orori «edozer gertatuko balitzaio», erantzukizuna agintaritza federalarena izango litzatekeela ohartarazi dute.

KOMUNIKAZIOA

Ipiñak senideekin komunikatzeko oztopo handiak ditu; izan ere, debekatuta du gutunak jaso edo idaztea, eta larunbatean soilik jaso ditzake bisitak. Igandean izanez gero, senideak ordaindu egin behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo