GARA > Idatzia > Mundua

Ginea-Konakryko presidente Alpha Conde onik atera da estatu-kolpe saiakeratik

Ginea-Konakryko presidente Alpha Conde, agintera duela zazpi hilabete iritsi zena, onik atera da militar talde batek bere jauregiaren aurka egin duen erasotik. Estatu kolpea ala abisua?, hori da zalantza. Denborak esango du, agian. Denborak ala herrialdearen historia liskartsuak.

p020_f01_046x060.jpg

GARA |

Conde presidenteak lasai baina erne egoteko eskatu die herritarrei erasoaren ostean telebistan egin duen agerraldian.

Erasoa goizaldeko hiruetan hasi zen Kipe auzoan, presidentearen jauregia dagoen tokian. Presidentea eta bere familiartekoak bertan ziren.

Bi ordu iraun zuen erasoaldiak, eta morteroek eraikuntzaren zati bat erabat suntsitu zuten. Presidentearen bizkartzain bat hil eta beste bi zauritu ziren. Condek berak bere bizkartzainen lana goraipatu zuen.«Ez dut inolako herri-erantzunik nahi, ezta mendekurik ere. Utz iezaiozue Armadari eta ordena indarrei beren lana egiten».

Antzinako metropoliak, alegia, Estatu frantsesak adierazi duenez, ez da estatu-kolpe saiakera izan. «Ohartarazpen bat dirudi, eta, agian, legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzearekin zerikusia izan dezake», azaldu du Eliseoko iturri batek.

Alpha Condek iazko abenduaren 21ean eskuratu zuen boterea, bere aurkariak, hots, Cellou Dalein Diallok porrota onartu ostean. Hala eta guztiz ere, oposizioan dagoenetik, erregimenaren «kutsu autoritarioa gero eta nabarmenagoa» dela salatzen du.

Hauteskundeak sei hilabete barru egitekoak ziren, baina atzeratu egin ditu Gobernuak, errolda berria osatu beharra dagoela argudiatuta.

Militarrak, haserre

Presidenteak Armada eta Polizia erreformatzeari ekin dio, Ginea-Konakryk bere historia laburrean ezagutu duen estatu-kolpe andana kontuan hartuta.

Moussa Keita koronela, Moussa Dadis Camara kolpista zenaren ondokoa, uztailaren 2an atxilotu zuten eta «leku ezkutu batean» dutela salatu dute bere gertukoek. Koronelak trantsizioan ustelkeria izan dela salatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo