GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Gorostizaga Ollobarren | Santurtziko bizilaguna

Gora auzolana!

Herria auzoek osatzen dute, auzoak jendeak osatzen ditu, jendearen lan eta ametsez osatutako auzoak, eta hauek desagertuz gero, herria desagertuko da

Berriz ere autogestio eredu bat arriskuan, berriro ere ametsez betetako proiektu bat desagertzear interes ekonomikoengatik, kapitalismo boterezaleak bultzatuta. Berriz diot gehiagotan gertatu delako, hala nola nire herriko La Kelo gaztetxea eta Mamarigako kultur etxearekin. Oraindik zutik diraute eta zutik iraungo dute. Halere, arriskua hortxe dago, zelatan, herriak noiz huts egingo zain, noiz ahaztuko zain. Baina zelan ahaztu, zelan baztertu bizitza proiektu bat, gure seme-alabentzat nahi dugun etorkizuna, Kukutza gaztetxea bezalako proiektua, auzotik auzoarentzat, esaten den bezala. Auzoaren beharrak nork ezagutzen ote ditu auzotarrek beraiek baino hobeto?

Kukutza auzoari bizia emateko jaio zen, beharrak asetzeko eta autogestioan oinarritutako gizarte eredu berri bat sustatzeko asmoz bestelako interesen aurrean, La Kelok eta kultur etxeak egin duten legez.

Gaur egun, ia-ia herri guztietan merkataritza gune bat topa dezakegu, non jendeak egun osoa ematen duen bertan, sartuta, kontrolpean. Kontrolgune hauen aurrean herri proiektuak daude aisialdia beste era batez kudeatuz, era aske batez, era anitz eta autogestionatuaz. Bilboko Udala eta, noski, Santurtzikoa honen beldur dira. Baina sorreraren zergatia aztertu ordez, erauzi nahi dituzte.

Hauxe da duten funtzionamendua, kontrolpean ez dutena akabatzen dute, herria kontuan hartu barik. Kontrol hau eremu guztietan dago: Pertsonengan, auzoetan, jaietan...

Gure buruaren jabe izan nahi dugu, ez dugu inoren kontrolik nahi, ez dugu behar. Hau da, hain zuzen ere, autogestioa. Errekaldek badaki ondo baino hobeto zer behar duen, baita zer nahi duen ere. Kukutzak auzolana egiten du auzoa ezagutzen baitu, Kukutza Errekalde baita eta honela segitu nahi du, bere buruaren jabe izaten, eskusartzerik gabe, kontrolik gabe. Abestiak dioen bezala, eskuak altxatuz erabakia, eskuak batuz eraikia, ametsetatik errealitatera. Udalak ikusi nahi ez duen errealitate hau txikitu nahi du, lurperatu betiko.

Zelan onartu dezakegu hau? Zelan eman diezaiekegu bizkarra 10 urteko taupadei? Taupadez ari naiz egitasmo hau bizirik dagoelako, eta denon esku dago bizirik jarraitzea.

Herria auzoek osatzen dute, auzoak jendeak osatzen ditu, jendearen lan eta ametsez osatutako auzoak, eta hauek desagertuz gero, herria bera desagertuko da kontrolgune bihurtuz, arima barik. Gure bizitza antolatzeko eskubidea daukagulako, Gora Kukutza, gora Mamarigako kultur etxea eta La Kelo, gora autogestioan oinarritutako egitasmo guztiak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo