GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Gustau... gustau!»

 

Gaurkoan aitortu behar dizuet lapurretan egin dudala. Markelek etapa baten hasierako zalapartaren ondoren esan zidan: «Zutabe bat idatzi bihar xuat, `gustau... gustau' izenburuarekin». Ihesaldi saiakera horietan saltseatsea nola gustatzen zitzaidan ikusita, barre egiten zidan eta entrenamenduetan ere gure artean sarri errepikatzen den esaldi hau bota zidan. Mendateren bat edo beste igotzen hasi eta pixkanaka-pixkanaka berotzen joaten gara eta bakoitzean azkarrago, gora iritsi orduko topera jartzen gara askotan, elkarri begiratu eta:

- Hik ez al dok ba esan lasai igongo duala?

- Bai, baina... gustau.... gustau!

Kontua da, egur eta eraso festa hori gustatu egiten zaigula, zenbat eta zalaparta handiagoa, nahiago, eta ziur naiz gaurko etapan ere hor ibili dela gure «txantxikua» egurrean. Ea bihar ze kontatzen digun...

Sarri aipatu izan dut politagoak direla etapako lehen kilometroak (ihesaldia antolatu artekoak) azkenak baino, eta gaurkoan ikuskizun ikaragarria ikusi dugu ia 100 km erasoan ikusi baititugu. Hala ere, ezin esan azken kilometroak gutxiagorako izan direnik, eta benetan txalogarria hainbeste kritikatu ditugun txapeldun handiek gaur izan duten jarrera erasokorra. Herenegun aipatzen nuen beldurraren zantzurik ez dute erakutsi gaur, eta hara nolako emaitza lortu duten inor gutxik espero genuen etapan! Lehen ere inoiz aipatu izan dizuet atseden egunaren ondoren nik neuk gorputza ez dudala batere ongi izaten eta egun txarra pasa ohi dudala. Baliteke horren ondorio edo etaparen abiadura eta meteorologia tarteko, baina gaur beste batzuek ere ez dute egun ederra pasa. Sailkapen nagusiaren lehia horretan giroa ederki berotzen hasi zaigularik datozen egunetarako.

Ikaragarri gustatu zait gaurko etapa eta barruan nuen egonezin hori uxatzeko asmoz, arrabolara igo eta izerditu eder bat bota dut neronek ere, nahiz eta ez zaidan batere gustatzen tramankulu hau (besoa lotuta, izerdi patsetan eragin eta eragin eta beti leku berean, aurrera egin ezinik!) Eta ez nuke hitz-aspertuetan gehiegi luzatu nahi, baina, Joseba Beloki erori zen bihurgune hura pasa dudanean gorputza bilduarazi didan zirrara ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Besarkada handi bat bidali nahi diot berari ere!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo